Maddi Txintxurreta
ehun eguneko bakardadea

Bizitza etetea bizitzaz ohartzeko

Jose Diaz Martinez kaletarra da, baina natura maite du eta mendian beste inon baino hobeto moldatzen da. Iaz, ehun egun eman zituen bakar-bakarrik Asturiasko Redes Parke Naturalean eta egonaldi hari buruzko dokumentala egin du.

Asturiasko Redes Parke Naturala Oviedotik 40 minutura besterik ez dago, baina hain da leku isolatua, gizakiak horren gutxi ukitu eta zanpatutakoa, ezen zibilizaziotik guztiz at dagoen itxura baitu. Pagadiz osatutako basoek estaltzen dituzte bertako zelaiak eta Nalon erreka sigi-sagatsuak ematen die edaten bertako otso, sarrio eta orkatzei. Udazkenak gorritu egiten ditu lizarren hosto lirainak, eta haize bolada bortitzak airean dantzarazten ditu, patuaren bideari jarraiaraziz auskalo noren lurretan erortzeko. Hotza egiten du neguaren atarian, eta zuriz janzten dira Redesko ertz guztiak, baita basakatu iheskorren muturrak ere.

Geometriaren legeekin eraikitako haize-orratzetatik ez da ikusten haizeak nola desegiten dien orrazkera Redesko basoei, nola malgutzen diren eguzki izpiak errekaren ezegonkortasunean. Redes paisaia paregabea da hiriaren anonimotasun hotzaz jabetzeko. Jose Diaz Martinez argazkilari asturiarrak ondo ezagutzen du Parke Naturala. Geratzen diren leku basati gutxitako bat dela dio berak, non bertako fauna «erabateko askatasunean» bizi den. «Badaude herri ezkutu batzuk, non jendeak lurrean kozinatzen duen oraindik eta telebista duela oso gutxi arte ez duten izan. Ezagutzen dut emakume bat hiru aldiz besterik ez dena irten Caleao herrixkatik», dio asturiarrak. Oviedokoa da Diaz, hirikoa. Baina mugikorra izateari uko egiten dio, ez dauka kreditu txartelik ere.

Herny David Thoureauren “Walden” eleberria besapean hartuta murgildu zen iazko irailean Jose Diaz Redesko barrunbeetan, eta orduan ereindakoa ehun egunen buruan jaso zuen: “100 días de soledad” (Wanda natura) dokumentala. Ehun egun bakar-bakarrik igaro zituen Parke Naturaleko egurrezko etxola batean, irailetik abendura, ezein gizakirekin kontakturik izan gabe, mugikorrik eta gailu teknologikorik barik, dokumentala filmatzeko beharrezkoak zituen kamera eta Internetik gabeko ordenagailua salbu.

Pelikula Epaileen Sari Bereziko finalista da Jackson Hole Wildlife International Film Festival (AEB) prestigiotsuan, hau da, «naturari buruzko zinemaren Oscar sarietan». Irabazleak irailaren 28an emango dira jakitera. Dokumentala Gerardo Olivaresekin batera zuzendu du Diezek, eta Jose Maria Moralesek ekoitzi du (Wanda Natura). «Dena ondo ateratzen bada», pelikula Gijongo Zinema Jaialdian proiektatuko dute urrian, eta, geroago, zinema aretoetan.

«Basoko izakia». Bakarrik emandako ehun egun horietan, Diazek udako egun eguzkitsu gutxi batzuk bizi izan zituen irailaren hastapenetan, udazkenaren etorrera gero, bere hostokatze eta euriteekin, eta elurteen hotza azkenik. Naturaren aldaera guztiak grabatu ditu beraz, sarri ibilaldi neketsuak eginez basakatu edo otsoen planoen bila, grabaketa ekipoaren pisua soinean; eguraldia lagun batzuetan, etsai besteetan. Gauero, egunean grabatutako irudiak disko gogor batera pasatzen zituen –zeregin horretan 2 edo 3 ordu ematen zituen–, eta, astelehenero, bere semea joaten zen etxolara disko gogorrak jasotzera eta familiaren eskutitzak uztera. Hori bai, aitarekin sekula kontaktu fisikorik izan gabe.

