Floren Aoiz
@elomendia
JO PUNTUA

Olé, olé, «del norte» gara, aizue!

Hitza eman nion ene buruari eta –orain arte bederen– bete dut: ez dut “8 apellidos vascos” filma ikusi, ezta asmorik ere. Ikusi gabe ere, tarteak irentsarazi dizkidate behin baino gehiagotan eta ez dakit zenbatetan laburtu didaten dagoeneko. Jakin dut, halaber, ergelkeriak jarraipena izan duela antzerkian eta, nonbait, baita telebistan ere.

Dirua ematen dute topikoek, eta bistan dago batzuek halakoak behar dituztela azken urteotan gertatutakoaren digestioa (edo) egiteko, betiere gatazka politikoa egon dela edota dagoela baztertuz, jakina.

Iparra eta hegoa aipatu nahi ditut gaurkoan, kokapena eta ikuspegia zein garrantzitsuak diren azpimarratzeko. Berriz ere modan jarri duten estereotipoaren arabera, «del norte» gara gu, Espainiaren ikuspegitik, zeinean Madril erdigunea baita. Eta, txantxaz txantxa, eroso sentiarazi nahi gaituzte kokapen honetan: gulak bezala, aizue, gu del norte!

Orain, ETAren jarduera armaturik gabe, izan gaitezen anai-arreba denok, andaluziarrak eta euskal herritarrak, «sano regionalismo» goxoaren baitan! Folkloriza dezagun hamarkadetako borroka, bilaka ditzagun herriko tabernak gune tematiko! Dena salgai jartzen den neoliberalismo garai hauetan, zergatik ez ba «el antiguo conflicto del norte»?

«Irri egin genuen filma ikusten, ez izan hain zorrotza», esanen didazue zuetariko batzuek, agian. Nahi duzuen moduan; nik asko maite dut irria eta uste dut geure buruaz trufatzea gauza osasuntsua dela. Baina Andaluziako politikarien izenak ederki ezagutzen ditugularik, Miarritzen, Izuran edo Atharratzen nor aurkezten zen nekez aipatuko genuke, hauteskundeak egun berean egin baziren ere.

Konturatu gabe normaltzen dute, irriz irri, «beste espainiar» horiekiko lotura, era horretan geure esparrua desegiten dutelarik.

Irri egitea gauza ona da, baina komeni da jakitea zein den txistean dugun papera. Bestela, gure irrien gainetik gutaz egiten duten irria nagusituko da, halakoa da menpekotasuna.