amagoia mujika
IRITZIA

Pausoa atzera

Alboko probagelan sumatu ditut. «Kamiseta hau gustatzen?». «Hori janzten ez dizut utziko ezta erotuta ere». Gazteak dira, oso gazteak. Hogei urte edo gutxiago. Mutilak bere eskua neskaren galtzetako patrikan sartuta darama. Handik gidatuko balu bezala. Berak erabakitzen du nola janzten den.

Berrogeita hamar urte daramate ezkonduta. Kafeina gabeko kafesnea hartzen dute arratsaldero, sakarinarekin. Kafetegiko emakumeak, baina, azukrea jartzen die arratsaldero. «Tipa honek tuntuna ematen du. Egunero berdina egiten du», haserre gizonezkoa. «Ez duzu pentsatuko inguruko emakume guztiok zure mania eta ohitura guztiak ezagutu behar ditugunik, ezta?», emakumeak. «Emakume denak igualak zarete, tuntunak», haserreago gizonak. Etxean emazteak beti sakarina jartzen dio mahaiaren gainean. Senarrak, baina, ez daki zehatz ze armairutan egoten den.

Hogei urte daramate elkarrekin eta gaur goizean esan dio banandu egin nahi duela, ez dagoela gustura, ez dela zoriontsua. «Seme-alabak koskortu dira, ja ez dira txikiak». Azkenean ausartu da esatera, baina orain erabat ikaratuta dago. «Seguru baduzula besteren bat. Zuk bakarrik zer egin behar duzu ba bizitza honetan?». Berak, dardarka, ahizpari deitu dio, «joan gaitezke neska-mutikoak eta ni zure etxera lotara?».

Matxismoak inguratuta bizi gara. Hobeto esanda, matxismoan bizi gara. Nola jantzi, nola mugitu, nola hitz egin, nola maitatu, nola borrokatu, nola haserretu, nola sufritu, nola zaindu, nola barre egin, nola defendatu... Hamaika mandatu jasotzen ditugu ume-umetatik, batzuk oso nabarmenak, besteak ezkutuagoak.

Baina, batzuetan, emakume batek nahikoa dela erabakitzen du. Hogei urte inguruko neskak erabakitzen du antzarak ferratzera bidaliko duela tipo hori, nazkatu dela. Berak erabakiko duela zer jantzi eta norekin ibili. Hirurogeita hamar urteak gertu dituen emakumeak planto egiten du. Gaur ez du gatzik gabeko bazkaririk prestatu eta gimnasiara joan da lagunekin. Berrogei urteak pasatu berri dituen emakumeak erabakitzen du badela bere burua maitatzen eta zaintzen hasteko garaia.

Eta? Orain arte bere pribilegioekin gustura bizi zenak zer egiten du?

Emakume bati barruan zeozer mugitu, eta pauso bat aurrera ematen duenean, bere bizitzaren ardura osoa hartzea erabakitzen duenean, zapaltzen duen lurra bera mugitu egiten da. Ordura arte gainetik izan duen gizonezkoak ere mugitu egin behar du, pauso bat atzera eman behar du. Bere pribilegiozko aulki dotore horretatik jaisteko ordua da, ez dago beste aukerarik. Iruditzen zait, baina, gizonezko askok eta askok ez dakitela oraindik pausoa atzera ematen.