Joxemari CARRERE
Ipuin kontalaria

Udaberria

Behin Bogotako aireporturako bidean taxi gidariarekin berriketaldi bitxia izan nuen. Harrituta utzi ninduen galdera egin zidan: «Esan didate Espainian lau urtaro daudela, nola da hori?». Orduan, burura etorri zitzaidan behin kontalari kolonbiar bati Galiziako Santiagon entzundakoa: «Kolonbian bi urtaro daude: uda eta negua. Uda urte osoan da, negua, berriz euria ari duenean». Taxistari saiatu nintzen lau urtaroen arteko ezberdintasunak azaltzen, udako beroa eta neguko hotza eta elurra. Udaberriko basoen berpiztea eta udazkeneko koloreen eztanda. Gizonak jakin-minez entzuten zuen. Baina gehien harritu zuena izan zen egunaren luzatze eta laburtzearena. Harrituta gelditu zen kontatu nionean udan gaueko hamarretan oraindik argia zegoela eta neguan seietarako, ilun. Kolonbian egunak beti luzera berbera du, eguzkia beti ordu berean altxatzen eta etzaten da. Ezagutzeko jakin-mina izan zuen.

Mundua leku liluragarria da. Guretzat ohikoa dena beste batzuentzat harrigarria, eta alderantziz. Pertsona pertsona denetik munduan barrena ibili izan da, eta ibilaldi horretan sortu zaizkion galderei erantzunak bilatzen saiatu izan da. Eta ipuinak asmatu zituen, harridurari imajinazioarekin erantzun. Eta beste bati kontatu izan dizkio, mundua leku fantastikoa bihurtuz. Kontalariak mundu anitz eta zoragarri horren aurrean galderak egin ezean, zer kontatuko du? Zein erantzun bilatu?