Amalur ARTOLA

Kalostra, edo artearen laborategi kolektiboa

Arte eskola bat da Kalostra, baina ez da arte eskola bat soilik. Esperimentaziorako gunea izan nahi du, artea partekatzeko lekua, artistei euren barnera begiratu eta sormena garatzeko espazioa eta denbora emango dien eremua. Asteartean zabalduko ditu ateak.

Xabier Galtzarain Kalostrako koordinatzaileak ez du ikasle eta irakasleez hitz egin nahi. «Bizitza honetan denok ikas dezakegu ondokoengandik, denok gara ikasle eta irakasle aldi berean», argudiatu du, ziur. Hala, Kalostran, egotekotan, artistak eta partaideak –proiektuan parte hartuko duten kideak– daudela dio. Zerbait partekatzera doan jende multzo bat, bakoitza bere erara, bere neurri eta erritmoan, baina barrura begira jarrita ikasitakoari forma kanpoan eta kolektiboaren eskutik emango diona.

Kalostra zer izango den ez dutela garbi dio –hori «esperimentu honetan» parte hartzen dutenek zehaztuko omen dute–, baina argi dutela zer ez duten izatea nahi. Ez dute irakaskuntza arautuaren erritmo zoro eta ebaluaketa sistema beren egin nahi eta, hain zuzen, hori izango dute ikastaroaren dinamika zehazteko abiapuntua: «Artearen munduan, dena bihurtu da presaka egin beharra, kanpotik datorren eskaera bati erantzun beharra, unibertsitatean ere beti gaude eskatzen diguten horri erantzuten... Artistak ez du bere buruarekin egoteko astirik, bere lanari patxadaz heltzeko denborarik, derrigortua dago abiadura handian lan egitera. Orain 25 urte berritzaileak izan ziren tailerrak ere egun konbentzio bihurtu dira; normaldu egin dira, gero eta laburragoak dira, eta hausnartu genuen ez ote den tailerraren izaera bera ahultzen ari, eta, beraz, ea egun eredu horrek balio ote dion artista izan nahi duen gazte bati».

Diagnosi hori ardatz hartuta eta artearen munduan dabilen jendeari lan egiteko espazioa eta denbora eskaini behar zaiola sinetsita sortu dute Kalostra arte-eskola proiektua.

Apirilaren 7an hasita eta sei hilabetez, hamabost pertsonak hartuko dute parte eskolako lehen ikastaroan. Ez da programarik, notarik edota derrigor entregatu beharreko lanik izango. Ibilbide oparoa duten sei artistaz osatutako klaustroa –Ana Laura Alaez, Jon Mikel Euba, Maria Luisa Fernandez Olivera, Asier Mendizabal, Itziar Okariz eta Sergio Prego– izango da partaideak euren hausnartze eta sortze prozesuan gidatuko dituena. «Artista horiek laguntza handia eman diezaiokete momentu batean karrera bukatu berri duen gazte bati, barruan duen desira hori nola formalizatu oso ondo ez dakiena edo bere bidea topatzeko nondik abiatu ez dakiena», ziurtatu du Galtzarainek.

Hala, artista horiek, bakoitzak artearekiko duen ikuspegitik abiatuta, material ezberdinak prestatu dituzte ikastaroko partaideekin lantzeko. Astero horietako bat ibiliko da Kalostrako eraikinean –Donostiako Santa Teresa labirinto itxurako komentu ederra– aurrera eta atzera partaideei euren bidea aurkitzen laguntzeko ahaleginean eta, hilabetero, klaustroaren bilera izango da ikastaroak hartu duen norabideaz eztabaidatu eta hausnartzeko.

«Bestelako eredu pedagogiko baten bila gabiltza, eta uste dugu bilaketan bertan topatuko dugula eredu pedagogiko hori. Hau da, eginez ikusiko dugula ze behar ditugun, behar horiei zelako erantzunak eman behar dizkiegun eta hautatu dugun erantzuna egokia den edo aldatu egin behar dugun», argitu du Galtzarainek. Eta eredu hori bilatzeko ezarri dituzten oinarriak zeintzuk diren ere azaldu du: «Eskola bat izango da Kalostra, baina ez da curriculum zehatzik eta ordutegirik izango. Partaideek egun osoa hemen eman dezaten nahi dugu, albokoarekin elkarrizketan, artistekin kontaktu zuzenean, ikasketa prozesu kolektibo baten baitan». Horren barruan «irakurtzea, filmak ikustea edota hizketan egotea» sar daitezkeela aipatu du, baina garrantzitsuena partaideak garatu behar duen hori –materiala izan edo ez– garatzeko espazioa eta denbora izango dituela dela dio: «Hori da guk nahi duguna; partaideari bestelako erritmo batean eta denborarekin lan egiteko aukera ematea». Beste gauza bat ere argi du: teoriari muzin egin gabe, praktikotasunean oinarritutako eskola izango dela. «Artearen munduan diskurtsiborako joera dago egun, baina artearen benetako balioa praktikan dago, praktika horrek sortzen dizkigun zalantzetan, ekartzen dizkigun irudi edo kontzeptu berrietan; azkenean, mundua ulertzeko moduetan eta ez hainbeste horrek emango duen emaitzan».

