amagoia mujika
IRITZIA

Aspertzea

Atarian esertzen zen, lasai ederrean, bakardadean eta isiltasunean. Besoa makilan pausatuta, aurrera begira, inora bezala baina toki guztietara begira. Ondoan esertzen nintzen, bere jarrera imitatzen. Hizketan eta hizketan hasten nintzen, galdera bat eta hurrengoa, aitona hau eta aitona bestea. «Isilik egoten ere ikasi beharko duzu», aitonak serio. «Isilik aspertu egiten naiz», nik. Eta, aitonak, irriñoz, «ba aspertzen ere ikasi beharko duzu».

Orain ulertzen dut aitonak zer esan nahi zidan. Isilik eta aspertuta zaudenean, zeure buruarekin hitz egitea beste erremediorik ez zaizu geratzen; zeure buruari galderak egitea, ingurua miatzea, egindakoak berritzea, planak egitea, amestea, tristatzea, baretzea, arnasari garrantzia ematea...

Baina aspaldi honetan ez dago modan ez isilik egotea, ez aspertzea, ezta norbere buruarekin jardutea ere. Igual horregatik hasi ginen duela urte batzuk belarrietan entzungailuak jartzen, geure burua ez entzuteko. Badaezpada, gustatzen ez zaigun zerbait esaten badigu ere.

Igual horregatik ez dakigu itxarongeletan itxaroten. Telefono mugikorrari begira jarrita, bi ordu bertan pasatu arren, ez genuke jakingo esaten zein genuen ondoan eserita.

Igual horregatik betetzen ditugu oporrak eginbeharrez, laneko agendaren antza hartzeraino.

«Ama, aspertuta nago», esaten didazu. Eta espero duzu, azkar, segidan, di-da, nik zeozer egingo dudala zu asperduratik ateratzeko. Mandatua betetzeko tentazioa izaten dut, zure haserreak oso nekagarriak baitira nekatuta nagoenean. «Aspertzea ona da», esaten dizut. Eta orduan haserretu egiten zara. Ja ez zaude aspertuta, orain haserre daude. Baina pixka bat eusten badizut, topatzen duzu zer ukitu, zer miatu, zer irudikatu, zer igurtzi, zer margotu, zer kantatu…

Urtearen azken txanpan aldapan behera sartu naizela sentitzen dut, une oro hankei eusten hain azkar joan ez daitezen. Urtea ondo bukatzeko luzapen bat eskatu beharko nuke, hiru aste inguruko luzapen bat. Olentzeroren gutuna hozkailuan daukagu, iman batekin lotuta. Osatzen ari gara pixkanaka (batzuk besteak baino askoz azkarrago). Pentsatu dut Olentzerori eskatzea behar dudan luzapena. Azkenean, baina, aitonak belarritik tira egin didala sentitu dut. «Olentzero maitea, aspertu egin nahi dut», idatzi dut gaur goizean.