Andoni TOLOSA «MORAU»
Musikaria

Masiboa

Ez da harrokeria, baina Korrika kantuan parte hartu izanari esker, badakit zer den milaka lagunen aurrean jo eta horietako erdiak ia dantzan jartzea, eta zer nahi duzue esatea, kontu hori oso gainbaloratua dago musikarion artean. Ez da hainbesterako!

Ados, bizikletan buelta bat emateko moduko oholtzan aritzen zara, ekipo eta teknikari oso konpententeak dituzu inguruan, gora eta behera. Buruz jositako inurritegi bat dirudi eroriz gero lepo-hezurra hausteko altuera duen eszenatokitik ikusten duzunak.

Ados, baina mito bat da kolpe bakarrean bestela hamarka emanalditan bilduko ez zenituzkeen entzuleengana iristearen kontu hori. Hortxe dituzu, milaka begi begira, baina ezer gutxi gehiago... Jai duzu zure musika ez bada horretarako prestatu: ez bada erraz sartu eta abiadura berean irteten dena, ez bada estereotipo jakinen baitakoa, okertzeko aukera asko ematen ez duen mezu zuzen bakarrekoa. Ez du askorako balio hainbeste lagunen aurrean jotzeak, ez baduzu tamaina bereko ikuskizunik. Hein handian, errespetu guztiarekin, hau zirkua baita, eta ez baduzu hori kontuan hartzen inork ez zaitu ikusiko, milaka begi begira egon arren. Aspergarria da farandularen alde masibo hau. Bale, kuriosoa da, une batez musikari profesionaltzat har dezakezu zeure burua, mimatuago sentitu, aginte makila eskuetan duzula irudikatu. Baina hori ezer gutxi da musika eta jendearekin disfrutatu nahi baduzu. Ziur asko ez naiz jaio Bruce Springsteen izateko.