2017/12/03

Erreportajea
 
Uztaren zertzelada batzuk

400 nobedade inguru, horrela banatuta: 257 liburu, 92 disko, 19 aldizkari, bost bideo eta beste mota bateko 27 produktu. 129 parte-hartzaile, 240 stand... Durangoko Azokak eskaintzen duena laburbiltzea urteroko buruhaustea bihurtzen zaigu, dena ikusi, ukitu, dastatu eta entzun nahi izango genuelako. Orrialde hauetan ez dituzue nobedade guztiak aurkituko, baina bai aurtengo kultur uztaren arrasto fidagarri batzuk.

Amaia Ereñaga
984_gomendios
Loading player...

Infrasoinuak  Berri Txarrak • Only In Dreams • Diskoa

Hirukoteak estudioan grabatu duen bederatzigarren diskoa Bill Stevensonek eta Jason Livermorek (Black Flag, Descendents, Lemonheads) ekoitzi dute, Blasting Room estudioetan zehazki (Colorado, AEBetan). Tituluan aipatutako infrasoinuak ikusi nahi ez ditugun alarma gorriak dira: «Iritsi ahala baztertzen ditugun ahaireak dira, zarata estonagarriaren azpian entzun ditzakegun doinuak». Gorka Urbizuk eta konpainiak “Denbora da poligrafo bakarra” berritzailearen arrakasta berretsiko dutela dirudi.

 

Elurra ikusi dut   Xabier Lete • Elkar • Poesia

Xabier Lete, azken mende erdiko euskaldun guztion oroimen sentimentalean sakonkien sartu den poeta izan liteke eta hala ere, neurri handi batean poeta ezezaguna dela esan liteke, berak bere liburuei garrantzi handirik eman ez zielako, eta kanten interpretazio indartsuen artean paper hutsezko testuak itzali antzean geratu direlako. Koldo Izagirrek prestatu duen antologia honetan poemarik esanguratsuenak hautatu ditu eta baita bere lanen artean balio poetikorik handiena dutenak ere.

 

Jenisjoplin  Uxue Alberdi • Susa • Eleberria

Nagore Vargasen bizitza jarraitzen du eleberri honek, bere aitarengatik Jenisjoplin ezizena duena. Gaztaroa intentsitate handiz bizi izan dutenen grinarekin borrokatzera ohitua dago, edozertarako prest. Kontakizuna 2010eko irailean kokatzen da, Artxandan. Nagorek 28 urte ditu eta Libre irratiko beste hiru lagunekin dago. Polizia atzetik dutela susmatzen dute, irratia itxi eta beraiek preso hartzeko prest. Idazle eta bertsolari elgoibartarrak lau urteren buruan helduen literaturara itzulera dugu.

 

Loading player...

Anita Parker  Anita Parker • Mauka • Diskoa

Anita Parker izen misteriotsuaren atzean Gose taldeko Iñaki Bengoa eta Jon Zubiaga Osoron arrasatearrak daude, eta beraiekin batera Skalariak taldeko sortzaile Olatz Andueza lakuntzarra eta Zango taldeko Ane Martinez bilbotarra. Sei kanta batu dituzte estreinako disko honetarako eta beste horrenbeste gorde dituzte zuzenekoetara joaten direnentzat. Lehen lan hau oso jostalaria gauzatu nahi izan dute, Anita Parkerren doinuak swingez bustitako musika alai eta jai girokoa baita.

 

Caliban eta sorgina  Silvia Federici • Elkar eta Jakin • Saiakera

Gure artean orain dela gutxi izan den Silvia Federici idazle, irakasle eta ekintzaile feministaren liburu ospetsuena euskaratu eta Eskafandra bilduma feministan kaleratu dute. Garapen kapitalistaren genealogia bat osatu du Federicik, Erdi Arotik gaur arte, eta bide horretan XVI. eta XVII. mendeetako Europako eta Mundu Berriaren kolonizazioko sorgin-ehizak aztertzen ditu, bere ustez funtsezko rola bete baitzuten kapitalismoa abian jartzeko: deabruaren aurka borroka egitearen izenean, harreman kapitalisten aurrerabidearekin bat ez zetozenak suntsitzea.

