GALDER PEREZ
IRITZIA

Odolosteak eta odoluzkiak

Oilar nazio batek beste nazio kume txikia lau paretaren artean giltzapetzea atsegin du. Aspalditik dirudi honek Risk. Gailendu denak bahitutako herriari, eta bertako biztanleei, lasto goxoz betetako ukuilua eskaintzen die. Baina hau ez da Ritz. Bertan loditzen joan daitezen, umeldutako ezkurra ematen die. Etengabeko min. Horrela gintuzten egin. Eta, bai, ukuiluko kiratsera ohitzea zaila bada ere, ohitu ginen. Beharrak behartuta, natural egin zitzaigun ustel usain hura. Min. Ritz. Risk. Kurrin. Baina horrela biziz, are ohikoagoa bihurtu zen kirats horrek eragindako okada mingarria. Latza da, gero, etengabeko botagura horretan bizitzea! Ezin esan kurrin, soilik sentitu min. Bota ala gorde. Hau edo hori. Horia ala gorria. Gorria ala beltza. Beltza ala zuria. Zurekin edo zu gabe. Aukera bi baino ez zeudela ohartu ginen. Bozketa edo inposaketa. Demokrazia ala totalitarismoa. Gerra ala bakea. Aukeratzeko eta erabakitzeko eskubidea. Hari-harian dabilen txerritxo finak erori edo jauzi egin, aukeratu behar du fin.

Bai, berriz ere Orwellen alegoria gurean, oraingoan buruz behera jarria. Oilar dekadente espainola buru izan nahi duen etxolaz ari gara, gu denok txerri bilakatu gintuen hori. Ai, astoari garaiz kasu egin izan bagenio, beste oilar batek egingo liguke kukurruku. Baina, hain justu, kikiriki eta kokoriko egiten duten oilarrak gailendu zitzaizkigun, Catalunyari oilartutako oilar berberak. Harrokeriaz eta indarrez legitimo izan nahi duen ipuinetako erreinuak bere horretan mantendu nahi du guztia, puntu edo komarik ukitu gabe. Horrela bihurtu gintuzten kondaira honen ukuiluko txerritxo: giltzapeturik, nork bere etxea eraikitzeko basora atera gabeko txerrikumeak. Momentuz, baina, zertarako basora joan, otsoa etxolan bertan aspaldi sartu bazitzaigun. Atera dezagun, bada, ukuilutik otsoa. Herria odoloste amaigabea bihurtu aurretik labanadun menperatzailearen erpe zorrotzetik berehala egin behar du ihes. Etengabeko txarriboda pairatzen duten herritarren odoluzkia kontrolik gabe hedatzen joan baino lehen hanka egin, ahalik eta azkarren. Domeinupeko txerritxoak otsoaren eskuetan pairatzen duen zigorra etenik gabeko odol isuria da, kirurgiarik eta bisturirik gabekoa, odol hotzean gertatutako triskantza.

Odolak neba-arreba egin gaitu. Herrien arteko odol gorriak zainak konpartitzen irakasten digu. Eta denok ikusi genuen etxola aspaldi usteltzen ari zela. Arretaz begiratzen genion, batzuek beldurrez, ausartago beste batzuek, eta oso koldar, oilarren lagunek. Horrenbeste begira egon gabe, herriaren ekinez eroriko da. Ez, ordea, otsoak putz egitearen ondorioz, ausartenen adimenaren indarrez baizik. Hori baita benetako sendotasuna. Oilarrari, horrenbeste goizeko kantu etsi egin ostean, aspaldi agortu zitzaion adimena. Oilarra sekula isilduko ez bada ere, eta orduz kanpo abesten jarraitu nahi badu ere, baietz denok bultza eginez bota, segur que tomba! Etxola bota eta erori aurretik, egin dezagun ihes eta kanta dezagun behingoz kurrin. Askatuko gara eta joango gara usteldu gabeko baso handi batera, libre eta zoriontsu izateko behar bezain handi, infinitu eta ederrera.