JOXE IRIARTE, «BIKILA»
Oiartzun
GUTUNAK

Duintasun martxen ondoren

Iparraldetik hegoaldera, ekialdetik mendebaldera, martxari zutabeek osaturiko hiru eguneko ibilaldiekin bat eginez, 500.000 manifestari elkartu ginen joan den aste bukaeran Madrilen. Zoritxarrez, aurtengoan ere, nik estimu ditudan euskal hedabideetan ia aipamenik ez.

«Ogia, lana eta etxebizitza», hiru aldarri horiek ardatz, beste aldarrikapen batzuk ere oihukatu genituen, horien artean, herri eta nazioen erabaki eskubidea ere.

Eta jada Madrilen geundela euskararen aldeko gure korrika partikularra (petoak eta guzti jantzita) ospatu genuen manifestarien txalo zaparrada artean.

Hots, ez dut ulertzen Euskal Herriko zenbait eragile sozial eta politikoren hoztasuna edo urruntasuna ekimen honekiko. Zergatik, Madrilen bukatzen delako?

Zorionez, EH Bilduren sostenguaren berria heldu zitzaigunean egundoko poza azaltzeko parada izan genuen, eta baita bertako zenbait lagun ezkertiarrekin hitz egiteko ere berri horren inguruan.

Internazionalismoa joan-etorriko bidea da. Askotan aldarrikatu dugu gure borrokarekiko elkartasuna.

Egun hauetan gure halabeharra izan da gure aldetik gauza bera egitea. Azken batean, gure onuran delako.