GARA
TUNISIA

Atzerriko agintariek bat egin dute jihadisten aurka Tunisiarekin

Milaka lagun elkartu ziren Tuniseko kaleetan jihadismoaren aurkako manifestazioan. Bardo museoaren aurkako erasoko biktimak gogoan izan zituzten mobilizazioan atzerritik etorritako makina bat agintarik ere esku hartu zuten. Ordu batzuk lehenago, Tunisiako segurtasun indarrek bederatzi jihadista hil dituztela jakinarazi zuten.

«Gora Tunisia, terrorismoa kanpora» oihukatzen zuten manifestariek. Askok Tunisiako bandera astintzen zuten Bardo museorako bidean. «Herritar hauek guztiak terrorismoari ezetz esan eta terroristei mezu garbi bat adieraztera etorri dira: Tunisia ukiezina da», esan zion AFP agentziari Tayea Chihaouik, Sidi Buzid herrialdeko erdialdeko herritik iritsitako gazteak.

Beyi Caid Esebsi Tunisiako presidentea eguerdian iritsi zen manifestaziora, atzerriko agintariekin batera. Bertan izan ziren François Hollande frantsesa, Matteo Renzi Italiako lehen ministroa, Ali Bongo Gaboneko presidentea eta Mahmud Abbas palestinarra, joan den urtarrilaren 11n –astekari satirikoaren aurkako erasoaren ondoren–, Parisen egin zen manifestazioko irudiak gogora ekarriz.

Frantses Estatuko hiriburuan gertatu zen moduan, agintariek ez zuten manifestazioaren ibilbide osoa egin, ehunen bat metroko zatia baizik, segurtasun arrazoiak zirela eta.

«Orain, eraso terroristaren bat izaten den bakoitzean, mundu osoak erantzuten du erasoa bere herrialdean bertan gertatu izan balitz bezala. Fenomeno hau berria da. Eta oso garrantzitsua», esan zien kazetariei tunisiarrak.

Ennahda alderdi islamistak manifestazioan esku hartzera deitu zuen, baina Herri Frontea izeneko ezkerreko koalizioak protestaldian parte ez hartzea erabaki zuen, eta bertan esku hartutako batzuei «hipokritak» deitu zien. Begiraleek diote hitz horiekin ezkertiarrek indar islamistaren jarrera salatu nahi zutela, 2011ko azken zatitik 2014ra bitartean agintean egon zen bitartean jihadisten aurka nahikoa saiatu ez zelakoan. Fronteko bi kideren heriotza ere Ennahdari leporatu izan diote.