2017/12/03

Erreportajea
DURANGOKO AZOKA
Hamaika plan, egunari probetxua ateratzeko

Goizean goiz mugitu eta eguerdia baino lehen egiten dute askok Azokara bisita. Egun-pasa egiteko asmotan bertaratzen direnentzat Durango eta inguruetan egin daitezkeen planak jaso nahi izan ditugu orriotan. Orotarikoak bildu ditugu: bakarrik edo taldean egitekoak; natura edota kultura eta ondarea ezagutzea gustuko dutenei bideratutakoak; eguna jan eta edan eman nahi dutenei gustatuko zaizkienak... Liburu eta diskoen Azoka ez ezik, Durango eta inguruetako herri eta parajeen azoka ere badelako egun hauetan.

Maider Eizmendi - Amaia Ereñaga
984_30global

1. Nafarroako erresumaren aztarnak bilatzen. Eta, hemen gaudela aprobetxatuz, gure historian txango bat egingo bagenu? Lehenengo Tabirako elizara joan gaitezke (argazkian), txoko eder honetan sortu zelako Durango. Historiagileak ez dira ados jartzen, eta data zehatzik jarri ezean, Antso VI.a Jakitunaren (1154-1194) eta Azkarraren (1194-1234) arteko garaian kokatzen da herriaren sorrera. Dena den, bere hastapenetik, Durangaldeko merindadea Iruñeko eta gero Nafarroako erreinuaren“orbita”-ren barnean egon zen, Garcia de Najerak 1501ean sinatutako agiri batek egiaztatzen duenez. Erdi Aroko garai hartan lau hiribilduk eta hamabi elizpek osatzen zuten konderria, batzarrak Gerediagan (Abadiñon) egiten zituztelarik. Abadiñon bertan kokatzen da Muntsaratz auzoa, non, kondairaren arabera, Urraka erreginaren alabari deabruak agertzen zaizkion anaia akabatu zuelako. Nafarroako azken mugarria Etxanon zegoen, Zornotzako auzo txiki eta dotorean.

 

2. Haurrekin Arrazolako bide berdea ezagutzen. Errotabarriko meatzeetara zama garraiatzen zuen tren zaharra, “Aurrera” lurrunezko tren-makina aurrean zeramala, Arrazola ibaiaren parean behera jaisten zen, Apatamonasterioko erdiguneraino. Gaur egun ez da halako lanik eta orduko trenaren bidea aisialdirako gune ezin hobea bilakatu da. Bost kilometro luze dituen ibilbidea, laua da eta inguruko paisaia ederraz gozatzeko aukera eskaintzen du. Familian egiteko aproposa da, beraz. Apatamonasterion autoa utzita abiatzea da egokiena eta ibaiaren ibilbideari jarraika osatzea. Iturriak, atseden hartzeko eta jolaserako guneak... Eguraldi ona eginez gero paregabeko ibilbidea da, Arrazola auzotik gertu igaro eta Errotabarriko geltoki zaharreraino (“Tope” ere esten diote) iristen dena. Bidean mokadutxo bat egiteko taberna pare bat ere badaude.

3. Artisau azokan Gabonetako opariak erosten. Arbasok, Euskal Herriko Artisautza Tradizionala Sustatzeko Elkarteak, antolatuta eta Durangoko Merkatu plazan leku hartuta, 22. urtez egingo dute Azokaren epelari probetxua aterata Euskal Denda. Euskal Herriko txoko askotako artisauak bertaratzen dira euren lanak erakustera. Harria, papera, egurra, beira… erabilita artisauek osatutako piezak dituzte bisitariek ikusgai eta salgai. Gainera, bisitariei beren lan jarduna erakusteko tailerrak ere antolatzen dituzte. Jakiak ere izaten dira azokako standetan: ekoizle txikien gaztak, gozoak... Eguberrietako jaiak ate joka direla, bertaratzen denak aukera ezin hobea du oparien erosketa aurreratu eta artisau-eran osatutako pieza berezi eta bakarrak eskuratzeko.

4. Ibilbide audiogidatuak egiten. Durangoko Turismo Bulegoan lanez leporaino izaten dira egun hauetan; izan ere, herria bisitariei inoiz ez bezala erakusteko aukera izaten dute. Eskaintza oparoa dute, proposamen ugarikoa. Herria eta ondarea ezagutzeko, historiaz eta istorioz betetako paseo audiogidatuak proposatzen dituzte, esaterako, euskaraz, gaztelaniaz, katalanez, ingelesez, frantsesez edota alemanez egin daitezkeenak. Herrian barna paseatzen duen bitartean zerbitzu hau erreserbatzen duenak iraganean murgiltzeko aukera izango du banaka edota familian euro baten truke. Nork bere erara egiteko moduko ibilbidea da, edozein unetan atsedenaldi bat hartu eta mokadutxo bat egiteko aukera ere eskaintzen duena. Erreserba aurretik egitea komeni da, Turismo Bulegoarekin harremanetan jarrita ( 94 603 39 38 / turismo@durango-udala.net).

