Nerea Goti
Kazetaria
IKUSMIRA

Garoñaren arriskua, zuzenean Fukushiman

Fukushimako zentralaren inguruko berriren bat entzun orduko alerta txiki bat pizten da Garoñaren eragin eremuan bizi direnen artean. Azken asteetan berri ugari heldu da Japoniatik, tsunamiaren ondoko leherketaren urteurrenean.

Lau urte igaro eta oraintsu jakin dugu Fukushima zentralaren jabe Tokyo Electric Power enpresak badituela oraindino milaka ur erradioaktibo tona biltegietan gordeta. Hain zuzen, ur horren %90 deskutsatuta izatea espero dute maiatzerako. Erreaktoreak hozteko erabiliak edota eraikinetan sartu eta tratatuak izan behar diren 280.000 tona ur gordetzen du oraindik, berriak dioenez. Eta hori guztia gutxi balitz, otsailean bertan Pazifikora egindako isuri berri bat onartu behar izan dute.

Istripuan bertan, zuzenean itsasora ponpatu zuten erreaktoreak hozteko erabilitako ura, eta lau urte beranduago kutsadura zabaltzen jarraitzen du. Egun, emisio eta isuri erradioaktiboek desplazatuta mantentzen dituzte plantatik gertu bizi ziren 70.000 lagun, eta zaila da neurtzea nekazaritzan, arrantzan eta abeltzaintzan eragindako kalteak.

Urruneko berriak dira bai, baina Euskal Herriko jendartearen zati bat Burgoseko zentralaren lehenengo mailako arrisku eremuan dago, eta gertu daukagun horren erreaktoreak Fukushimakoen bikiak dira, 40 urte baino gehiagokoak biak ala biak. Suposatzen dugu egun Garoñako erreaktoreak hotz daudela, baina berriro ere martxan jartzeko asmotan daude. Hemen arriskuaz hitz egiten dugu, Japonian arrisku hori egia bihurtu da eta guk ondorioak zuzenean ikusteko aukera izan dugu.