Ixabel Etxeberria
Irakaslea
JO PUNTUA

Dutxa hotza, oso hotza

Familiarra izateagatik 150.000 euro, mediku, psikologo izateagatik 15.000 euro. Izateagatik! Hori Afrikan pasatuko balitz, ulertuko genuke, besteak egoera larriagoetan direla iruditzen baitzaigu. Izateagatik preso. Delitua? Izatea!

Espainiako errege eta Frantziako presidentearen elkartzearen emaitza, errepresio ekintza, Euskal Herriaren berezitasunaren seinale garbia. Erdi Arotik dabiltza horrela ekintzatik ekintzara, atxiloketatik atxiloketara, propaganda sareetatik ideologia porrotetara. Bilana hau baita, porrota! Ez gaituzte garaitzen, beren duintasunari uko egiten diote azken atxiloketekin. Giza eskubideak bizi garen Europatik ihesi doaz. Horren ardura ez dagokigu guri. Agintean dagoenak joko zikinak baliatzen dituelarik, zuzenbideko legeak berak bozkatu ondotik urratzen dituelarik eskubideak, zuzenbideak esanahia galtzen du.

Elkartasuna. Azken urteetan galdetzen zen zer esanahi ote zuen hitz horrek politikan, bakoitzak berea babestu behar zuela argudiatuz. Gertatu denak argi gorri guztiak piztu ditu eta aterabide bakarra du; elkartasunaren bitartez lortzen dena da.

Fernandez Iradiren aldeko elkarretaratzean, Baionan, jende gutxi eta ordezkari politiko bakarra, Alderdi Sozialistako diputatua. Ez du inork uretara bota! Garaiak erabat aldatu dira, zalantzarik gabe. Ez dut erraten uretara bota behar zenik, baina argi da Alderdi Sozialista botoen lortzeko ekintza guztietan aurpegia erakusteko prest dagoela. Aldiz, bozen emateko ez dira oraindik sobera eskuzabal agertzen. Sauveur Bachok, abertzaleengandik nahiko hurbil ikus zitekeenak, ez du EH Bai-ren alde deitzen. Nahiago duke Lasserren alde plazaratu, agian. Politikari batzuentzat, abertzaleak indartzen ari direla nahiko gogorra gertatzen ari da, nahiz eta elkarrekin lan egin.

Euskarari buruz atxikimendu asko entzun ditugu, ez dateke politikoki zuzena euskararen kontra jartzea. Hau oso ona da!

Hotza, hotza izan da dutxa politikari askorentzat abertzaleen emaitzak ezagutzean. Hotza, oso dutxa hotza guretzat azken atxiloketen berri izatean.