Oihan Jimenez
galdutako irlaren loraldia?

Santa Elenako turismoarentzat azken heldulekua

Santa Elena irla urrun dago. Atlantikoan Angolatik 1.800 kilometro mendebaldera. Lekutan. Horregatik zaila da hara heltzea, eta horregatik orain arte turismoaren azpiegiturak garatu gabe izan ditu. Baina hori dena ireki berri duten aireportuaren ondorioz alda daiteke. Askorentzat berandu dator, lehenago irekiko zutelakoan dirutza gastatu dutelako, baina aurrera egiteko azken itxaropena dute.

Atlantikoaren hegoaldean galduta, Santa Elena irlak iraultza bat bizi du: azkenean, bertaraino hegazkinez joan daiteke, mendeetan isolatuta egon ondoren. Bere turismoaren industriarentzat lasaitu ederra da, eta egoera ekonomikoak hobera egingo duen itxaropena dakar.

Erabakia urte luzez atzeratzen ibili ondoren, 2011n Londresek baimena eman zuen metropolitik hain urrun dagoen lurralde horretan lur-hartze pista bat eraikitzeko. Helburua, argia: irla Hegoafrikarekin hegazkinez lotzea, orotara sei ordu. Orain arteko bost eguneko itsas bidaia baino dexente gutxiago.

Britainia Handiko agintariek diote urtero 30.000 turista eta bisitarik lur har dezaketela 4.500 biztanle baino ez dituen lur zati txiki honetan. Orain arte, ehunka batzuk baino ez ditu jasotzen, lehen aipatu isolamenduagatik.


Historia aberatsa duen irla. Santa Elenak ez du hondartza txuririk ez kokondorik, baina leku oso aproposa da ibilaldiak egiteko eta, batez ere, urpean igeri egitea atsegin dutenentzat. Gainera, oso historia aberatsa dauka, izan ere, Napoleon bertan zendu zen, 1821ean, erbesteratua izan zenean, eta mende horretan bertan 25.000 esklabok bertan lur hartu zuten askatasuna eskuratu ostean.

Gobernu britainiarraren aurreikuspenak aukera gisa ikusten dituzte Santa Elenako biztanleek, haien egoera ez baita samurra. Urteko soldata 8.150 eurokoa da, batez beste, eta turismoak zenbaki horiek emendatuko dituela uste dute.

Biztanle horietako bat Johnny Herne da, enpresaburua, Eskoziatik bisitariak ekartzen dituena irlako labarretatik baleak eta izurdeak ikus ditzaten. Ez da bidaia merkea. «Gobernuak inbertitzeko esan zigun duela urte asko, aireportua egingo zutelako eta bisitariak trumilka etorriko zirelako. Baina zoritxarrez aireportuaren irekiera atzeratu zen, eta guk jadanik inbertsioak eginak genituen», gogoratzen du Hernek France Press agentziari egindako adierazpenetan.

Arazoak ez ziren hor geratu. 2016ko apirilean, inaugurazioa baino hiru aste lehenago, eraikitzeko 318 milioi euro behar izan dituen aireportuaren irekiera berriro ere atzeratu zen, eperik jarri gabe, gainera. Arrazoia: haizete indartsu eta aurreikusten zailek aireratzeak eta lur hartzeak arriskutsuegiak bihurtzen dituzte ozeanoari begira dagoen pistan. Bertako jendea zur eta lur geratu zen.

Hazel Wilmot, Jamestown hiriburuko hotel baten jabeak, lau edukiontzi beteta zituen Santa Elenarako bidean, itsasontzi batean. Bere hotelak erreserba guztiak beteta zituen 2016ko Gabonetara arte. Baina hegaldien atzerapenarekin turistek erreserbak bertan behera utzi zituzten. «Ezin nuen janari hori guztia hemen saldu», azaltzen du, ozpinduta. Egoera gainditzeko aurrezkiak erabili behar izan zituen. 2016an 224.000 euro galdu zituen. 2015ean ere ez zuen dirurik irabazi, turistek bisitak atzeratu baitzituzten, aireportua 2016an irekiko zutelakoan.

