Amalur ARTOLA
DONOSTIA

Auzoetara iristeko ahalegin berezia egingo du Olatu Talkak

Inoiz baino gehiago, hiritarrei begira jarri da aurten maiatzaren 29tik 31era Donostia hartuko duen Olatu Talka jaialdia. Programazioaren zati handiena hiritarrek egindako 200 proposamenetatik abiatuta osatuko da eta auzoetan gune bereziak ezarriko dituzte.

Olatu Talkaren seigarren edizioak inoiz baino gehiago begiratuko dio aurten Donostiako hiriari eta, hala, hiritarrek urtean zehar garatzen dituzten edota espresuki kultur jaialdi honetarako osatu dituzten ekitaldiak izango dira egitarauaren muina. Hori adierazi zuen atzo Jon Aizpurua Donostia Kulturako ekintza kulturalen zuzendariak jaialdia iragartzeko prentsaurrekoan.

Olatu Talka maiatzaren 29 eta 31 artean egingo da aurten eta, aurreko urteetan gertuko herrietara zabaltzeko ahalegina egin duen bezala, aurten, «herritarren eskariari jarraituz, presentzia handiagoa izango du auzoetan».

Horietan Olatu Talka Guneak zehaztuko direla iragarri zuen Aizpuruak eta programazioa horietara bideratuko da. Altzako San Martzial plaza, Uliako Lore Baratzak, Kontxako arkupeak, Sagues, Miramongo basoa, Kristina Enea parkea edota Bidebietako Kontadores ingurua izango dira, azaldu zuenez, ekimen ezberdinak jasoko dituzten zonak. «Helburua, herrian zehar festa giroa zabaltzeaz gain, eragile ezberdinak harremanetan jarri eta euren arteko gurutzamenduak sustatzea da, epe luzean iraungo duen kultur egitura sendoagoa lortzeko», nabarmendu zuen.

Guneak eta parte hartzea

Espazio banaketa berriaren ondotik, «publiko zabalari ezezagunak zaizkion tokiak agerian utzi eta espazio horiek kultur jarduerarako aktibatu» nahi dituztela azpimarratu zuen Aizpuruak, eta horietan garatuko diren ekimenen «zati handiena» herritarrek egindako proposamenek osatuko dutela ziurtatu zuen. Zentzu honetan, herritarrek antzerki, teknologia berri, gastronomia, dantza, ingurumen edota artearekin lotutako berrehun proposamen inguru helarazi dizkietela nabarmendu zuen Aizpuruak.

Horren inguruan ere mintzatu zen Donostia 2016ko zuzendari Pablo Berastegui. «Parte hartze maila handia duen jaialdia da eta horrek erakusten du hiritarren artean sormena badagoela», adierazi zuen, eta gaur egun Olatu Talka Donostia 2016ko Kultur Hiriburutzaren barnean kokatzen bada ere, egitasmo hori hasi aurretik sortutako jaialdia dela eta «hau amaitzean ere, 2017an, bere bidea egiten jarraituko duen jaialdia» izatea nahi dutela nabarmendu zuen.

«Kultur Hiriburutzarako ezinbestekoa bilakatu da Olatu Talka, eta ez bakarrik proiektuaren atzean dauden balio guztiengatik, baita hirian finkatuta dagoen jaialdia delako ere. Asmoa, etorkizunean elkarlanak sustatzen jarraitzea da», ziurtatu zuen Berasteguik.

Gaueko azokak eta hilerriko bertsoak

Olatu Talka jaialdiak barnean hartuko dituen hiru ekimen ezagutarazi zituzten atzo: Kontxa Gaumarket, Uliako Lore Baratzak eta Burua Altxatuko Balu.

Lehena gauez Kontxako arkupeak hartuko dituen azoka izango da. Bigarrenak, Uliako Auzo Elkarteko kide Leire Rodriguezek azaldu zuenez, auzoko Lore Baratzak parkea eta bertan dauden XIX. mendeko ur deposituak ezagutzeko aukera emango du. «Itxita egon dira azken urteetan eta guk bi urte daramatzagu horien historia ezagutzeko bisitaldi gidatuak eskaintzen», azaldu zuen. Hirugarrenak historia eta bertsoak uztartuko ditu, eszenatoki ezin bereziago batean: Polloeko hilerria. Unai Muñoa eta Ander Lizarralde bertsolariek bertan lurperatuta dauden bospasei pertsonaia ezagun hautatu eta horien biografiak erabilita hiriko historia ezagutaraztea da ekimenaren xedea.

«Autoreen larruan jarrita gaur egungo Donostiaz ze begirada egingo luketen» ere aztertu nahi dute, Muñoak azaldu zuenez, eta une honetan autoreen biografiak ikertzen ari direla argitu zuen. «Oraindik ez dakigu ze pertsonaia hautatuko ditugun; baina, hori bai, gatozen lekutik etorrita, Bilintx horietako bat izango dela aurreikus dezakegu», ziurtatu zuen Muñoak. A.A.