GARA
BERMEO

Hezur-muina emateko sentsibilizazio kanpaina hasiko dute bermeotarrek

Bermeoko talde batek jendea hezur-muina ematera bultzatzeko kanpaina jarriko du martxan herrian eta gutxika-gutxika Busturialde osora hedatuko du. Helburua «bizitzak salbatzea da». Kanpaina maiatzaren 2an hasiko dute eta epe luzekoa izango da.

Jendea hezur-muina ematera bultzatzeko sentsibilizazio kanpaina abiatuko du bermeotar talde batek, «bizitzak salbatzeko» xedearekin. Hala adierazi zuten Maria Jose Martinez Serna, Sonia Dominguez eta Aitziber Campillo kideek aurkezpenean. Eurekin izan zen Idurre Bideguren Bermeoko alkatea ere; izan ere, bere esanetan, garrantzitsua da horrelako ekimen solidarioak babestea eta elkartasun osoa ematea.

Maiatzaren 2an ekingo diote kanpainari, Bermeon triatloia izango dela eta jende asko batuko dela baliatuta. Egun horretan esku-orriak banatuko dituzte.

Ez da arriskutsua

Esku-orrietan azaltzen dutenez, hezur-muina emateko ez da kirurgiarik behar, ez da arriskutsua eta zelulak eurak ordezkatzen dira lau-sei astetan. Ez dela bizkar-muinetik ateratzen argitzen dute, ez baitira gauza bera bizkar-muina eta hezur-muina. Odol-ateratzea da, normala baino luzeagoa. 18 eta 55 urte arteko lagunak izan daitezke emaile eta telefonoz edo posta elektronikoz eman daiteke izena (94 403 3601, 943 007 000, 945 006 291, 900 303404 eta bermeodonamedula@gmail.com).

Kanpaina epe luzekoa izango da. Jakinarazi zutenez, Estatu espainolean %0,3 soilik da emailea. Bertan, urtean 5.000 laguni leuzemia diagnostikatzen diete, 7.000ri linfoma eta beste milaka pertsonari odoleko beste gaixotasun batzuk. Askok hezur-muineko transplante bat behar izango dute eta hirutik batek ez du emailerik aurkitzen. Erdiak umeak dira. Jendea emaile izatera animatu nahi dute, beraz.