Johnny Herne ere zorrez beteta dago, eta egoerak bere bikote harremana hautsi zuela dio, orain dibortziatuta dago. «Nire bizitza suntsitu zuen». Hau ikusita, bertako agintariek plan bat abian jarri zuten arazoak zituzten enpresak eta norbanakoak laguntzeko, baina inork gutxik eskatu du laguntza hori. Antza, tramiteak oso zailak dira, irizpideak oso zorrotzak.

Azkenean, urte eta erdiko atzerapenaren ostean, urriaren 14an lehen hegaldi komertzialak lur hartu zuen Santa Elenako aireportuan. Hegazkinean dena da poza, xanpaina eta bonboiak banatzen dira. Irlan, lasaitua hartu dute. «Azken urteak ez dira batere errazak izan, bai, lasaitu ederra hartu dugu», nabarmentzen du Craig Yonek. Berak 2012an irekitako hotel batean ardura lanak ditu; hotela, aireportua irekiko zutelako eraiki zuten. Normala, beraz, pozik egotea.

Luze jo dezake. Dena den, aireportua jada martxan egon arren turismoa ugaritzeko prozesuak denbora gehiago eska lezake, irlara oporraldia igarotzera joateko ohitura ezartzea ez delako egun batetik besterako gauza bat. Bestetik, Santa Elenarako hegaldia egiten duen hegazkina hasieran aurreikusi baino txikiagoa da, segurtasun arrazoiengatik, eta gainera astean hegaldi bakarra heltzen da irlara Johannesburgotik, nahiko salneurri altuan gainera: 725 euro joan-etorriak. «Prezio horren truke nire bezeroek nahiago dute Thailandiara joan», azaltzen du Jamestown hirian turismo zerbitzuak eskaintzen dituen lagun batek.

Aipatu behar da, baita ere, hegaldirako txartelak lehen hegaldia baino aste gutxi lehenago jarri zirela salgai, beranduegi heldu diren hilabeteetan hain urruti eta ahaztuta egon den lekua turistaz betetzeko. Eta honek ere haserre samar jarri ditu Santa Elenako turismo langileak.

Horiek horrela, Gabonetarako Hazel Wilmotek bost erreserba baino ez ditu hitzartuta. «Non daude irlara etorri behar ziren turistak?», galdetzen du, 2018a hobea izango den itxaropena galdu nahi ez duelarik. Ivy Robinson bere auzokideak Bed & Breakfast bat zuzentzen du, eta berak nahiago du bere iritzia gorde France Pressek galdetzen dionean.

Craig Yoni pixka bat hobeto doakio orain, eta martxora arte gela askotxo ditu okupatuta. «Uste baino denbora gehiago beharko dugu inbertsioa berreskuratzeko, baina berreskuratuko dugu», gaineratzen du sektore berdinean lan egiten duen Paul Hickingek, nabarmenduz aireportuak «Santa Elena ahanzturatik aterako» duela.

Urtero 30.000 mila turista jasotzeko aurreikuspena «ez zen oso errealista», aitortzen du turismo bulegoko zuzendari Helena Bennettek. Azken finean, irlak duen azpiegiturak oso mugatua izaten jarraitzen du: orotara 121 ohe, Santa Elenako Gobernuak finantzatutako hotel berriak dituenak barne; erakunde bakar batek dauka web orrialdea; eta errepideak oso estuak dira, bihurgunez beterikoak. Beraz, Bennettek askoz helburu lorgarriago deritzo urtero 3.000 eta 5.000 arteko turista kopurua jasotzea. Bere iritziz, turisten etorriak mugatua baina erregularra izan behar du. «Lehen, irla ‘hilik’ geratzen zen hilabetean bi astez, ‘RMS St Helena’ itsasontziak alde egiten zuenean, alegia. Orain, hegazkinarekin, ez da horrelakorik gertatuko», iragartzen du.

Denborak esango du Santa Elenakoen usteak erdi ustel diren edo itxaropenak egia bihurtzen dituen.