Alfons Rodriguez

Artur erregearen arrastoari segika

Kornuallesen bidaiatzen ari zarenean, Artur erregea beti inguruka dabilkizula ematen du. Leku batzuetan, esaterako, Tintagel herriko gazteluan, badirudi elezaharretako pertsonaia aliatu egin dela historiarekin turista aldrak erakartzeko asmoz. Orain bogan dago, gainera, inoiz ez bezala; izan ere, abuztuaren 11n zinema aretoetara iritsiko da mitoa zaharberritzen duen filma, «King Arthur. Legend of the Sword», Guy Ritchieren zuzendaritzapean («Snatch: txerriak eta diamanteak»).

Tintagel, Kornualles (Kernow, kornubieraz) iparraldeko kostan, paisaia dramatiko batek inguratzen du, eta inolako nekerik gabe irudikatu ditugu Artur erregearen zaldunak saxoi inbasoreen aurka gudukan. Gazteluaren aztarnarik apenas geratu da, baina parajean nagusi den berde kolorea, itsaslabar zorrotzak, eskailera tenteak eta Merlinen koba deritzonaren aurka lehertzen den itsasoaren basa ikusita, geure irudimenean xeheki eraiki dezakegu elezaharretako errege haren aroa. Hain zuzen, kondairak dioenez, hementxe bertan izan zen munduratua.

Artur erregeari buruz dakiguna, berez, iturri historikoetatik baino hein handiagoan jaso dugu literaturatik. Pertsonaia hori –diotenez, VI. mendean bizi izan zena– testigantza idatzietan aurrenekoz Geoffrey de Monmouth galesak 1130 eta 1136 urte artean idatzi zuen lanean agertzen da, “Historia Regum Britanniae” kronikan. Hortxe agertzen dira jada Merlin aztiaren eta “Excalibur” ezpataren aipamenak ere, hain zuzen, mitoaren osagai nagusietako bi, baita Tintagel gazteluari buruzkoak ere (kornubieraz, Dintagell).

Kondaira zabalduz joan zen “Bretainiako gaia” deritzon ziklo literarioko liburuei esker. Chretien de Troyes trobadoreak, XII. mendearen amaieran, objektu magiko bat gehitu zion kontakizunari, Grial Santua, eta pertsonaia giltzarri bat ere bai: Lantzelot. Aurreraxeago, beste makina bat literatur lanen bultzadarekin –besteak beste, Thomas Mallory idazleak zerikusi handia izan zuen XV. mendean–, Artur erregearen eta Mahai Biribileko zaldunen mitoa handituz eta handituz joan zen, imajinario kolektiboan errege nonahiko baten irudiarekin kokatzeraino.

Historialariek uste dute Tintagel ez zela gaztelua izan, monasterioa baizik, eta diotenez, ez dute inolako frogarik Artur benetan existitu izan zela esateko. Kornuallesen, ordea, tematuta daude benetakoa dela eta benetakoa dela esaten, eta esan ez ezik, erakutsi ere egiten dituzte berak igaro izandako lekuak. Tintagel herrian, esate baterako, izen bereko gaztelutik gertu, “Excalibur” ezpataren kopiak, Arturren errege koroak eta pertsonaiari buruzko grabatu zaharrak dira salgairik arrakastatsuenak.

Arturrekin edo Arturrik gabe, merezi du Kornuallesera bidaiatzea. Britainia Handiko hegoaldean kokatutako penintsulan ugariak dira gazteluak, mendixka berdeak, sorginduak diruditen basoak, itsaslabar ikusgarriak eta oso antzinako zibilizazioen berri ematen diguten eraikuntza megalitikoak. Ugariak baita ere erakusteko asko duten herrixka xarmagarriak, beti aurkituko dugularik pub bat garagardo pinta ederra hartzeko bertako haragi enpanada tipikoarekin lagunduta (cornish pasty).