 

Herejeen alaba Ander Berrojalbi eta Joseba Sarrionandia • Pamiela • Saiakera

Sarrionandiak 1983an “Narrazioak” lanean argitaratu zuen “Kristalezko bihotza” ipuinari hari gehiago erantsi dizkio Ander Berrojalbizek, Durangoko herejeen historiari tiraka. Iurretako idazleak Puerto de Santa Marian idatzitako ipuin hura XV. menderainoko bidaia bat zen, herejeengana egindako hurreraketa historikoa. Berrojalbidezek garai hartara jo du era berean, baina istorioari hari gehiago erantsi dizkio ikerketa historiko bat egin ondoren. Alemaniako Kolonian jarri du abiapuntua XII. mendean eta herejeen auziari garaikidetasuna erantsi dio.

 

Ittun  Toti Martinez de Lezea • Erein • Eleberria

Lau hamarkadaren ondoren, Toti Martinez de Lezearen pertsonaiak Endaren lurralde mitikora itzuliko dira. Herensugearen mendikate misteriotsuan kokatutako zazpi mendi sakratuetako batean bizi da Amari jainkosa. Bere herriaren babesaren ardura du Amarik, baina ezusteko etsai bati egin behar izango dio aurre: Inguma da, bere semea, Gauaren jabea. Mitologian eta historian oinarrituta, imajinazioz betetako nobela honekin seguruenik denboraldiko salduenen artean kokatuko da idazle gasteiztarra.

 

Umezurtzen aberria  Julen Kaltzada • Txalaparta • Memoriak

Antropologia lana izan zitekeen autobiografia honetan, umore lehor batez, desagertutako ohiturez eta paisaiez hitz egiten digu Julen Kaltzada busturiarrak. Memoria lan honek, gainera, garrantzi berezia du apaiz, borrokalari, militante antifrankista, abertzale eta euskararen sustapenaren aldeko eragile honek orain gutxi utzi gaituelako. Liburu honetan Euskal Herriko azken zortzi hamarkadetako mugimendu sozial eta politikoen lekukotza utzi du, lehen pertsonan jasota: espetxealdia, Burgosko prozesua “Egin”-en sorrera, AEK-ko militantzia, Korrika... Eta nondik datorkio titulua? Umezurtzen aberria delako gurea. Gerra garaian edo ostean jaiotako euskal herritar askok ez zuten aita edo ama ezagutu eta horixe bera gertatu zitzaion Julen Kaltzadari, frankistek aita –EAJko zinegotzia– Derion hil baitzioten kanposantuko hormaren aurrean.

 

ETAren historia laburra  Iñaki Egaña • Txalaparta • Saiakera


ETA euskal historia garaikidearen gertakari politikorik esanguratsuenetariko bat da. Baina bere sorrera, iraupena eta garapena ulertzeko egin den historiografia, gehienetan kronologiari begira egon da eta, gainera, eskainitako begirada oso partziala izan da. Iñaki Egaña historiagile eta ikertzaileak ikuspegi berritzaile bat eskaini nahi izan dio eta erakundearen alderdi ezberdinak banaka aztertuta, erakundeari buruzko gure begirada berritzen saiatu da. Saiakera hau euskaraz ez ezik, gaztelaniaz ere argitaratu dute.

 

Horma  Anjel Lertxundi • Erein  • Eleberria


Zarauzko idazlea aspalditik lantzen ari zen liburua da hauxe. Memoria da landu duen gaia; izan ere, «memoriarik gabe ezer ezin da eraiki». Itzultzailea da eleberri honetako narratzailea, kode batetik beste batera hitzak pasatzen espezialista. Haurtzaroan gertatu ziren pasarte lauso batzuk nahasten zaizkio buruan, Martarekin bikote harremanari ekin behar dion une berean, noiz eta amari, kode haiek erraz itzuliko zituen pertsona bakarrari, memoria husten eta hondatzen hasi zaion garaian.