Porrotak eta garaipenak bizi izan zituen, inguratzen zuten mendiak bezain sentimendu malkartsuak. Zoramenerako bideak itzuri, eguneroko eginbeharretan murgilduta, hala baratzeko patatak jasotzen nola oiloei jaten ematen. «Lanpetuta nengoen beti, eta, hain okupatuta neukan burua, ezen ez baitzitzaizkidan kabitzen pentsamendu txarrak», gogoratu du Diazek. Biziraupenerako bitarteko gutxi batzuk izan ditu lagun argazkilariak; oilategi txiki bat, baratza, errekatxo bat, bi behi, Atila zaldia, erlauntzak eta naturak eskaintzen dituen sendabelarrak jada lehortuta.

Diazen semeek Basoko Izakia ezizenarekin deitzen diote maiz aitari. Berak, Redesen egon zeneko idazkietako batean, zera zioen: «Nire ezizenak gero eta zentzu gehiago dauka. Hau da nire habitata, hemen beste edozein lekutan baino hobeto moldatzen naiz».

Thoureau, Proenneke eta Tessonen gisara, ermitau asturiarrak egiazko biziraupenaren proba gainditu du. Goizak baratzean lanean ematen zituen, eta arratsaldean kamerak hartuta paisaia harrigarriak eta animalia basatiak filmatzera abiatzen zen. Diazek Redesko txoko guztiak ezagutzen ditu, eta ongi baino hobeto daki nondik pasatzen diren otsoak, oreinak nondik ibiltzen diren, zein den toki egokiena egunsentia ikusteko. Horrela, irudi ikaragarriak ehizatu ditu bere kamerekin, basakatua bezalako ugaztun iheskorrak harrapatuz. Hori bai, kamera ekipoak bazuen bere alde txarra, kiloak eta kiloak eraman behar izaten baitzituen bizkarrean Diazek. Ibilaldi luzeak egiten zituenean Atila zaldiarekin joaten zen, animaliaren bizkarrean kamerak kargatuz. Egunetik egunera, baina, ohituz joan zen; gainera, «irudi onak grabatzeko ilusioak» karga arintzen zion.

Fruituak bildu zituen Diezek basoko landareetatik, baratza landu eta bertatik elikatu zen, oiloak zaindu zituen, zaldiari jaten ematen zion... Lurrak eskaintzen duen guztia aprobetxatu zuen argazkilari asturiarrak, eta, modu horretara, bere elikaduraren gehien-gehiengoa lurretik jaso zuen, etxetik eraman zituen lekale batzuk salbu, proteina faltagatik ziplo ez erortzeko. Izan ere, Diezek ez zuen ehizatutako animalien haragirik jan nahi.

Argazkilariarentzat, asteko egun zailena astelehena izaten zen. Astelehenero agertzen zen bere semea grabaketen disko gogorrak jasotzera eta trukean eskutitz batzuk uztera. Semea agertuko zen orduan, Diazek etxolatik urrundu behar zuen, bien artean inolako kontakturik ez izateko. Dokumentaleko alderdi «gogorrena» izan zen: «Nire seme zaharrena gertu zegoela jakitea eta ez ikustea oso zaila izaten zen».

Bestalde, abenturako azkenengo egunak ez ziren lasaiak izan Basoko Izakiarentzat. Bere familia eta lagunekin berriro elkartzeko eguna gero eta hurbilago zegoela, orduan eta urduriago sentitzen zen Diaz. Abenturaren bukaera oso berezia izan zen, neguburuko kontzertuarekin batera egin baitzien harrera familiakoei, ehun egunetako bakardadeari jendez betetako kontzertu batekin bukaera emanez.

