Arantxa MANTEROLA
BAIONA

Torturaren zigorgabetasuna aztergai Baionako fakultatean

Gai mardul eta erpin ugarikoa jorratuko da Lapurdiko hiriburuan apirilaren 8tik goiti. Justizia trantsizionalaren ildotik, «Tortura, memoria eta inpunitatea» izenpean hainbat eztabaida eta jardunaldi antolatu ditu Baionako fakultateak. Batzuk publiko jakinari zuzenduak dira eta publiko ororentzat ere foro bat izango da apirilaren 11n, frantsesez eta gaztelaniaz. Informazio gehiago nahi izanez gero, «asso.justice.transitionnelle@gmail.com» helbidera idatzi.

Justizia trantsizionalari buruz iaz Baigorrin egindako udako unibertsitatearen haritik, Baionako eta Paueko fakultateek, Varenne Institutuarekin eta Justizia Trantsizionalaren Elkarte Frankofonoarekin elkarlanean, hainbat hitzaldi, mintegi eta foro bat antolatu dute torturari buruz.

Jardunaldi nagusiak Baionako fakultatean izango dira apirilaren 8tik 11ra, eta torturaren zigorgabetasuna, batez ere estatu demokratikoetan gertatzen dena, aztertuko dute.

Jean-Pierre Massias Zientzia Politikoetako irakasleak beste hainbat taldekiderekin, atzo aurkeztu zituelarik, «tortura diktadura edo gatazka politikoen testuinguruetan maiz sistematikoki erabiltzen den praktika da» gogorarazi zuen. Are, bere esanetan, «erregimen demokratikoetan gertatzen direnean, estatuek ukatzeko eta ezkutatzeko joera nabarmena dute, era horretan, beren irudia eta torturatzaileen zigorgabetasuna bermatze aldera».

Jokamolde horiek biktimek egia argitara emateko duten eskubideari, justiziari eta erreparazioari kalte egiteaz gain, gizarte demokratikoaren muinaren beraren aurka doazela uste osoa dute antolatzaileek. Ezkutatzearekin batera, alde «okerrenetakoa», gainera, azken urteotan hainbat gizarte ustez demokratikoetan sumatzen den halako «onespen soziala» litzateke, Massiasen aburuz.

 

Eztabaidak eta foro irekia

Hiru zatitan banatu dituzte. Batetik, Zuzenbide ikasleak gai larri horietaz jabetu daitezen, eztabaida antolatu dute apirilaren 8an, 17.30etik goiti, “Hannah Arendt” filmaren inguruan.

Ostegun eta ostiralean (hilak 9 eta 10), aldiz, mintegi zientifikoak izango dira, eta parte hartzeko, aldez aurretik izena eman beharko da. Zigorgabetasunaren eraikuntza eta deseraikuntzaz arituko dira bi egunotan. Gai horiek jorratzeko lagungarri izango dituzte arlo juridikoan, historikoan, filosofikoan, zuzenbidean edota hedabideetan aditu diren hainbat kide ezagunen azalpen eta argibideak.

Antzeko formatuarekin, tortura, genozidioa eta prozesu penalak aztertuko dituzte Paueko fakultatean hilaren 13an eta 14an. Han, batez ere, epaile, abokatu, edota fiskalak izango dira adituak.

Publiko orori zuzendutako foro bat ere izango da apirilaren 11n Baionako fakultatean. Goizean frankismoa, euskal gatazka eta errefuxiatuen gaietan lanean diharduten hainbat GKEk beren lana azalduko dute.

Arratsaldean, «Biktimak zigorgabetasunaren aitzinean» aztergai hartuta, hitzaldia eskainiko du Elizabeth Lira Txileko Santiagoko Psikologia unibertsitateko dekanoak eta, ondoren, hainbat lekukotasun «oso zehatz eta gogor» entzuteko aukera izango da, tartean, Henri Alleg aljeriarrarena, Buscarita Roa Maiatzeko plazako Amonarena, Mourad Benchellali, Guantanamoko preso ohiarena, eta Ixone Fernandez eta Joan Mari Torrealdai euskal herritarrena.