J.S.
DONOSTIA

Adineko langabeak lan mundura itzultzeko plana proposatu du EH Bilduk

Gipuzkoako EH Bilduk 50 urtetik gorako langabeak berriro lanera itzultzeko plana proposatu du, babestutako lan merkatua sortuz erakunde publikoetan. Hala adierazi zuen atzo diputatu nagusirako hautagaiak, Xabier Olanok, koalizio abertzaleak sustatzen duen eredu ekonomikoaren bost zutabe nagusiak aurkezteko ekitaldian.

Gipuzkoako Ogasun zuzendari kargua utzi berri duen hautagaiak adierazi zuenez, «merkatu pribatuek baztertu egiten dituzte kolektibo hauek eta ezin ditugu alde batera utzi. Pertsona hauek babes publikoa behar dute eta, horretarako, aldi luzeko langabeentzako babestutako lan merkatua sortu nahi dugu».

Bigarren zutabe gisa, EH Bilduk ezinbestekotzat jotzen du Gipuzkoako langileen lan baldintzak «hobetzea eta blindatzea», herrialde honetan 19.322 pertsona (langileen %7), lanpostu bat izan arren, pobreziaren mugaren azpitik daudelako une honetan.

Hirugarrenik, gizarte zerbitzuetan inbertitzea proposatu zuen Olanok, «aukera handiak» baitaude sektore honi lotutako enplegua sortzeko (lau urtetan 1.500 lanpostu inguru).

Laugarrenik, enpresa txiki eta ertainentzat aholkularitza zerbitzu publikoa eskainiko dutela aurreratu zuen, «hamarkada luzeetan ahaztuak egon direlako».

Azkenik, berrikuntzan gehiago inbertitzea proposatu zuen. «Lanpostu duinak sortzeko sekulako aukerak ematen ditu ingurumenaren arloan sortutako industria eredu berriak», nabarmendu zuen Olanok.