Naturaren lagun. Hiritarra ez dago ohituta naturari begietara begiratzera, egin dizkion kalteez lotsatuta delako agian. Diazek natura entzun, begiratu eta ulertu nahi izan du, ingurugiroarekin harmonian biziz. Eta, ehun egunetan bakarrik egon arren, ez da sekula bakarrik sentitu. «Inguruan animaliak dabiltzala jakiteak, eta gauez soinuak entzuteak pentsarazten dizu ez zaudela bakarrik. Supermerkatuan jendez inguratuta banago, orduan bai sentitzen dut bakardadea, ez mendian», nabarmendu du Oviedokoak. Baina, gizakiak garenez gero, harreman sozialen beharra daukagu, eta Diazek animaliekin asetzen zuen behar hori, oiloekin eta Atila zaldiarekin hitz eginez. Zenbaitetan, kamera zuen lagun minena: «Batzuetan kamerarekin haserretzen nintzen, edo, irudi on bat lortzen nuenean, eskertu egiten nion».

Jose Diaz ez da kexu ekaitzak luze irauten badu edo haize boladak gogor jotzen, berak esaten baitu ez duela sekula ezer txarra sentitu naturarengandik. «Egia da momentu gogorrak bizi izan ditudala, baina natura ez da sekula erasokorra izan nirekin», azaldu du. Kontrara, naturak berak ematen zizkion bizitzeko premiazko elikagaiak; intxaurrak, urrak, ahabiak, gaztainak edota sagarrak. Zeruetatik gertu dauden mendietan igaro ditu Diazek ehun egun, eta, agian, horregatik da hain fededuna, zertan sinesten duen esaten ez badu ere. «Ezinezkoa deritzot naturaren konplexutasuna ausazkoa izateari, ziur nago norbait edo zerbait dagoela honen guztiaren atzean», aitortu du.

Luxurik gabeko bizitza. «Argi daukat aurrerapen teknologikoak ez direla zoriontasunerako bide», nabarmendu du dokumentalaren zuzendariak. Bere filosofiaren arabera, gizakiok daukagun ondasunik preziatuena «denbora librea» da; hala, Pepe Mujicarekin bat egiten du, uruguaitarrak esaten duenean gauzek ez dutela dirurik balio, denbora baizik, «zerbait erosteko diru adina izateko erabili behar duzun denbora», alegia. Jose Diaz «ahalik eta gauza gutxien» edukitzen saiatzen da, orduan eta denbora libre gehiago izateko.

Gailu elektronikoek errealitatetik urrundu eta errealitate birtualera hurbiltzen gaituzten garaiotan, Diaz beldur da teknologiek pertsonengan duten abdukzio efektuaz, eta horretatik ihes egin nahi du. Horregatik, astero joaten da Redesko herrixketara, Caleaora kasu, bertako bizilagunekin hitz egin eta hiriko zamak astintzera. «Hona etortzen naiz bertakoekin hitz egitera, eta saiatzen naiz beraien portaerak imitatzen.

Bestela, gizarte honek bere gurpilean harrapatzen zaitu behin eta berriz». Izan ere, Diazen aburuz, «herrietako bizitza» da bizitza jasangarri eta arrazionalaren adibiderik behinena.

Dokumentalaren helburu nagusia da «naturarekiko maitasuna eta errespetua sustatzea». Hori horrela, lurra gizakiaren erabateko hornitzailea dela erakutsi nahi du. «Naturari bizkarra ematen diogu. Antzinako zibilizazio garrantzitsu guztiek natura beneratzen zuten bitartean, guk geuk mespretxatu egiten dugu; lurraz abusatzen dugu eta pentsatzen dugu bere baliagaiak mugagabeak direla», salatu du Jose Diazek. Eta mezu bat utzi du bukatzeko: «Esperientzia honen ostean argi geratu zaidana da edozein pertsonak geldi dezakeela une batez bere bizi estiloa. Niri, etenaldi honek bizitza guztiz ezberdin ikusarazi zidan».