Estibalitz EZKERRA
Literatur kritikaria

Lapur elegantea

Lapurreta modu elegantea da», esaten die idazleak urtean behin Europako hiri eza gun batean antolatzen duten liburu azokara gerturatutako kazetariei. Ahots tonua ez zaio aldatu hitzok ahoskatzerakoan, nahiz eta lapurreta hitz gogorra den baina kasu honetan elegantea. Ez dakigu oraindik onerako ala txarrerako den hori. Lapurreta da, bai, jarraitzen du idazleak, liburu denda batean orduak igarotzea liburuak gainbegiratzen, handik eta hemendik pasarteren bat edo beste irakurtzen, zutunik edo lurrean eserita, liburuaren gainean iritzi bat sortzen, jarraian liburu dendatik atera, etxera edo gertuko ziberkafera joan eta sarean liburu bera, arreta piztu digun hori, erosteko. Lapurreta da, bai, baina elegantea, dio idazleak, aztarnarik ez duelako uzten. Liburu dendak liburu kopuru bera izaten jarraitzen du, baina lapurrak egin du bere egitekoa: bere jakin-mina ase ezer ordaindu gabe. Liburu dendak, ordea, ez du liburu kopuru bera eduki nahi. Ez du haiek lapurtuak izatea nahi, ezta dohainik eman nahi ere. Liburuentzako jabeak nahi ditu, haiek erosi eta etxera eramango dituztenak. Gaur egun, baina, irakurle askok sarearen bidez eskuratu egiten dituzte liburuak, baina liburu dendak eskaintzen dituen abantailei muzin egin gabe. Alegia, erosketa egin aurretik jakin nahi dute liburua zertaz den, nola idatzita dagoen, azala ukitu, orriak usaindu. Hori mementoz ezin die sareak eskaini. Horregatik liburu dendara jotzen dute, erosteko asmorik gabe, lapur elegante bihurtuta.