GALDER PEREZ
IRITZIA

Zerrautsaren moda

Aititaren tabernarekin egin dut amets. Upategi baten itxura zuten tabernek orduan. Giroko usaina ardoarena eta tabakoarena zen. Guretzat, umeentzat, urteko ardo beltzarena kiratsa zen, jakina. Txapeldun gizonek betetzen zuten barra. Ulertzen ez genituen mozkorren hitzak esanez atximurka egiten ziguten masailetan. Ardoaz gain, garagardo horia baino ez zegoen tabernan aukeran, ez garagardo beltz eta ez alkohol bakorik, ez; horia soilik. Arrautza egosia eta langostinoa ziren pintxoetako osagai exotikoenak. Eta onena, guretzat, umeentzat, zoruko zerrautsa zen, landa belartsuen moduko biguntasuna ematen baitzion. Lurrera eroriz gero, jasotako kolpea ez zen horren gogorra eta, gainera, diban batean bezala etzanda egoteko aukera ematen zuen, bertako edozein mozkorti Freud baino psikoanalista hobea bilakatuz.

Gaurko tabernetako zoru labaingarriek, ordea, jolas parkea dirudite; patinaje etengabean ezeri erreparatzeko moduko abiada bizian bizitzeko toki zuriak. Ispiluz betetako taberna zuriak ikusten dira soilik. Usaina anbientadorearena da, ez upeletatik ateratakoarena. Mila garagardo daude aukeran eta Spotifyko musika zerrenda errepikakorrak giroan. Zerrautsik gabe agerikoa da ezin ezkuta daitekeen garaiotako zikinkeria. Hainbeste miresten den ustezko garbitasuna, zikinkeria, begi bistan geratzen da edonorentzat zerrautsik gabe.

Igande goiz honetan, beste garai batzuen sinbolo bilakatu zait zerrautsa. Hauts horrek zikinkeria ezkutatu eta erraztasunez eskobatzeko aukera ematen zuen. Horregatik, ezkutatzeko balioa zuen hautsa debekatu zuten agintariek. Zerrautsean onddo alergikoak ager daitezkeela dirudi, onddo aluzinogenoak nahi genituen tokian, hain justu. Eta horregatik ezkutatuko zuen gure osasun sistemak tabernetako zerrautsa. Baina higienearen kontua aitzakia baino ez da, benetako arrazoia, beti bezala, politikoa baita: ez dute zerrautsaren gainean dantzatzen duen jenderik nahi.

Orain, zerrautsa abereentzat erabiltzen omen da, hezetasunetik eta hotzetik babesteko. Horrela, abereak behar bezala goxo eta bero gizenduko dira, guk gero tabernetako pintxoetan jan ditzagun, ahoa beteta dugula nora goazen ez dakigula, zoru labaingarrietan patinatzen jarraitzeko.

Zerrautsaren existentzia gogoratzeak nostalgiko jarri nauela dirudi. Egungo tabernak ez hauts eta ez errauts dirudite. Atzo, larunbata, taberna gehiegi bisitatzearen ondorioa izango da. Horregatik, ajearen pentsamenduak eraginda, zuraren zerraketaz lortutako zerrautsa berriz modan jartzeko beharrarekin esnatu gara. Euskal taberna hipermodernoak halakoa behar du izan: zerrautsa lurrean, urteko ardo beltzaren usaina airean eta, plasmakoa ez den telebista marroian, Jai Alaiko finala, eta horren gaineko apustuak taberna giroko elkarrizketa bakar, txapeldun lagunartean.