GALDER PEREZ
IRITZIA

Merkatu zahar bat

Urteak dira euskal hiri globalizatu eta gentrifikatuetako merkatuak ustezko aisialdi gastronomikora bideratzen direla. Tomatea eta piperra erosi beharrean, gourmet pintxoa jateko aukera eskaintzen dute, eta arrantzaleek ekarritako txitxarroa edota berdela erosi beharrean, arrainekin ezin hobeto doan sauvignon ala verdejoa edan dezakezu. Eraikinek dotore eta eder izaten jarraitzen dute, hori bai. Donostiako Bretxa, Bilboko Erribera edota Donibane Lohizuneko merkatuak eraikin politak dira benetan.

Deustuko herrian, Luzarra kalean zegoen merkatutxoaren eraikinak, ordea, ez zuen berebiziko edertasunik, 1991n gazte talde batek okupatu zuen arte. Asanblada horrek, gaur arte, Deustuko Gazte Lokala jarri zuen martxan. Eta, orduan bai, merkatu zahar horren edertasuna agerian geratu zen deustuar guztientzat. Guk ere edertasun horren parte izatearen zortea izan genuen. Bertan hasi ginen antzerkian, politika egitea zer den ikasi genuen, maitemindu ginen (pertsonekin eta beste hainbeste gauzarekin), dena antolakuntza eta autogestioaren inguruan. Funtsean eta zentzu askotan, hantxe sortu ginen. Deustuko gazte lokalak 26 urte darama lanean merkatu menperatzaileen esku ez dagoen dinamika zabaltzen. Bilboko Udalak desalojatzeko mehatxua bota duenetik, desagertzeko arriskua du merkatu zahar horrek.

Azken urteetan argi ikusi dugu Bilbon ez dutela lekurik autogestioaren aldeko espazio okupatuek. Nork ez du Kukutza gogoratzen. Gauza bera gertatu da ondoren Errekalden Etxarrirekin, edota Iralan Izarbeltz Ateneoarekin, adibidez. Ereduzko proiektuak Santutxun indartsu jarraitzen du, Karmela, auzoa biziberritzen eta arnasez puzten. Eta zazpi kaleetan zazpi eskaileretan gora dagoen Zazpi Katu gaztetxea, aurten hamar urte bete dituena. Donostiako Kortxoenea ere gogoan, Euskal Herriko beste hiriburuetara joanik autogestioa kristoren martxarekin dabil: Arabari begira Gasteizko Gaztetxeak 30 urte beteko ditu eta Errekaleorrek bizirik jarraitzen du, Iruñeko alde zaharrean hogei urte itxita egon eta gero Rozalejo jauregia auzotarren esku dago, baita uda honetan Donibane Garaziko Zitadelako karrikan crowdfundingari esker irekitako gaztetxea.

Gure herrietan astero egiten direnak bezalako azoken zaleak izan gara euskaldunak beti. Trukea zuten oinarri azoka horiek, baserritar eta bestelako herritarrekin. Gaztetxeek ere hala funtzionatu ohi dute nagusiki, truke kultural, ideologiko-politikoak eta, zergatik ez, sentimentalak bide, gaurko merkatuen logikatik erabat kanpokoak. Izan ere, eta Bilbora bueltan etorrita, bertako merkaturik handiena gaur egun udala bera izango da ziurrenik, eta jakin badakigu hiri honetako agintariek beste mota bateko trukeak egitea gustuko dutela. Elizari boterea bermatuz, esaterako: ez dezala inork jai eremuan Jesusen gainean barre egin, faborez. Eta izenda dezatela bilbotar ospetsu Angel Maria Villar moduko jendea, halakoak omen baitira gaurko merkatuetan lekua izan behar duten pertsonak. Eta merkatu zaharrak, direnak direla, eta lotsa emango baliete lez, itxi ditzatela, desagerrarazi, bizkaitar guztiak Puppyrekin bat museoa ikustera gonbidatzen dituzten bitartean.