 

Golsdmithen ikaslea  Joxean Agirre • Elkar  • Eleberria


Goldsmith irakasleak eskaintzen duen literatura ikastaro birtualean eman du izena idazlegai euskaldun batek. Maisuaren aholkuei jarraituz, iraganeko pasadizo bat oroitu eta hura idazten hasiko da: nola gaztetan, etxera ezustean itzuli eta orduko neska-laguna aurkitu zuen ohean, bi morroirekin abiadura handiko jardunean. Zenbait pertsonaia eta beste hainbat istorio txirikordatzen ditu kazetari eta idazle azpeitiarrak, umorez, sentsualtasunez eta literaturarekiko maitasunez gainezka egiten duten orrietan. Amaieran, Euskal Herria asteburu batean ezagutzeko gida turistiko, gastronomiko eta kultural bat oparitzen digu.

 

Loading player...

B-Map 1917 + 100  Fermin Muguruza eta The Suicide of Western Culture • Talka Records • Diskoa

Irungo «lehoi asmatikoak» indarrak batu ditu oraingoan The Suicide of Western Culture talkazko elektronika jorratzen duen bikote bartzelonarrarekin. Planetako hainbat hiritako errealitateari aurrez aurre so egin ondoren (Berlin, Bilbo, Belfast, Brazzaville, Buenos Aires, Beirut, Bartzelona... Denak B-z hasten direnak) gure munduko suminduraren, haserrearen eta matxinaden mapa bat marraztu dute Bartzelonan grabatutako disko honetan.

 

Zea Mays 20 urte  Zea Mays • Diskoa eta DVDa

Beraien ibilbideaz, hasieratik orain arte taldekide berberak jarraitzeaz eta batez ere beren musikaz harro daude eta arrazoiak dituzte horretarako. Hogei urte hauetako ibilbidea ospatzeko opari berezia egin diote beren buruari: alde batetik, remixen CD bat eta, beste aldetik, zuzeneko kontzertu bat –2015eko abenduaren 12an Kafe Antzokian egin zutena, artista lagun ugarirekin– eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin grabatu zituzten bideoak.

 

Loading player...

Ni naiz izotz erregina  La Basu • Autoekoizpena  • Diskoa


Euskal Herriko emakumezko raparen sinbolo nagusietakoa da Elena Caballero bilbotarra. Hogei urte baino gehiago darama musikaren munduan eta rap, soul eta reggae estiloak maite ditu, besteak beste, eta bere abestietan estilo horien fusioa nabari da. Bere ibilbidean aurrerapauso bat eman du oraingoan, euskaraz grabatu baitu disko osoa, Maria Rivero, Natalia Garmendia eta Oihana Bartraren laguntza izan duelarik kanta batzuetan. Euskarazko lehen emakume rap-abeslariaren lana da, antza. Abenduaren 10ean zuzenean entzuteko aukera izango dute Azokara hurbiltzen direnek .

 

Gorraizea  Xabier Montoia • Gaztelupeko hotsak • Diskoa


Xabier Montoiak bi lan berri ditu: bat, hauxe, bere bakarkako seigarren diskoa, hari laukote batekin grabatutakoa. Euskal rockaren azken 30 urteotako sortzaile eraginkor eta aitortuenetako bat da Montoia, 80ko hamarkadako funtsezko bi talderen sorreran parte hartu zuen –Hertzainak eta M-ak– eta etengabeko garapen eta bilaketan dagoen diskurtso musikala landu du bakarkako diskoetan. Bigarren lanari dagokionez, nobela bat da, Susa argitaletxearekin kaleratu duen “Hitzontziak” izenekoa, memoria ariketa bat lau ahotsetan islatuta.

 

Loading player...

Ibilita ikasten da erortzen  Ze Esatek! • Baga Biga  • Diskoa


Ze Esatek! taldearen bosgarren diskoaren izenburua “Ibilita ikasten da erortzen” propio “lapurtu-eskatu” diote Sustrai Colinari –bertsolariak hiru abesti idatzi dizkie–. Alaitasuna galdu gabe, rockaren berme asko ditu bere hanken magalean, buruan rock esparruko estilo anitzetara igo da: punka, rocka, punk melodikoa, rock melodikoa, hard-corea, hard-core melodikoa, pop-punka, pop-punk melodikoa. Hau omen da taldearen diskorik egurzaleena. Parte hartu dutenen artean Alex Gatibu eta Libe aurkitu daitezke.

 

Loading player...