Intentsitatea eta konpromisoa

Lehen ikastaro honetan parte hartuko duten pertsonek artea –eta artearekin batera euren burua– garatu ahal izateko aukera paregabea izango dute esku artean. Baina Kalostrak, emateaz gain, eskatu ere egingo die: Galtzarainek ezinbestekotzat jotzen du proiektuarekiko konpromisoa erakutsi eta intentsitatez lan egin dezatela.

Proiektuan parte hartuko duten hamabost pertsonetatik gehienak Euskal Herrian bizi dira –«gehienak Bilbon, baina jatorri ezberdinekoak dira; euskaldunez gain, Kanariak, Santander, Londresen jaio baina hemen bizi den bat...denetik dago», zehaztu du Galtzarainek–, eta bat Suediatik etorriko da espresuki proiektuan parte hartzera. Horiei, sei hilabetez proiektuan buru-belarri sar daitezela eskatuko zaie. Bizitzera Donostiara etor daitezela. Kalostra izan dadila euren etxe. «Eskatzen genuena ikusita kezka genuen, ea inork izenik emango ote zuen...», aitortu du, barrez. Arte eskolan parte hartzeko izena 30 pertsonak eman zutela argitu eta kopuruarekin zein partaideen mailarekin «oso gustura» daudela ziurtatu du. «Talde on bat sor daitekeela uste dugu, lan ona egiteko aukera dagoela».

Adin zein ibilbide aldetik talde anitza dela azaldu du Galtzarainek. 1977 eta 1993. urteen artean jaiotakoak dira eta interes, ibilbide eta helburu oso ezberdinak izanda ere, ba omen da denak lotzen dituen elementu bat: barrura begiratu eta aurrera egiteko nahia. «Nolabait esateko, denak momentu berean daude, abiapuntu, aldaketa edo sendotze puntu batean daude eta badute beren buruarekin eta lanarekin denbora luze samar batean egoteko beharra, horrek zer ematen duen eta nora bideratzen dituen ikusteko».

Egun gutxi falta dira lanean hasi eta proiektuaren bidea definitzen hasteko. Horren aurrean Galtzarain lasai agertu da. Konfiantza du proiektuan, bestelako hezkuntza eta ikasketa eredua izango duen arte eskola horretan, eta ziurtasunez baieztatzen du lehen ikastaro honetan sortzen den talde dinamikak zehaztuko duela Kalostrak egin beharreko bidea. «Bigarren ikasturtea iristen denean lehendabizikoan ikasitakoa izango dugu oinarri eta horri gehitu, kendu, hobetu eta eraldatuta etorriko da hurrena, eta gero hurrena... Azkenean, hori izango baita Kalostra: bertan parte hartzen dutenek nahi dutena izatea».

 

Klaustroa tokiko artisten sare informalaren isla izango da

Sei artistak osatutako klaustroa izango da Kalostra arte eskolako gidaritza eramango duena: Ana Laura Alaez, Jon Mikel Euba, Maria Luisa Fernandez Olivera, Asier Mendizabal, Itziar Okariz eta Sergio Prego. Guztiak dira, era batera edo bestera, Artelekutik pasatakoak. Baina ez da hori, Kalostrako koordinatzaile Xabier Galtzarainen hitzetan, euren artean dagoen zubi bakarra. «Talde honen gauzarik bereziena da, ofizialki edo administratiboki antolatua ez dagoen komunitate bat izanda ere, euren artean oso harreman estua dutela; asko kolaboratzen dute elkarrekin eta lanaren bidez joan da euren arteko harremana sendotzen».

Artisten komunitate edo sare informal horrek duen funtzionatzeko era eraman nahi dute Kalostra arte eskolara. Harreman puntualetatik elkarlanak sor daitezen nahi dute, belaunaldien arteko loturak sendotu eta sormen prozesuak partekatuak ere izan daitezela. «Lotura horiek era natural batean gertatu dira eta Kalostran, nolabait, horiek formalizatu edo egikaritu nahi ditugu. Eta, zergatik ez, gerta daitekeenarekin esperimentatu».

Esperimentua. Hori da, Galtzarainen hitzetan, Kalostrako hormen artean gertatuko dena hobekien deskribatzen duen hitza. Sortze prozesua bezala: «Sorkuntzan, beti zaude ez dakizunaren bila, eta hortik abiatzen zara gainera; ez dakizun horretatik joan behar duzu ez dakizun leku batera iristeko. Orduan, nola ez da izango ba hau [Kalostra] esperimentu bat?». A.A.