Alaia Martin
IRITZIA

Fruitu lehorrak

Zabaldu nahi ez duen pistatxo bat zabaltzen saiatzen ari garenean bezala, bizitzan, saiatzea da garrantzitsuena, galtzaileen gurasoen ahotan. Parte hartzea. Parte hartzean beti onartzen baiitira bi parte, bi aukera; zatitzeko edo biderkatzeko aukerak. Eskola kirolako partiden ondoren eta hauteskundeen biharamunetan antzerako mezuak entzuten dira.

Zaila da ados egon eta hainbana egitea, galtzea zer den eta irabaztea zer zehazten hasitakoan, markagailua norberak erregulatzen du. Markagailuaren emaitza ere norberak arbitra lezake, gertaerek marka edo arrastoa utz diezagukete horren arabera.

Badago haurtzaroan aro bat, zeinetan frustazioa zer den ikasi behar dugun, eta guretutako jostailua eskuetatik nola kentzen diguten bizi behar dugun, hatzak entxufeetatik atera eta izozkia lurretik miazkatzeari utzi.

Badago haurtzaroan aro bat, zeinetan frustrazioa zer den ikasi behar dugun, helduak garenean helduak izateko, eta ez lotuak, zerbaiti helduak. Ez adikzio bihurtzeko eroritako izozkien azukrea, pertsonak jostailuak bezala ez heltzeko, eta segunduroko deskarga elektriko bila ez bizitzeko.

Norberaren eta taldeen prozesu eratzaileetan ere bizi da frustrazioa. Idealizazioak, miopiak eta nekeak elikatzen du normalean, egunean hiru otordu egiten ditu eta lo gutxiko gauak izaten ditu. Onartzen eta berarekin bizitzen ikasiz gero ez da bizilagun txarra frustrazioa. Betaurrekoak alderantziz janzten laguntzen digu. Alderantziz diot, ez sudurrarentzat diseinatutako bihurgunea gorantz jartzen digulako, alderantziz diot, barrura begira jartzen gaituelako, gure desio iraungiei begira. Begiak ixten ez baditugu, begiak zabaltzen laguntzen digu.

Saiatzea da garrantzitsuena. Ez frustratzen saiatzea, eta gero, frustrazioa onartzen saiatzea. Ez da egia saiatuz gero nahi dugun guztia lortzeko gauza garenik. Nik ere landatu nituen bostehun pezeta aitonaren lorontzian, eta ez zen bostehunekondorik sortu. Beste batzuetan, gonbidatu gabe etorri izan zait etxera zortea, luzerako maletekin. Saiatzea da garrantzitsuena, bidean joatea, bidean egitea, bidean izatea. Ez da egia saiatuz gero nahi dugun guztia lor genezakeenik, baina egia da ahalegin guztiak ematen dituztela fruituak.

Fruituak ez dira beti nahi genituzkeenak, edo esperotakoak izaten. Tartean sustraiak usteldu zaizkigulako, arbolaz nahastu garelako edo eroritako izozki iraungiaren azukrera ohituta daukagulako dastamena. Baina fruituak beti datoz, ez melokotoia bezain gozo, urtsu eta aho-ase. Batzutan lehor datoz, lehor-lehor. Baina denbora gehiagorako ematen digute indarra eta zaporea.