Maider IANTZI
UREPELETIK BILBORA EMOZIOZ GAINEZKA

LEKUKOA, MILAKA JENDEREN BIZIAZ BETETA, EUSKAHALDUN

BILBOKO EKITALDIA BUKATU ETA LEKUKOA UKITZEAN OILO IPURDIA JARRI ZAIOLA KONTATU DU FURGONETAKO KIDE BATEK. BERO-BERO DAGO EGURRA, UREPELETIK HONA HARTU DUTEN MILAKA JENDEEN BIZIAZ BETETA. EUREN IZERDIA DARAMA, ETA URDURITASUNA ETA POZA ETA NEGAR MALKOAK. ONGI IRITSI DA ETA BERE ZAINTZAILEEK ELKAR BESARKATU DUTE.

2.500 kilometro, erraz erraten da, baina ez da erraza. Mendate izugarriak, uholdeak, elur erauntsiak, kontrako haizea, etengabeko euria… Guztiak pasatu behar izan ditu AEKren ekimenak, euskararen egunerokotasunaren isla. Eta, azken txanpan, eguzkia atera da, hamaika egunez egindako ahaleginaren ondotik, gozatzeko.

Kanpoko musika adituz, bulego isil batean sartuta, 24 orduz beti norbaitekin egon eta gero hemen bakarrik, dena ongi atera dela ospatzeko ohiko brindisean xanpain kopa batekin mozkortuta… zer kontatu zuei… Zer aukeratu buruan eta koadernoan hartutako apunte guztietatik… Hasteko, datu argigarri bat: bigarren Korrika egin dut prentsa taldean eta lehenengoan koaderno bat bete banuen, oraingoan bigarrena erosi behar izan dut lasterketan zehar.

Bertan jaso ditut, mediku letra gero eta txarragoarekin, egunez eguneko gertakariak eta ideiak, lehen kilometroan, Urepelen hasita. Korrika ugari egin dituen jendeak komentatzen duenez, hasierarik indartsuenetako bat izan da. Zubia aprobetxatuz, lagun pila batek hartu zuen Nafarroa Behererako bidea eta hainbertze lasterkari bildu ziren, ezen denok aipamen bera egiten genuen: hain herri ttikian, nondik atera da jende hau guztia? Non dago gordelekua?

Eta geroztik «jendetza»-ren sinonimo bila ibili gara prentsa taldekoak: jende tropela, jende ugari, jende pila, ikaragarrizko jendea, jende uholdea… «Alimaleko jendea», gehitu du kide baxenabartarrak. Zenbat esamolde eta hitz ikasi ditugun alde guztietako euskaldunok elkarrengandik… Segur aski, doinua aldatuta bueltatuko gara etxera.

Irati furgonetako lagunak aipatu bezala, pentsatzen jarrita makila bat baino ez da, eta jendetza (edo jende uholdea, edo alimaleko jendea… edo, momentu batzuetan, lagun bat bakarrik) korrika furgonetei segika, baina zenbat kili-kili desberdin sortzen diren, ze indar eta ze magia transmititzen diogun batak bertzeari… eta horren parte izatea, zoragarria da. Zorakeria zoragarria, egunotan AEKren lasterketan hitzetik hortzera erabilitako Zaldieroaren hitzak erabiliz.

Furgonetakoak bezala, prentsakoak ere halako zorakeria batean sartuta egon gara egun hauetan, mundutik deskonektatuta. Goizero jaiki eta gure helburua lasterketa harrapatzea zen. «Non hartuko dugu?» izaten zen beti galdera, aunitzek pentsatzen duten gisan (nik ere bai etorri aitzinetik), Korrikan ez baita furgonetan lo egiten.

Gauetan lasterketa aurreratzen genuen, hurrengo goizean harrapatzeko, eta aldiro toki batean egiten genuen lo. Hala galtzen genituen bidean hainbat gauza, eta hala joan gara prentsako kotxeetan paper, tresna eta arropa guztiak nahastu eta mendiak osatzen.

Zenbat ahalegin eta gogo

“Euskahaldun” izan da edizio honetako leloa, euskarak ahaldundu egiten gaituela nabarmenduz, ahal dugula ohartaraziz, ahaltsuak garela, Euskal Herri osoa euskararen aldeko mezu batekin lasterka zeharkatzeko adina. Egunero lekukoari eta berau daramaten lagunei begira, ohitu egin gara pixka bat, baina konturatzean zer dagoen horren gibelean, zenbat lan, zenbat ahalegin eta gogo, begiak bete zaizkigu. Bereziki, korrontearen kontra igeri egin behar dutenekin.

Araba datorkit burura, Errioxako biztanleak, ardoa baino hobeak; Lautada eta Aiaraldea, Trebiñu, Añana… Eta Gasteiz. Euskahalduntzen dabiltza, herritarren ahalmenari eta ahaleginari esker.

Ezin atzendu Tutera. Han, Argia ikastolako lekukoa hartu behar zuten Sofia eta Irati ikasleei elkarrizketa egiten bizi izan nuen lasterketako une hunkigarrienetako bat. Gazteak, pozaren pozez, negarrez, eta ondoan, Iruñeko Sasoia taldeko jubilatuak animoak ematen. Sofia eta Iratiri gaizki begiratzen diete euskaraz egiteagatik. Familiak ez daki, lagun guztiek ere ez, eta egunerokoan ikastolan erabiltzen dute. Baina gutti batzuk joan daitezke bertara, pribatua delako. Horregatik, euskarazko eskola publikoa eskatzen dute.

Adibide batzuk aipatu ditut hemen, baina herri guztiez idatz nezake zer edo zer. Zenbat irudi, zenbat leku buruan nahasiak… Batzuetan, bi aldiz pentsatu behar izaten genuen non geunden, Tafallan geunden eta Tuteran geundela uste genuen, edo alderantziz zen… Denbora behar da elikatu gaituen guztia digeritzeko.

Edozein herritara sartzean, txalo, oihu, salto, muxu eta irri artean hartu gaituzte, prentsako kotxeek “Korrika” zeramatelako idatzita eta gure petoek ere bai. Soinean eraman ditugu lasterketatik kanpo ere, ohituraz eta plazerez, eta ostatu batera sartzean, edo dendara, edo aterpetxera, beso zabalik hartu gaituzte. Petoak urte osoan eramatea pentsatzen ari gara… Izan ere, gu ere ahaldundu gara. Eta ez da broma edo poesia. Horiek jantzita, bertzela eginen ez genituzkeen gauzak egin ditugu.

Bai, ahaldundu gara, eta azken txanpan gorputzak gelditzeko eskatzen digu, baina buruak segitu egin nahi du. «Korrika! Korrika!». Bilboko animazioan sartu eta sendatu dira min eta nekeak. Kezka nuen goizean ez ote nintzen gai izanen GARAk Kale Nagusian hartutako kilometroa bukatzeko, baina lasterka hasi eta ez naiz ohartu maldarik igo dugunik ere. Hain gustura ibili naiz lan tresnak utzita lankideekin kilometroa gozatzen, ezen eurekin korrika jarraitu, eta azkenean Areatzaraino iritsi gara. Nekeak neke, euskahaldun. Mila esker Korrikako eta GARAko kideei!