Oso kostalde zinemaratua. Artur erregearen kontuarekin axola handirik izan ez, baina maletan zuribide kulturalen bat hartuta bidaiatzea gogoko duenarentzat, Daphne du Maurier (1907-1989) nobelagilea da literaturaren eskutik Kornuallesera bidaiatu nahi dutenentzako beste erreferente esanguratsu bat. Gaur egun ez du irakurle saldorik izango agian, baina entzute handikoak izan ziren haren istorioak, batez ere Hitchcockek hiru nobela zinemaratu ostean (“Rebecca”, “Jamaica Inn” eta “The Birds”). Fowey (Fowydh) herri zoragarrian, hegoaldeko kostan, Daphne du Maurier kultur zentroa dago, eta idazlearen omenez urtero literatur jaialdia egiten dute maiatzean. Bestalde, hor dago “Poldark” telesaila ere, Winston Graham (1908-2003) idazlearen nobeletan oinarritua, eta Kornuallesko meatzeetako kontuak eta lurraldeko jauntxoen eta herri xehearen arteko harremanak dakartza gaurko egunetara.

Artur erregearengana itzulita, Kornuallesera doanak aintzat hartu beharreko beste leku horietako bat da Slaughtersbridge, bataila baten kokaleku izandakoa omen. Errege mitikoari buruzko zentro bat dago bertan, eta lau haizetara zabaltzen dute Arturren semearen izena, Latinus, grabatua duen harri bat aurkitu izana. Beste behin ere ez dakigu egiazkoa ote den ala espekulazio hutsa, baina bertaratzea aitzakia ederra da ibaiertzean paseotxo atsegina egiteko.

Tintageletik abiatuta aitaren batean iritsiko gara (berez, Kornuallesen dena dago nahiko gertu, hain da hain txikia) Rudenbatheko labarretara. Hondartza ederrak daude bertan, itsasertz zoragarri horrek marraztutako lerro malkartsu eta gorabeheratsuan barealdi modukoak. Handik mendebalderantz jota, kostaldeko herri xarmagarri horietako bat dago: St. Ives (kornubieraz, Porth Ia). Kaialdea, etxe txikiak eta harrizko zorua duten kaleak, badirudi neurrira eginda daudela Londrestik iritsitako burgesiarentzat, zeina liluratuta dagoen herrixkako giro artistikoarekin; Tate Gallery itzaltsuak berak ere bulegoa du bertan. Turismoa erakartzeko amu bikaina dira St Ives inguruko hondartzak, baita herria “Monty Python and the Holy Grail” film zoroan agertu izana ere. St Iveseko denda batean, hain zuzen, pegatina bitxi bat aurkitu genuen, Kornualleseko herritarren nortasunaren berri ematen duena argi eta garbi: «I was born cornish by birth, british by accident and english… never!!!» (kornuallestarra naiz jaiotzez, britainiarra halabeharrez, eta ingelesa... ez, hori sekula ez!).

Hegoaldeko kostaldean, Penzance (Pennsans) hiriak ez du ezkutatuko “The Pirates of Penzance” operetaren jokalekua izatearen harrotasuna. Gilber eta Sullivan bikoteak idatzia, oso ospetsua izan zen lana XIX. mendearen amaieran. Hura gogora ekartzeko, ekaineko Golowan jaialdian (udako solstizioarekin lotutako ospakizuna), herritarrek desfilea egiten dute pirataz mozorrotuta. Penzancetik gertu samar, Saint Michael mendia dago (kornubieraz, Karrer Loos yn Koos). Gaztelua eta monasterio daude bertan, eta badu Normandiako Mont Sant Michel izenkidearen antz pixkat bat, bai itxuragatik eta bai historiagatik. Hemen ere itsasaldiek lekuaren edertasuna nabarmentzen dute. James Bond ospetsuaren “Never say never again” filmean agertzearekin ikaragarri handitu zen bere fama.

Land’s End (Pedn an Wlas) lurmuturreraino doan kostaldeari jarraituz, Kornuallesko finisterren, Mousehole (Porthenys) izeneko arrantzale herrixka xarmangarri honen inguruetan ikusgai diren trikuharriak eta harrespilak lagungarriak dira lekuaren antzinatasunaz jabetzeko. Harrespila horietako bati buruz, zehazki, Merry Maidens deitzen dutenari buruz, kondairak dio dantzan egiteko debekua ez betetzeagatik zigortu zituzten neskatila batzuen istorioa dagoela atzean. Betiko dantzan ari diren harri bihurtu zituzten.

