Maitane ALDANONDO
Urretxu

MENDI BAZTERRAK: NATURAREN ALTXORRAK EZAGUTZEKO XENDRA

Ingurumen ikasketek eta izadiarekiko zaletasunak batu zituzten hiru gazte legazpiar. Lan eskaintza urriak bultzatuta, naturari lotutako negozioa martxan jartzea erabaki zuten. Honen bidez, mendiaren inguruko askotariko ekimenak eskaintzen dituzte.

F ormakuntzak, jaioterriak eta, bereziki, naturarekiko maitasunak elkartu zituen Maria Aranburu, Aritz Cantero eta Xabier Plazaola gazte legazpiarrak. Basozain izateko ingurumen kudeaketa lan-heziketa ikasketak egin zituzten; baina oposizio eta lan aukera faltak buruari eragitera bultzatu zituen. Negozio ideia hori izan arren, beharrezko inbertsioak geldiarazten zituen. Urola Garaiko Garapenerako Agentziak eskaintzen zituen diru-laguntzetako bat jaso zuten arte. «Behintzat, galtzekotan, denbora galtzen dugu», pentsatu zutela gogoratu du Canterok. 4.500 eurorekin batera, ekiteko aholkularitza ere jaso zuten. Bederatzi hilabete geroago, 2013ko irailean, Mendi Bazterrak ondasun-erkidegoa eratu zuten. Behin-behineko egoitza Urretxuko Sortzen enpresagunean dute, agentziak alokairu merke baten truke utzitako bulegoan. Ekintzaile izatea ez da gustuko erabakia izan. «Loa kentzen digu», aitortu du Canterok.

Oraingoz, soldata izateko adina ez dute irabazten. «Sarrera gutxi dugu. Hilabete batzuetan ordaindu besterik ez dugu egiten. Hirurak autonomoak gara... Dirua da». Epe luzera egindako apustua denez, diru pixka bat lortzen dutenean enpresara bideratzen dute, egonkortu eta aurrera atera dadin.

Interpretazio-ibilaldia, gau martxa, elurretan erraketekin txangoa, onddo bila irteera... Eskaintza zabala dute eta urtaroarekin arabera moldatzen dute. Salneurria ekimenaren iraupenaren eta jende kopuruaren araberakoa izaten da: 4 orduko mendi ibilaldiak, laguneko 12 eta 35 euro arteko kostua du; 8 ordukoa bada, berriz, 16 eta 60 euro artekoa. Haurrei zuzendutako Jolas Basatiak ere prestatzen dituzte: «Mendiari lotutako jolasak dira, baina natura barneratuz», azaldu du. Aurten, ideia berean oinarritutako udaleku irekiak antolatuko dituzte. Canterok azaldu duenez, «mendiarekiko daukagun maitasuna kutsatu nahi dugu. Maitatzeko, ikasi eta dagoenari duen balioa eman behar zaio. Umetan ikasten badute, helduak direnean ez dute arazorik izango basoak mantentzeko, errekak ez zikintzeko... Txertatuta izango dute». Izan ere, enpresaren sorrerako helburuetako bat, eta berritzaile egiten dituena, interpretazio lana baita. Hots, mendietako txokoak eta aberastasuna ezagutaraztea, bereziki, gaztetxoenei. Hiru alorretan eskaintzen dute zerbitzua: hezkuntza, sentsibilizazioa eta turismoa. Lehenari dagokionez, ikasleei ikasgelan ikasitakoa bertatik bertara ikusteko aukera eman nahi diete. Sentsibilizazio alorrean, aldiz, Agenda 21 egitasmoaren barruan proiektuak eta kanpainak egiten dituzte udalekin. Oraindik ez dute esparru horietan lan askorik egin, eta turismoan jardun dira. Hasieran ez zuten arlo horretan sartzeko asmorik, baina horixe da bezero gehien ekarri dizkiena.

Urola Garaiko inguruak izan arren ondoen ezagutzen dituztenak, Euskal Herri osoan lan egin dezakete, talde zein norbanakoekin. Bezero potentzialak mendira bakarrik joatera ausartzen ez diren mendizaleak edo gailurretara igotzeko ohitura ez duten «urbanitak» dira. Canteroren hitzetan, «leku berriak ezagutu nahi dituztenak baina beraien seme-alabekin mendian sartzera ausartzen ez direnak». Gehienbat Euskal Herriko «berdeak eta gastronomiak» erakarritako kanpotarrak izan ohi dira: kataluniarrak, madrildarrak edo frantsesak, nagusiki; asko Ignaziotar Bidea egitera datozenak. Krisia lagungarri zaiela uste du Canterok, kanpora joan beharrean, jendeak gertuko tokiak ezagutzera gehiago jotzen baitu. Orain arteko ibilbideak argi-ilunak izan baditu ere, asko ikasteko balio izan diela uste du. Etorkizunari begira, asmorik ez zaie falta, baina erronka nagusia ikastetxeekin lan egitea lortzea da. «Jendearen jarrera oso ona izan arren, muturra sartzea zaila da». Horretarako «politak eta potoloak» sortzen ari dira.

 

Ignaziotar bidea, erromesen eta turisten erakargarri

1522an Ignazio Loiolakoak osatu zuen erromesaldiaren zatia da Ignaziotar Bidea. Hain zuzen ere, Lur Santuetara eramango zuen itsasontzia hartzeko Azpeitia eta Manresa (Katalunia) artean egin zuena. Done Jakue bidearekin gertatu den moduan, gero eta gehiago dira ibilbidea egiteko Euskal Herrira etortzen diren erromesak. Bidea Jesusen Lagundiak sustatu du, eta Basquetour Turismoaren Euskal Agentzia egituratzen ari da, Arabako eta Gipuzkoako foru aldundiekin eta Azpeitiko Udalarekin batera. Halaber, zeharkatzen dituen Errioxa, Nafarroa, Aragoi eta Kataluniako turismo arduradunekin elkarlanean ari da.

Mendi Bazterrak enpresako kideak Jaurlaritzarekin harremanetan jarri ziren, turista kopurua hazten ari zela jabetuta, ibilbide horrek azpiegiturarik, publizitaterik eta markatutako xendrarik ez zuelako. Egun, proiektuaren parte dira eta ibilaldi gidatuak egiten dituzte. Gabezien adibide, enpresako kide Aritz Canterok aipatu du 100 bat turistak osatutako taldeak bidea egiteko asmoa adierazi diola Legazpiko Udalari, eta honek ostatu hartzeko frontoia utzi beharko diela.