GARA
USURBIL

Berriztagarriak sustatzeko hitzarmena sinatu dute Udalbiltzak eta Koop57-k

Udalbiltzaren Garapen eta Kohesio Fondoak eta Koop57 talde kooperatiboak lankidetza hitzarmena sinatu dute, finantza etiko eta solidarioaren bitartez energia berriztagarrien sektoreari bultzada emateko helburuarekin. Aurten deialdi bat zabalduko dute.

Udalbiltzaren Euskal Garapen eta Kohesio Fondoak (EGKF) eta Koop57 talde kooperatiboak lankidetza hitzarmena sinatu zuten pasa den ostegunean, Usurbilen. Udalbiltzaren izenean Mertxe Aizpurua presidenteak sinatu zuen testua, eta Koop57 taldearenean, berriz, Liher Gonzalez eta Pau Fernandezek.

Akordio honi esker, ekonomia sozialaren eremuan energia berriztagarriei lotutako proiektuak garatzeko mailegu solidarioak emango dituzte. Udalbiltzak eta kooperatibak helburu berdintsuak dituztenez, honelako puntuak jorratu zituzten hitzarmenean: alde batetik, EGKFk Udalbiltzako kide diren alkate eta zinegotzien artean Koop57ren egitasmoa eta xedea zabalduko ditu; beste aldetik, enpresak proiektuak aurrera eramateko beharrezkoa den kapitalarekin finantzatuko ditu, eta horietan parte hartzeko deialdia martxan jarriko du.

Biek ala biek, 2015ean mailegu solidarioak eskaintzeko deialdi bat zabaltzeko konpromisoa hartu zuten. Izan ere, jada zabalik dago izena emateko epea, eta EGKFk Usurbilen duen egoitzan jasoko dituzte proposamenak. Bertan parte hartzen duten proiektuek ekonomia soziala eta solidarioa sustatu beharko dute energia berriztagarrien bitartez. Era berean, bi entitateetako kideek batzorde bat osatuko dute proiektuok ebaluatzeko.

Energia burujabetza

Azken hamarkadetan energiaren kontsumoak gorakada izugarria izan du. Bestalde, Euskal Herrian kontsumitzen den energiaren %8 soilik sortzen da hemen. Hori dela-eta, hitzarmen honen helburu nagusia energia kontsumoa murriztea eta energia berriztagarrien ekoizpena handitzea da burujabetza energetikoaren bidean pausoak emateko.

Mailegu solidario hauek eskuratzeko deialdietan parte hartu dezake Koop57 entitateak ekonomia sozial eta solidarioari buruz zehazten dituen baldintzak betetzen dituen enpresa orok. Ezinbestekoa izango da betebehar fiskalen eta Gizarte Segurantzaren ordainketak eguneratuak izatea.

Lehen deialdi honetan 1.000.000 euro banatuko ditu kooperatibak mailegu solidario desberdinetan banatuta. Horiek eskuratzeko, enpresek bazkide alta eman beharko dute Koop57 zerbitzuetan eta 1.000 euroko ekarpena egin beharko dute. Azkenean ebaluazio batzordeak enpresa bat kanpoan uzten badu, honek dirua itzultzea eskatu ahalko du.

Ebaluazio tekniko hori gainditzea ere derrigorrezkoa izango da honek proiektuaren bideragarritasuna ziurtatzen duelako.

Maileguen itzulketak enpresa bakoitzaren beharretara egokitutako epeetan egingo dira –gehienezko epea 10 urtekoa izango da urteko %6,25eko interesarekin–.