Alaia Martin
IRITZIA

Oporrak eta beste fikzio batzuk

Kosta egiten da lana aurkitzea. Udaroko langabezia tasaren jaitsierak kontrakoa pentsatzeko bekain-altxatzeak sortzen baditu ere, kosta egiten da lana aurkitzea. Kosta egiten da lana aurkitzea eta are gehiago kostatzen da amestutako lana aurkitzea, osoagoa eta aseago egiten gaituen lan mota hori. Handiago sentiarazten gaituen lan idealizatu hori, komunitatearen partaideago eta aldi berean berezituago bilakatzen gaituen lan mota hori, topatzea, ez da erraza. Batez ere, nahita eta amestuta ere, zirkinik egiten ez dugunean ametsari oinetakoak jantzi eta lurrera ekartzeko.

Ez da erraza norberaren neurriko lana izatea, eta are zailagoa bihurtu dute, luxu izendatzeraino, lan duina izatea. Bere eskubide, bere lankide talde kohesionatu eta bere hitz hartzerako aukera eta guzti. Jendea lanean hiltzen da eta istripua izan dela esaten dute egunkariek, telebistek eta beheranzko keinuz tristatutako ahoek, baina istripu batzuk aurrez idatzitako heriotza baten kronika izaten dira –eta nire asmoa ez da Gabriel Garcia Marquezi omenaldia egitea–.

Ez da erraza lana aurkitzea, kosta egiten da, eta militantziarako ohiturak hostoz hosto eranzten doazen garaiotan, hostoz hosto janzten ari da lanpostuetako militantzia, beldurraren hazitik langileengan sustraitua. Lanpostu askok bultzatzen dituzten ordaindu gabeko lan ordu, lan beldur, lan sakrifizio eta sakrifikzio zenbatezinen ondoren, asteburuak edo oporrak datozenean, lan estra-bokazional-emaitzarik gabeko-altruistak ez dira hain tentagarriak izaten, eta alde egiten du jendeak –dugu jendeok–, alde, inork aurki ezin gaitzakeen tokira, munduaren behatz txikiko azken azazkalera, urrun, mugikorrak estaldurarik ez duen habitat retronaturalera –wifi askedun arnasguneren bat duten habitatak, noski, deskonektatuta gaudela jakinarazteko baino ez baikara konektatzen–. Ez diezagula inork ezer eska, ez daitezela laneko mezuak iritsi, ez ditzagun gure kezkak maletatik atera, oporrak ahaztezinak izan daitezen. Baina ez ote diren ahazteko hartzen…

Ez da erraza lana aurkitzea, ez eta oporrak aurkitzea ere. Donostiako kaleetan saia zintezke bestela aurkitzen, tarterik baduzu. Ez da erraza oporrak aurkitzea. Oporrek ere euren dekalogoa baitute. Bat, urrun. Bi, ur gardeneko hondartzak. Hiru, lurrindutako lixibaren usaineko edari exotikoak. Lau, urrutiko intxaurrak gerturatu eta hamalau. Bost, beroa dagoen tokira, no frost. Sei, inbidia oporretan ez daudenei. Zazpi, hamar egunekin aski. Zortzigarrena, berraurkitu zure barrena. Bederatzi, Twitterren jan duzuna idatzi. Zein da zure hamarra?