Andoni Urbistondo
AEB-etako ereserkia eta kirola

Askatasunaren bihurgunean belauniko

Xake partida bat hasi da. Bi protagonistekin: Donald Trump presidente errepublikanoa, bata. Kirol liga handietako kirolari ezagun multzoa, bestea. Borrokan, osagai hauek: adierazpen askatasuna, hitz gordinak, arrazismoa eta «Star-Spangled Banner», AEBetako ereserkia. Kirol ekitaldi askotan entzuten denean errespetuzko mezu sakona sumatzen da. Diskrepantziarik sortzen ez zen une bakarretakoa zen, Colin Kaepernick futbol jokalariak txinparta piztu zuen arte. Belauniko jarri zen, bere ustez beltzen giza eskubideak errespetatzen ez dituen ereserkiaren aurka. Eta sua piztu zen. Askatasunaz harro dagoen herrian belauniko jarri beharraren kontraesanak. Mikel Reparaz kazetariak eta Aitor Zubizarreta eta Lyndra Weaver saskibaloi jokalariek ondo ezagutzen dituzte kontraesan horiek.

Askeen lurrean, ausarten etxean. Hori da AEBetako ereserkiaren azken esaldia. Bertakoen oihu eta txalo zaparrada handiena eragiten duena. Hala sentitzen dira munduari buelta ematen dion iskanbila honen egileak: askeak, euren lurrean, eta ausartak euren etxean. Askeak baitira sentitzen dutena esateko, eta ausartak izan behar, esaten dutena esateko. Ariketa erraz bat. Noiz ikusi da 320 milioi biztanle dituen nazio bateko presidente bat diru asko irabazten duten kirolari profesionalei son of the bitch, alegia, putaseme, deitzen? Txanponaren beste aldean, kirolari ezagun bat, kasu honetan LeBron James NBAko izarra. Bum esan zion Trump-i, alproja edo alferra ingelesez, Twitter sare sozialean.

Stephen Curry Golden State Warriors taldeko jokalari ezagunak esandakoen segida izan zen. Trump presidenteak, Etxe Zuriak, NBAko txapeldunari harrera egiten dio urtero irailean. Sinbolismo handiko ekitaldia izan ohi da. Curryk ez zuela joan nahi esan zuen publikoki. Naturaltasunez. «Ez dut joan nahi. Nik tolerantziarekin marra bat jartzen dut. Nire herriko presidenteak ez du marra hori errespetatzen. Kito». Trumpek, haserre, gonbidapena bertan behera utzi zuen, berehala. LeBron James-ek, gonbidatuek ezezkoa eman ondoren gonbidapen hori bertan behera uztea txorakeria zela leporatu zion presidenteari, bum hitza erabiliz.

Jakina, Trump ez zen isilik geratu. Bero-bero, Alabamako ekitaldi politiko batean barrenak hustu zituen. Bere oinarri sozialaren, zuri supremazisten aurrean hitz itsusiak esan zituen ereserkia entzutean belauniko jarri eta protesta egiten zutenen aurka: «Errespetua eduki behar zaio ereserkiari. Belaunikatzen bazara, ez duzu errespetatzen. Arrazakeria ez dudala borrokatzen diote. Gezurra», bota zuen. Konforme ez, eta NFL futbol ligako jabe eta kirol zuzendariei eskaera zuzena egin zien: «Lanik gabe utz itzazue ereserkiari errespeturik erakusten ez dioten jokalariak». Aurrean zuen parrokia guztiari ere belaunikatzen ziren jokalarien taldeen partidetara ez joateko eskatu zuen, partidetara jenderik joaten ez zela ikusita ikasiko zutela protesta egileek ereserkia errespetatzen.

Kontrako efektua lortu zuen. NFLko jabe eta kirol zuzendari gehienek jokalari beltzen aldarrikapenak babestu zituzten, eta esan gabe, arrazakeria egon badagoela onartu. Bereziki deigarria izan zen Dallas Cowboys taldearen ekintza, Jerry Jones jabeak gidatuta. Ereserkia hasi baino lehen, jokalariekin elkartu zen eta elkarri besotik helduta belaunikatu egin ziren, 10-15 segundoz, ereserkia hasterako jaiki eta jarrera normala hartzeko, Jones jabea guztien erdian zegoela. Jones errepublikano petoa da, eta Trump presidentegai izateko aurkeztu zenean milioi bat dolarreko donazioa egin zuen egun presidentea den hautagaiaren kanpainan. Jokalari beltzen eskakizunen aurrean belaunikatu egin zela leporatu zioten zuri supremazistek, baina kritikak kritika, keinu horrek munduari buelta eman zion, eta babes handia eman jokalari beltzen aldarrikapenei.