Itsasoa amorru biziz lehertzen da haitzen kontra, natura ikaragarri ahaltsua da Land’s End, baina zoritxarrez apur bat zapuztuta dago parke tematiko moduko batekin. Nolanahi ere, instalazio horietatik pixka bat aldentzea nahikoa da bete-betean sumatzeko bai haizearen indarra eta bai haitz horien edertasuna, beren patua saihestu ezinik olatu basatien erauntsiei aurre eginez. Handik gertu, ipar kostaldetik jarraituz, meatze dorre zaharrek gogora ekartzen digute meazuloetako ilunpetan lan egin beste erremediorik ez zutela izan askok eta askok, Kornualles eskualde txiroa izan zen eta. Inguru horretan, Lanyion Quoit edota Men an Toll izeneko trikuharriak aitzakia ezin hobea dira ibilgailua bazterrean utzi eta ibilaldiren bat oinez egiteko, harresiz eta megalitoz jositako paraje eder honetan.

Hego kostaldera itzulita, ehunka bidaiari erakartzen ditu Lizard Point Britainia Handiko muturrik hegoaldekoenak, marka hori duen lekuan argazkia egiteko irrikan. Handik berehala iritsiko gara Loe Bar izeneko hondar barratik gertu dagoen aintzira eder batera, kondairak dioenez, haren uretan dago gordeta “Excalibur” ezpata. Artur erregearen kondaira agertu zaigu beste behin ere, eta esan bezala, ohikoa baino ohikoagoa da Kornuallesen. Fal ibaiaren itsasadarrean, Falmoutheko (Aberfala) portu zabalaren inguruan 20.000 biztanleko hiria eratzen da, zenbait gaztelu eta dorre zaindari dituela sarrera begiratzen. Muturretako batean, Saint Mawes (Lannvowsedh) herriak ere dorre gotortua du, eta horrez gain, itsas aurreko etxe xarmagarriak eta oso giro lasaia eguzkia dizdizka eta itsasoa bare-bare dagoen egunetan.

Eden Project parkea. Antzinakotasuna hain nabarmena den inguruotan, eta Artur erregearen aztarna eta aipamen sarri horiekin kontrajarri samar, Eden Project parke futurista dago, Nicholas Grimshaw arkitektoak diseinatua, natura inspirazio iturritzat hartuta. Kornuallesko beste apustu indartsuetako bat da. 2001ean inauguratu zuten, St Blazey (Lanndreth) hiritik gertu dagoen harrobi zahar batean. Kanpoaldetik begiratu hutsarekin zur eta lur geratuko da bisitaria kupula geodesikoen eite futuristarekin. Horietako batean landare tropikalak, bananondo handiak eta zuhaitz ezin altuagoak hazten dira, ur-jauzi baten ondoan. Eskaileren bidez punturik goreneraino iristeko aukera dago, tenperatura eta hezetasuna neurtzea eta doitzea ahalbidetzen duen goi-ingeniaritzako gailua ikusteko. Ondoko kupulan, baldintza horiek aldatu, eta mediterraneoko landareak agertzen dira, hala nola olibondoak, arteak, pinuak eta abar.

Kornuallesko mugatik oso gertu, baina Somerset konderriko lurretan, Glastonbury izeneko hiria dago, eta hor berriro azaleratu zaigu Artur erregearen espiritua, kasu honetan, musika jaialdi baten oihartzunekin nahastuta. Hirurogeiko urteetan hasi ziren jaialdi hori antolatzen. Glastonburyn badira oraindik garai horretako hippy giroan ainguratuak diruditen dendak eta pertsonaiak, baina belarrak irentsitako abadiaren hondar zoragarrietara bisita egiten badugu, beste zenbait mende atzerago bidaiatuko du gure gogoak. Kondairak dio hemen lurperatuta egon zirela Artur erregearen eta Ginebra emaztearen gorpuak, eta bada leku hau Jose Arimatearekin eta Grial Santu mitikoarekin lotzen duenik ere. Tor dorre enigmatikoak, haize erauntsiek astindutako mendixkaren gorenean jasoak, biribildu egiten du zelten mitologiako kondairen zirkulua, non nahitaez, lehenago ala beranduago, beti agertuko den Artur erregea.