Floren Aoiz
@elomendia
JO PUNTUA

Postureo progre aspergarriak

Coca Colak bikote «heterodoxoak» defendatzen ditu telebista iragarki batean. Bi aita gay izatea gauza ederra dela adierazten digute, egoera guzien gainetik maitasuna baitago. Baten batek pentsa dezake oso ausartak direla, homofoboak haserretzen ahal dituztelako eta horixe da bilatzen dutena: Coca Colak balioak negozioaren aurretik jartzen ditu, berdin zaiolarik bezeroak galtzea.

Iragarkia zabaltzen den bitartean espainiar epaileek bertan behera utzi dute Coca Colaren langile kaleratze erraldoia. Pentsa ezazue nolakoa izanen zen astakeria, ia dena pasatzen uzten duten epaileek deuseztatu behar izan badute. Postureo progre-modernoaren gibelean neoliberalismoaren logika basatia ezkutatzeko beharra atzematen da, nabarmenki: itxurakeriaren logika neoliberalismoaren osagarria da, narratiba neoliberal esplizituaren mozorro ikusgarria.

Jose Luis Rodriguez Zapatero etorri zait burura hau pentsatzean. Belauniko jarri zen agindu neoliberalen aitzinean, atzerakoien agenda bete zuen Euskal Herriari eta Kataluniari begira, baina, aizue, homosexualen eskubideak defendatu zituen. Jakina, maila horretan eta beste batzuetan egindako urratsak, mugatuak izanik ere, onuragarriak dira, baina harago joan behar dugu logika bere osotasunean ulertzeko.

“Diario de Noticias” egunkarian zutabegile batekin izan dut polemika egunotan. Gizonak Adolfo Araiz hartu du jomuga. Bere teoria da EH Bilduren zerrendaburu hautatu izanak aldaketa zailtzen duela. Zergatik? Araiz HBkoa izan zelako. Suposatzen ahal duzue: asesinatoak, tingladoa, mafiosoak, moralina barra-barra…

Nagore du izena eta haserretu egin zait txio batean UPNko kontseilari baten kabinete burua izan zela aipatu nuelako. Erregimena aldatzeko zilegitasun ziurtagirien banatzaileari ez zaio gustatu erregimenarendako lan egin zuela oroitu izana. Aspergarria, zinez, postureo progrea, batez ere zerbait ezkutatzeko sobreaktuazioa bilakatzen delarik!