Lekuko zuzenak. AEBetako gizartea eta politika ondo ezagutzen dituzte Mikel Reparaz, Lyndra Weaver eta Aitor Zubizarretak. Reparazek bost urte daramatza EITBren korrespontsal lanetan New Yorken, eta ondo ezagutzen du Trump eta bere politika. «Bere hitzek beti dute helburu jakin bat. Colin Kaepernick-en inguruan esan zituenak oso harrera txarra izan du jendartearen esparru txiki batean, baina berak ‘bere jendea’ kontsideratzen duen esparruan, aldiz, oso harrera ona. Bere hitzak estrategia baten parte dira. 2018an legegintzarako hauteskundeak izango dira AEBetan, eta horri begira dago Trump dagoeneko. Agenda mediatikoa baldintzatzeko gaitasun handia du, eta berak nahi duen kontuez hitz egitea lortzen du».

Iritzi berekoa da Lyndra Weaver IDK Gipuzkoako saskibaloi jokalaria. Washington DCn jaiotakoa da, eta Donostiatik ere gertutik jarraitzen du bere herriko aktualitatea. «Trump manipulatzaile ona da», dio. «Esaten duen guztiak du arrazoi jakin bat. Afroamerikar jendea ‘putaseme’ bezala definitzen duenean norentzat hizketan ari den pentsatzen du: supremazista sentitzen den jende zuriarentzat. Esaten duen guztia oso ondo neurtua du».

Aitor Zubizarreta azpeitiarra da, baina azken lau urteak AEBetan egin ditu. Bi urte Portlanden, Oregon estatuan, eta azken biak Boisen, Idahon, bertako Coyotes saskibaloi taldean jokatzen. Politikoki arrunt ezberdinak diren bi estatu: «Trumpek jarraitzaile asko ditu Idahon. Ez denak, halere. Boise hiriburuko alkatea, euskalduna bera, ez da haren jarraitzailea». Idaho nekazaritza gunea dela dio; «urte asko bizimodu berbera egiten daraman jendea da han gehiengo. Ideia finkoko herritarrak, eta horiek errepublikanoak eta Trumpen aldekoak dira, AEBetan redneck esaten zaienak, izaera kontserbadoreko jendea (lepo gorriak, soroetan eguzkitan ordu luzez lanean aritzen zirelako)».

Trump-en ahoberokeriaz iritzi hau dauka Reparazek: «Aspaldi galdu zuen duintasuna. Publizitate ona edo txarra izan, beti hor egon beharra dagoela daki. Show business-ean zaildutako pertsona da. Lider ezberdina. Euskal Herrian politikoki zuzenak diren agintariekin gaude ohituta, baina Trump ez da horrelakoa. Kontziente da bere esanekin jende asko mintzen duela: LGTB elkarteetako jendea, beltzak, hispanoak eta beste, baina bere oinarri soziala herritar kontserbadoreak eta zuriak dira, eta horiek txalotu egiten dituzte Trumpen hitzak. Nazioaren banderari errespetua eskatzea, kirolari zenbaiti ‘putaseme’ esan izana zehatz aztertutako komunikazio politika baten ondorioa da».

Gordinago mintzatu da Weaver: «Trump arlote bat da, gizajo bat (ass hole hitza erabili du). Amerika txantxa bat bezala ikusten duela esango nuke, demokrazia bat baino gehiago, eta ez luke Etxe Zurian egon behar. Presidente batek ezin du bere herrikideak ‘putasemeak’ direla esan bereak ez diren sinesmenak dituztelako. Hori errespetu falta latza da. Puerto Ricotik urakana pasatu eta hango biztanleekin izan duen jarrera traketsa ikusi besterik ez dago zer nolako presidentea dugun ohartzeko. Bertako herritarrak alferrak zirela esan zuen».

