2017/08/13

JOKIN URAIN
Oinazetan
Zenbat euskal presok etorri behar dute herrira Kepa etorri den bidetik zuen zitalkeria asetzeko? Eta zuek, noiz emango duzue pausoren bat? Noiz erreibindikatu behar dituzue zuen egitateak? Noiz onartu behar duzue eragiten duzuen mina? Zuek noiz egingo duzue besteei eskatzen diezuena? Noiz abiatuko dituzue etorkizuna beste modu batean eraikitzeko urratsak?

Kepa del Hoyo euskal preso politikoa hil da patioan, eta heriotza naturala izan dela sinetsarazi nahi digute naturaletik eta normaletik ezer gutxi daukaten arrazoi moduekin. Beren ardurak besteen bizkar ezarri nahiaren joko zikina da, norbere egitateen ardura estali nahi duenaren larderia eta zinismoa.

Ez da espetxeak erail duen lehen euskal preso politikoa, espetxean eta etxetik hain urrun; zerrenda luzea da jadanik, eta samina handia. Munstro asegaitza da kartzela, eta euskal preso politikoak Euskal Herritik ahalik eta urrutien eramatea eta sakabanatzea erabaki eta egin zutenen zitalkeriak ez du mugarik. Eta politika zital horrek arduradun zehatzak ditu, eta arduradun horiek izenak dituzte, PP, PSOE, EAJ… Euskal presoen osasuna eta bizia xurgatzetik asetzen dira lehen bezala orain; euskal presoen senide eta lagunen osasuna eta bizia xurgatzetik elikatzen dira. Eta urrutiratzearen neurria kilometrotan kalkulatzera jolasten jarraitzen dute, lehen bezala orain, eta lehen bezala orain Euskal Herritik urrun, euren etxeetatik urrun mantendu nahi dituzte euskal presoak sakabanaketaren arduradun horiek.

Etxetik 700 kilometrora zeukaten Kepa, Badajozen: zer pauso eman behar zituen bere herrian egoteko? Presoak eta euren senideak xehatzeko, hiltzeko, oinazea eragiteko politika da sakabanaketa eta urrutiratzea, eta politika horrek senideak eta presoak hiltzen ditu. Keparen heriotza ez baita naturala, kartzelaren eragina ez delako naturala, are gutxiago hogei urtez mantentzen denean eragin hori. Ahalik eta eragin bortitzena izateko diseinatutako politika berezia da euskal presoen sakabanaketa eta urrutiratzea. Eta eragin bortitzak ditu politika horrek. Oinaze handia eragiten du.

Euskal preso politikoei behin eta berriz pausoak eskatzen dizkiezue sakabanaketaren arduradunok: zenbat euskal presok etorri behar dute herrira Kepa etorri den bidetik zuen zitalkeria asetzeko? Eta zuek, noiz emango duzue pausoren bat? Noiz erreibindikatu behar dituzue zuen egitateak? Noiz onartu behar duzue eragiten duzuen mina? Zuek noiz egingo duzue besteei eskatzen diezuena? Noiz abiatuko dituzue etorkizuna beste modu batean eraikitzeko urratsak?

Gorka, Asier, Igor, Iñaki, Mikel, Andoni... Oinazetan ere maite zaituztegu.