JOKIN URAIN
IRITZIA

Dabilen herria

Etorkizunean gertatuko denaren zain bizitzea, etorkizuna hurbila eta gertakizuna eder irudikatzen dugunean batik bat, atsegina da. Eta atsegina da etorkizuneko gertaera hori prestatzen aritu zarenean batez ere, maila batean edo bestean parte hartzaile sentitu zarenean. Orduan zeurea ere badelako gertaera hori, eta iristen denean bete-betean hartzen zaituen haize bafada da, ez duzu bizitzen albotik igarotzen den trenari begiratzen dionaren axolagabeziaz. Denbora eta bere gertakariak ez baitira beti albotik igarotzean txistua joaz doan tren indiferentea.

1977ko Askatasunaren Ibilaldiak gozoak eta mikatzak izan zituen, eta ez gutxi. Gozo eta mikatz guztiekin, ibilaldi hartan parte hartu zuen edonork gogoan izango ditu egun haiek berrogei urte geroago, eta garai haiek, ez baitziren nolanahikoak. Ibilaldi haren ekile eta gauzatzaile izan izana dute gogoan bertan parte hartu zutenek, eta sentipen horren beroarekin kontatzen dute bizi izandakoa.

Orduko hartatik berrogei urtera abiatu eta burutu nahi genuen ibilaldi hau, Kalera Martxa hau alegia, uztail honen 20an Gernikan abiatu eta zortzi egunen buruan Lakuntzara iristeko, Gernikako lorea paparrean eta etxean nahi ditugun guztiak gogoan. 1977an Aratzuriko zelaietan batuta abestu bazuten ibiltariek, 2017an Lakuntzan, uztail honen 30ean, Hatortxu Rok elkartasun jaialdiak abestuko du «nahikoa da, denak etxera!».

Duela berrogei urteko hartan parte hartu zuten batzuk eta artean jaio gabe zeudenak beste asko, buru-belarri aritu dira, ilusioz eta kezkaz, gogotsu, nekatuta ere bai, Kalera Martxaren prestaketan. Ibilaldia bera tentagarria bada, ez baita gutxiago horren prestaketa. Ehunka jende aritu da Kalera Kalera dinamikan bere sorreratik, eta oraingoan ere bai; ezker abertzaleko militanteen topalekua da Kalera Kalera dinamika, eta euskal preso, errefuxiatu eta deportatu politikoen etxeratzearen alde aritu nahi duen edonorena.

Dabilen harriari goroldiorik ez zaiola egiten dio esaerak. Dabilen herria gara gu, eta ibilian goroldioak eta hautsak astindu nahi ditugu geuregandik, duela berrogei urtekoak eta oraingoak elkarrekin joanaz eta bidea eginaz, denon ahaleginez, dena beharko dugulako, txistua joaz igarotzen den tren indiferentea izan ez dadin denbora.

Eta zuk, Alaitz, nola begiratzen diozu denborari, denbora bera harria bezain soraio bihurtzen den leku horretako leihotik?