GARA
DONOSTIA

EH Bilduk zerrenda eskarmentatua eta askotarikoa aurkeztu du Nafarroan

Iruñeko Baluarten atzo aurkeztu zuen EH Bilduk bere Nafarroako zerrenda. Haren buru Adolfo Araizen hitzetan, «ez da zerrenda soila, hutsuneak betetzeko ariketa», aldaketa errotik bideratzeko «kalearen mandatuari» erantzun eta «gobernatzeko prest» dagoen taldea baizik.

Gazte eta zahar, eme eta ar, legebiltzarrean esperientzia eta herritarren mugimenduetan jarduna, jatorri eta kultura politiko askotarikoak, Nafarroako ipar eta hegoaldekoak, oro har herri zapore biziaz hornituriko Nafarroako zerrenda aurkeztu zuen atzo EH Bilduk. Pluraltasunetik edanez, lidergo konpartitua taxutuz, norberak beretik onena emanez, denok batera joko dute zehatza eta gauzagarria ikusten duten helburuaren alde, hots, «Nafarroan aldaketa eraikitzearen alde». Sakona eta sozialki engaiatua den aldaketa baten alde, hain zuzen ere.

Hala adierazi zuen Adolfo Araiz zerrendaburu tafallarrak. Berak zuzentzen duen 50 pertsonako taldeak «kaleak luzatu duen agindua betetzeko lana» bere gain hartu du, «aldaketa egia bihurtzeko» lanerako prestutasun osoa adieraziz.

Hein horretan, «ardura eta konpromisoa hartzen duen taldea» dela azpimarratu zuen Araizek, «indarrak bultzatzeko, Gobernutik ere Nafarroa berria eraikitzeko prest» daudela gaineratuz. Aldaketaren aldeko ahalegin kolektibo horretan «protagonistak» izango direla, eta datozen hilabeteetan buru-belarri saiatuko direla erronka horri erantzuteko, duten onena eta bost emanez. Hartara, «orain arte bezala, herritarrekin estu-estu lanean jarraitzeko» animatu zituen zerrendakideak.

Araizen ondoren zerrendako hurrengo bostak legegintzaldi honetan legebiltzarkide izandakoak dira: Miren Aranoa, Xabi Lasa, Bakartxo Ruiz, Maiorga Ramirez eta Asun Fernandez de Garaialde, hain zuzen. Hamargarren postura arte, hurrenez hurren, Dabid Anaut, Esther Torres, Arantza Izurdiaga eta Jose Mari Blazanko doaz. Bost gizonezko eta bost emakumezko, eskarmentua eta pluraltasuna lepo, gogoa bizi eta konpromisoa garden.

Denaz erabaki, dena aldatzeko

Adolfo Araizen hitzetan nabarmendu zen ideia izan zen «Parlamentutik kalera begira» lan egingo duen zerrenda dela berea. Eta «guretzat aldaketa demokrazia delako, herritarren boterea», hori gauzatzeko «herritarren hitza aintzat hartu eta herritarren erabakia errespetatu behar da», gaineratu zuen.

Aldaketari irismen luzea emateko, ezinbestekotzat jo du «denaz erabaki» ahal izatea, «dena aldatzeko» bidea dela iradokiz.

Nafarroan «leihoak zabaldu, alfonbrak altxatu eta gertatu den guztia ezagutzearren auditoria sozial bat» egiteko konpromisoa hartu zuen. Eta aldaketa gauzatuko delako ziurtasun kutsakor batez aipatu zuen «erregimenarekin zerikusirik izan ez dutenen artean» eraiki beharko dela sakona izango bada, «nolakoa eta nortzuen artean egitea nahi den argi eta garbi esan» behar dela gaineratuz.