Bai Reparazek, baita Weaverrek ere, politika egiteko modu bat nabarmentzen dute: dog-whistle politic delakoa (zakurren txilibitu politika). Kode hizkuntza bat da, non jendearen gehiengoak mezu jakin bat ulertzen duen, baina eragina eduki nahi den gizarteko jende esparru jakin batentzat bestelako esanahia duen. «Txakurrek entzumen berezia dute, gizakiok entzuten ez ditugun gauzak, frekuentziak entzuteko. Hortik dator komunikazio eredu hori. Trump arrazakeriaren, Poliziaren oldarkortasunaren aurka ere mintzatzen da, baina adierazpen berean, bere oinarri sozialari zuzendutako mezua ere helarazten du, herritar zuri eta supremazista horren babesa mantentzeko. Mezu ezkutu hori da, bide batez, jendearen gehiengoak jaso edo barneratzen ez duena».

Arrazakeria, arazo estrukturala. Etengabeak dira AEBetan barrena, han eta hemen arraza kontuengatik gertatzen diren liskarrak, Poliziaren gehiegikeriak. Reparaz, Weaver eta Zubizarretak arrazakeria egon badagoela baieztatzen dute. Reparazen hausnarketa: «Arrazismoa, egon, badago. Eta beltzek pairatzen dute. Hainbesteraino, non nire ustez herrialde honetako gizartearen arazo estrukturala den. Eta arazo handia. Hor dago, eta hor iraungo du». Weaverrek oso gordin azaltzen du egoera: «Gure gizartean arraza diskriminazioa sistematikoa da, eta hori salatzeko protesta izan zen Kaepernick eta besteena. Orain, presidente bat neonaziak jende ona direla esaten entzuten duzu, beraien ideiak balekoak direla... pentsaera arrazista daukan jendeari ahotsa ematen ari zaiola uste dut. Zuriek manifestazio edo ekintza arrazista bat egin, eta ondo egiten ari direla dioen presidente bat dugu. Horrek antzera jokatzen segitzeko indarra ematen dio jende horri».

Aitor Zubizarretak ere gertutik ezagutzen du arrazakeria, zurien jarrera beltzekiko: «Trumpek irabazi zuenean, unibertsitateko saskibaloi taldean bilera bat egin genuen, taldean jokalari beltzak eta Idahoko zuriak zeudelako. Zuri batzuk ‘Make America Great Again’ kamisetarekin azaldu ziren bilerara (“Egin Amerika handi berriz”), baina kamiseta hori eramatea debekatu zieten. Zuriek nahiko jarrera oldarkorra edukitzen zuten. Ereserkia partida askotan jartzen zuten, eta aurkarien taldeko jokalari beltz zenbait belaunikatzen zirenean taldekide batzuk barrezka-eta hasten ziren. Gogorra izan zen, europarrak ez gaudelako halako egoeratara ohituta, eta nik nire taldekide beltzak izorratuta ikusten nituelako».

Protesta ekintzek indarrean diraute, baina kirol liga handietako administratzaileak kirolariei mugak jartzen hasi dira. Belauniko jarriz gero isunak jasotzeko mehatxua egin ostean, kirol izarrek idatzi gabeko akordioa lortu dute, eta belauniko ez jartzearen truke, bestelako protesta neurriak egiteko baimena lortu dute. Reparazen ustez, protesta baten zentzua bertan behera geratzen da adostasuna lortzen denean, «desobedientziak bere zentzua galtzen du, eta egoera ez da gehiegi luzatuko». Diskrepantzia, Weaverrena: «NFL, baseball edo NBAko kirolariak izarrak dira, eta egun batean esan dezakete: ez dugu jokatuko. Botere handia da hori, erabaki hori hartuz gero ligarik ez delako egongo. Kirolariak honako mezua ematen ari dira: ez gaude gure banderaren aurka, gure ereserkiaren aurka, gure herria maite dugu, baina beltzen aurkako polizia-indarkeriaren aurka gaude. Jabeak eta kirol arduradunek jokalarien muturreko neurriak saihesten ahaleginduko dira, eta protestek jarraitu egingo dutelakoan nago. Arrazakeria ez delako desagertuko».

Beste irtenbide bat ere ematen du Weaverrek: «Estatubatuarrok bideren bat topatzea Trump etxera bidaltzeko. Ez zait axola nola. Ni Washington DCkoa naiz, eta batzuetan ez naiz seguru sentitzen. Pentsa zer pentsa dezakeen Alabaman edo Tennessen bizi den pertsona beltz batek».