5. Joseba Sarrionandiaren inguruak. Iurreta munduko mapan jarri duelako seme kutun izendatu du orain gutxi Bizkaiko herri honek Joseba Sarrionandia. Iurreta herria delako, eta ez, askok uste duten bezala, Durangoko auzo bat. Beraz, Durangoko autobidearen irteera non dago? Iurretan! Geografia “ikasketa” txiki onen ondoren –durangarrek ez dezatela gaizki hartu–, Azokako egunetan toki lasaiagoetara joateko gonbita egin nahi dizuegu, Garai herrixkara eta Goiurira, Iurretako auzoa dena. Garaiko baserri batean jaio zen Pedro Hilarion Sarrionandia (1865-1913), Rif-eko amazigera hizkuntzaren lehen gramatikaren egilea eta Joseba Sarrionandiaren “Moroak gara behelaino artean?”-eko protagonista. Garain ere Etxeitako artea aurkituko dugu (19 metroko diametroko zuhaitza) eta San Juan Momoitioko baseliza eta nekropoli garrantzitsua. Bai Garai bai Goiuriko jatetxeek, gainera, betidanik sona handia izan dute inguruetan; horrez gain, bertan aurrez aurre dauden ikuspegi panoramikoek, Anboto, Mugarra eta Durangaldeko mendienek, merezi dute honaino bertaratzea.

6. Urdailari gozatu eder bat emanez. Ez, hau ez da proposamen berritzailea. Jateko eskaintza zabala da eta, antza, eskaria ere bai, Durangoko taberna eta jatetxeek lepo egiten dutelako lan egun hauetan; besteak beste, Intxaurrondo kalean kokatua dagoen Intxaurre tabernan; ogitarteko bat jan nahi duenak aukera ezin hobea du bertan. Hainbat sariketatan garaile izan diren pintxoak nahi dituztenek Kobika jatetxera deitu eta aldez aurretik lekua hartu beharko dute (irudian, tabernako pintxoetako bat). Durangon ez ezik, inguruko herrietan ere badira aukera onak: etxeko eran kozinatutako platerak Abadiñoko Abarkateruena jatetxean; parrilan erretako haragi ederra nahi dutenentzat, Iurretako Goiuria auzoko Ikuspegi jatetxea; asteburuetako eta jaiegunetako menua nahi duenak, Kanbio jatetxea Euban... Hauek batzuk baino ez dira, inguruan egun hauetan urdaila goxatzeko ia liburuak erosteko adina aukera baita!

7. Azokaren bueltan antolatzen diren mobilizazioetan. Itxura desberdina hartuta agian, baina urtero mobilizazio zenbait egiten dira Azokaren bueltan. Ohikoa da, esaterako, Independentistak sareak abenduaren 6an egiten duen manifestazioa. Presoen eskubideen aldeko ekimenak ere tartea izan ohi du. Baina bestelakoak ere badira; izan ere, herriko eragile zenbaitek jakin badakite euren aldarrikapenak ezagutarazteko primerako erakusleihoa dela, gutxitan dutelako, seguru asko, horrenbeste jenderen joan-etorria herriko kaleetan. Hori hala, abenduaren 6tik 10era bitartean antolatuko diren ekimenak ezagutu eta horietan parte hartzea ere aukeran dute bertaratutakoek.

8. Inguruko mendi bazterrak ezagutzen. Mendiz eta haitzez inguratutako bailaran dago Durango eta, hori dela eta, naturazalea denak nahi adina ibilbide eta plan topatuko ditu inguruan. Anboto da, zalantzarik gabe, bertako askorentzat erreferentziazko mendia, hark zaintzen duelako gain-gainetik bailara, baina tontorrez betea dago ingurua: Alluitz (1.034 m), Untzillatx (941 m), Udalatx (1.120 m), Mugarra (969 m), Astxiki (791 m)... Nork bere ahalmenen eta ibilbidea osatzeko gorde duen denbora tartearen arabera, bat edo beste aukeratu daiteke. Gainerakoan, autoz San Antonio santutegira igo eta Saibi (946) aldera oinezko ibilbidea osatzeko aukera ere bada. Arropa erosoa eta mendirako aproposak diren oinetakoak hartuta azokara bertaratzea baino ez duzu!

9. Goienkalen galduta. Ezin da esan proposamen berritzailea denik. Durangon izan den edonork daki Landakon adina jende batzen dela Azoka egunetan Durangoko erdiguneko tabernetan. Baina agian, izango da aurten lehenengoz joango denik eta horiei doakie plan hau: Liburu eta diskoak ikusi eta erosi ostean, bisitariak bizkor abiatzen dira alde zaharrerantz. Bertako tabernak urteko egunik sasoikoenak bizi dituzte; izan ere, Azokak irauten duen bitartean Durangoko jaietan adina aukera eta zalaparta izaten da.

10. Elorrioko Buzkantz Jaian. Datorren ostiral, larunbat eta igandean Buzkantz Jaia ospatuko dute beste urte batez Elorrion, jaki honen bueltan makina bat ekimen antolatuta. Ostiralean, odoloste txapelketa eta lau odolki finalistak probatzeko herri dastaketa egingo dira eguerdian herri elkarteetan. Baina urdaila goxatzeko bestelako aukerarik ere bada; izan ere, hiru egunetan Pintxo-Bira antolatu dute herriko tarbena hainbatetan. Gustatu egin behar, baina egiten dituzten pintxoen itxura ikusita, odolostea maite duenak Durangotik Elorriora dagoen distantzia ez egiteko aitzakiarik ez du.

11. Herriko denden erakusleihoei begira. Agian ez dute nahi beste salduko, baina Durangoko denda askok jakin badakite egun hauetan adina jende ez dutela izango urteko beste sasoi batzuetan herriko erakusleihoen parean. Ate joka datozen Eguberri jaietako opariak erosteko edota gutxi gorabehera erabakitzeko baliatzen dituzte egun hauek herritarrek eta bisitariek eta dendek dotore atontzen  dituzte erakusleihoak. Eskaintza oparoa duten denda txiki eta berezi asko pilatzen dira Durangoko kaleetan eta horiei begiratutxo bat eginez kalean gora eta behera ibiltzea da beste aukera bat.