SutaGar antzokietan  SutaGar • Jo Ta Ke ekoizpenak • DVD eta 2 CD

Urtarriletik ekainera Euskal Herriko antzoki garrantzitsuenetan zehar ibili da talde eibartar beteranoa “Maitasunari pasioa” azken diskoa aurkezten. Emanaldi bereziak izan dira, belaunaldi desberdinen bilgune, eta horren isla Victoria Eugenia antzokian ekainaren 8an eskainitako saio hunkigarria. Biraren bukaerako kontzertua, memoriarako gordea.

 

Besamotzak  Joseba Tapia • Gaztelupeko Hotsak  • Diskoa

Trikitilari edo soinu-jotzaile jantzia estuegia zaio Tapiari, gure artean dugun musiko handienetarikoa baita. 80ko hamarkadaren erdialdean diskoak argitaratzen hasi zenetik gaurdaino, musika modu ausartean egin du. Trikitia molde berrietara egokitu zuen aitzindari hau lan honetan gitarra elektronikoaz, baxu elektrikoaz eta programazioaz arduratzen da.

 

Mikel Laboa  Delorean • Elkar  • Diskoa

Benetako sortzaileek, belaunaldien gainetik bizirik jarraitzeko ahalmena erakutsi ohi dute, herri oroimenean tinko dirautela. Klasikoak dira, beti aktualak direlako. Mikel Laboa horrelako artista bat da. Deloreanek gogor ekin dio lanari azken urtean klasikoak diren konposizio horiek, era berrietara egokitzeko, erritmoaren eta armoniaren fintasunaz baliaturik sorkuntza berri sendo bat aurkezteko.

 

Bihotz handiegia  Eider Rodriguez • Susa  • Ipuinak

Arroztasun sentipena dute Eider Rodriguezen sei ipuinetako pertsonaiek: nolakoa izaten ari da bikote bizitza hau, zein desio ote ditu auzokide perfektuak, nor bihurtu gara sute ikaragarriaren ondoren, ginekologoak erakutsiko al dit nolakoa naizen barrutik, zer espero zuten izango nintzela, norenak dira esku hauek. Konplexuak eta arruntak dira aldi berean hemengo bizilagunak.

 

El iceberg navarro  Peio Monteano • Pamiela  • Ensayo

Investigación sobre la situación de las lenguas habladas en Nafarroa durante el Renacimiento, que muestra cómo la documentación que tenemos en la actualidad es como la foto de un iceberg tomada desde la superficie del mar: la pequeña parte del castellano que emerge en la superficie nos oculta la inmensa masa sumergida del euskara, lengua socialmente hegemónica en Nafarroa, incluso un siglo después de la conquista española.

 

Baigorri  Marco Tobón • Txalaparta • Ensayo

7k fue la primera en contar la historia de Pedro Baigorri y ahora llega en formato de libro. Este revolucionario navarro, por azares de la historia, llegó a ser cocinero de Fidel y el Che y, tras “enguerrillerarse” en el Caribe colombiano, dejó la vida en sus montañas. Este un relato sobre la apasionante experiencia de la lucha política, los vínculos de la amistad y el amor, la fidelidad a unos ideales y el valor de desafiar el irrespeto a la vida.

 

La verdad alternativa  Xabier Irujo • Txertoa • Ensayo

El subtítulo del libro lo dice todo: «Treinta mentiras sobre el bombardeo de Gernika». Xabier Irujo, director del Centro de Estudios Vascos de la Universidad de Nevada, desvela en este trabajo cómo los regímenes de Franco, Hitler y Mussolini trataron de esconder y minimizar la masacre en la villa vizcaína, y lo hace dando todo tipo de datos. Esta es una de las novedades de la editorial Txertoa, que pronto alcanzará el medio siglo de vida.

 

La izquierda abertzale acertó   Raúl Zelik • Txalaparta • Ensayo

Este es es un ensayo atípico, que se mueve entre el análisis de corrientes teóricas y referencias muy concretas a la vida política y social de Euskal Herria; que bascula entre la crítica sin paliativos a conductas de la izquierda abertzale y la idealización de su práctica. Gran conocedor del país, sus gentes y sus tradiciones, Raul Zelik escribe de forma crítica pero poniendo en valor los logros de la izquierda independentista.