Oihan Jimenez
mercedes-en erreinua amerikako estatu batuetan

Segurtasun-uhala jarri dute Alabaman Trumpen beldurrez

Tuscaloosako biztanleak Trumpen zaleak dira oro har; honek oso erraz irabazi zituen hauteskundeak. Baina Alabamako txoko horretan orain larri dabiltza, enpresariaren politikek kalte handia egin diezaioketelako bertako ekonomiari. Eta beraiei, noski. Duela hogeita bost urte inguru Mercedes-ek bi lantegi ezarri zituen han eta bertako gainbehera geldiarazi, baina presidente berriaren mehatxuek pikutara bidal dezakete eraikitako guztia.

Tuscaloosa Alabama barnealdean dago, AEBetako hego-ekialdean, Bible Belt edo “Bibliaren gerrikoa” deritzonaren bihotzean. Eremu oso kontserbadorea da, ebanjelikoa eta arrazismoak zipriztindua. Biztanleek Donald Trumpen boto-emaileen estereotipoa goitik behera bete lezakete, eta betetzen dute, azken hauteskundeetan %63k haren alde egin baitzuten, eta hala ere, gehienak beraien presidentearen erabakien beldur dira orain. Zergatik? “America First” leloaren ondorioek bertako ekonomia eta ongizatearen oinarria suntsi dezaketelako.

“Mercedes Drive” deitzen diote enpresa alemaniar erraldoiak hiri horretan dituen bi lantegietara doan autobideari. Horietako batean C-Class berlina egiten dute; duela bi hamarkada hasi ziren horrekin eta hauxe da AEBetan oso-osorik fabrikatzen den lehen modeloa. Bigarren lantegian GLE-a, GLE moztua eta GLS-a egiten dituzte, Mercedesek Ipar Amerikan dituen ibilgailurik errentagarrienak.

Egunero, 7.000 lagun inguruk gurutzatzen dituzte bi lantegi horien segurtasun ateak, eta gutxi gorabehera horietako 3.600ek lanaldi osoko enplegua daukate. Horietako bat David Harbin da, Armadan ibilitakoa eta bi haurren aita. 2002an hasi zen Mercedesentzat lanean, eta ez zaio asko kostatzen bertan lan egitearen abantailak zerrendatzea: osasun-estaldura, oftalmologoa, dentista... Berrogeita hamar urteak beteak ditu jadanik Harbinek, astean berrogei ordu lan egiten du, logistika arloan, urtean 50.000 dolarreko soldata dauka, aparteko orduak kontuan hartu gabe, eta badaki oso zaila izango lukeela antzeko lanposturen bat aurkitzea hau bukatuko balitz. Horregatik Washington eta Berlinen arteko ika-mikek arduratzen dute, beldur delako ez ote den merkataritza-gerra batean bukatuko. «Hori oso gogorra izango litzateke», onartzen du AFP agentziari egindako adierazpenetan.


Trumpen mehatxuak ibilgailu alemaniarrei. Egun AEBetako presidente denak Mercedes etxeko limusina bat erabili zuen 2005ean, Palm Beachen, Melania emaztearekin ezkondu zenean egindako zeremonian. Baina duela hilabete batzuk ibilgailu alemaniarren inportazioari %35eko muga-zerga jartzearekin mehatxu egin zuen, beraren ustez horiek handitu egiten dutelako AEBek Alemaniarekin duen defizit komertziala. Horrek bi potentzia ekonomikoen arteko guda abiaraz lezake, eta Mercedesen politika aldatu. «Imajina dezakegu milaka eta milaka lagunek lanpostuak gal ditzaketela, egun batetik bestera eta beste sektoreren batean lana topatzeko zailtasun handiarekin. Sekulako hondamendia litzateke», aipatzen du Tuscaloosako alkate Walter Maddoxek.

Izan ere, 1993an bertan ezarri zenetik, Mercedesek buelta eman zion gainbehera larrian zegoen bertako ekonomiari, neurri oso handi batean ikatzaren ekoizpenari lotuta zegoena eta meatzeen itxierak erabat kolpatu zuena. Ibilgailuen erraldoi europarra heldu eta lantegiak ezarri zituenean jendeak hiritik alde egiteari utzi zion. «Haurra nintzenean mundu guztiak meatzean lan egiten zuen. Mercedesek lan desberdin bat eskaini zuen, meatzearekin zerikusirik ez zuena», nabarmendu du Bo Hicks auzokideak, Druid City Brewing garagardotegiko jabeak. Aipatzen duenez, Mercedesen kontrako balizko zigorrek kalte handia egingo liokete berari eta inguruko beste negozio askori.

Tuscaloosan ezar zedin lekuko agintariek pizgarri fiskalak eta laguntzak eskaini zizkioten Mercedesi, baina trukean jasotakoa askoz gehiago dela uste dute. «Mercedes Alabamako ekonomiaren katalizatzailea izan da», ziurtatzen du estatu horretako Merkataritza idazkaria den Greg Canfieldek. Beraz, argi utzi nahi dio Trumpi «gure bazkide ekonomiko bati kalte egin diezaiokeen erabaki oro, desegokia» dela. Ez du ahazten, gainera, Mercedes bertan ezarri izana konfiantza adierazpentzat hartu zutela inbertsore askok, eta bide beretik nazioarteko diru gehiago heldu zela. Hori guztia ez dute arriskuan jarri nahi.

Oraingoz Trumpen adierazpenek ez diote kalte egin Mercedesi, eta iazko datuekin alderatuta antzeko ibilgailu kopurua saldu du. Iaz, Tuscaloosan 300.000 auto ekoitzi, eta orotara 380.000 saldu zituen AEBetan. Beraz, 80.000 inportatu zituen. «Ia orekan gaude», aipatzen du Jason Hoff enpresako ordezkariak. Taldeak Alabamako lantegiak handitzeko planak ditu, eta 300 lanpostu gehiago sortzekotan omen da. Baina ikusteko dago mehatxuak noraino heltzen diren. Bitartean, Tuscaloosako biztanleak larri daude, hainbeste estimatzen zuten presidenteak egingo duenaren zain.