ALAIN IRIART
URRUÑA
Elkarrizketa
ALAIN IRIART
DEPARTAMENDUKO KONTSEILARIA

«Abertzaleek emaitza izugarri onak ukan ditugu hauteskundeetako bi itzulietan»

EH Bai-ko kontseilari bakarra izanen da Paueko erakundean Errobi-Aturri kantonamenduko ordezkari moduan, igandean Fronte Nazionaleko hautagaiei gailendu ostean. Aurreko Kontseiluan ere bakarrik aritu zen, baina abertzaleek lortutako babesarekin Euskal Herriko gaiak aitzinaraziko dituela uste du.

Biziki pozik da bai berak eta bere bikotekide Fabienne Ayensak erdietsitako emaitzekin, are eta gehiago FNko aurkariak garaitu izanagatik eta, jakina, EH Baik oro har jasotako bozengatik.

FNrekin lehiatu zara. Harritu zaitu?

Bai, jakina. Uste nuen eskuinakin edo ezkerrarekin lehiatuko ginela, baina hala gertatu da. Halere, uste dut ez direla nahastu behar eskuin muturraren ideologia arrazista eta botoa eman diotenena. Askok arazoak daudela adierazi nahi izan dute boto horren bidez.

Zergatik eman du EH Bai-k jauzi hori?

Emeki-emeki gure bidea egin dugu. Herritarrek ikusi dute proposamen zehatzak bagenituela Euskal Herriarentzat eta beti hor ginela lanean, eguneroko lanetan. Hala, azkenean kopuru handi batek, ia 18.000 boto-emailek lehen itzulian beren boza eman digute. Horrek esan nahi du entzunak garela eta prest zirela bigarren itzulian ere gure alde bozkatzeko.

Hain zuzen, bigarren itzulian ere ikusgarria izan da jasotako babesa...

Bai. Hor beste hautesle batzuk bildu ditugu. Sekula ikusten ez genuen jendea hurbildu eta gurekin mintzatzen zen eta hori oso pozgarria da gerorako. Azkenean orokorki 25.000 boz ukan ditugu. Zinez, alternatiba bat bilakatu gara.

Zerk erakarri ditu?

Bada elementu nagusi bat: guk instituzio berezia defendatzen dugu Euskal Herriarentzat, lanaz, etxebizitzaz, euskal kulturaz, hau da, bertako arazoez arduratuko dena. Emaitzek erakutsi dute horren beharra ere sentitzen dela. Pentsatzen dut gai horretan heldu den hilabeteetan gauzak aitzinatuko direla.

Lehen aldiz herritar batzuk hurbildu dira, entzun gaituzte. Orain arte bazekiten euskaldunak, abertzaleak, hor ginela eta proposamenak genituela, baina pentsatzen zuten euskal kulturara mugatzen ginela eta ez zuten ikusten gizarte osoko problemak hartu eta proposamenak egiten genituela. Orain argiki ikusi dute eta babestu egin dituzte.

Zein izango dira Departamenduko Kontseiluan EH Bairen lan ardatzak edo aldarriak?

Errobi-Aturriko arrangurak eta arazoak landuko ditugu lehenik eta behin; horretarako engaiatu ginen eta hautatu gaituzte. Bigarrenik, Euskal Herriko arazoez arduratuko gara eta, nola ez aipatu, Euskal Herriarentzako Herri Elkargo bakarraren gaiaz. Mementoan debate handi bat bada Hautetsien Kontseiluan horri buruz. Hortik irizpide bat aterako da, Departamenduko Kontseiluak kontuan hartu eta eztabaidan jarri beharko duena. Aspaldi ari gara hori eskatzen, baina ez da sekula gertatu. Hori defendatuko dugu heldu diren hilabeteetan.

Nola kokatuko duzu zure burua Paueko Kontseiluan?

Bai ni bai Fabienne Ayenda independente moduan geldituko gara.

Eta presidentetzarako bozketan zer egingo du EH Baik?

Beste taldeek gure proposamenak ez dituztela aintzat hartzen ikusirik independente gisa presentatuko naiz, EH Baik izan duen aitzinamendua eta Euskal Herriko instituzioaren beharra nabarmentzeko.

Beraz, zeure burua aurkeztuko duzu?

Bai. Badakigu eskuin eta zentristek gehiengo handia dutela eta, segur aski Lasserre izango dela lehendakaria, baina uste dut gure hautagaitza aurkeztea merezi duela, EH Bairen proposamenak defendatzeko.