G. M. ZUBIARRAIN

INGURUMEN POLITIKA EGOKI BATEKIN 10.000 LANPOSTU SOR LITEZKE IPAR EUSKAL HERRIAN

Garapen jasangarria ardatz duen politika bat gauzatzearen ondorioak aztertu ditu ELA sindikatuaren Manu Robles Ajangiz fundazioak galdegindako ikerketa batek. Energia sektorea eraldatzea eta jarduera ekonomikoa bertakotzea giltzarritzat jo ditu.

Lan mamitsu honen egilea Jose Ramon Becerra ingurumen, energia eta industria segurtasunean berezitako ingeniaria eta Equo alderdiaren EAEko bozeramailea da. Lau hilabeteko ikerketaren uzta da. Ekonomiaren sektore garrantzitsuenak aztertu dituzte, eta kalkuluak egiteko, nazioarteko erakundeen azterketak eta estatuetako antolakunde ofizialen aurreikuspenak hartu dituzte oinarri.

Kontsumo ondasunen ekoizpen intentsiboan oinarritutako sistemak erreka jo duela ondorioztaturik, eta horrek milaka enplegu eta konta ezin ahala natura baliabide deuseztatzea eragin duela, sistema berri baterako trantsizioari ekin behar zaiola defendatzen du egileak. Horretarako, berrantolatu egin behar dira politika publikoak nahiz sektore pribatuaren ekinbidea. Ekologia muinean duten «enplegu jasangarriak» edo «enplegu berdeak» sortzea da Becerrak proposatzen duena.

Berriztagarriak, giltzarri

Enplegu jasangarriaren hobi nagusia energia sektorearen eraldaketan dago. Energia sistema eraginkor, garbi eta iraunkorra erdiesteko, eta Ipar Euskal Herriaren ezaugarriak kontuan izanik, biomasa sektorea (1.320 lanpostu), panel fotovoltaikoena (830 lanpostu), itsas mareen energiarena (450 lanpostu) eta geotermikoa (400 lanpostu) garatzea proposatzen du Becerrak. Aldiz, energia eolikoari, hidraulikoari eta uhinenari ozta irizten die aukerarik. Bere tesia zurkaizteko Alemania aitatu du adituak: trantsizio energetikoari ekinez, 2004-2010 aldian energia berriztagarriekin lotutako lanpostuak bikoiztera iritsi da herrialdea.

Energia sortzeko bideak birpentsatzeaz gain, kontsumoa murrizteko neurriak hartu beharra ikusten du ikerketak sektore produktibo guztietan. Energia eraginkortasuna helburu duten neurriak pentsatzeak eta horiek abian jartzeak 500 lanpostu sortzeko aukera emango luke. Etxebizitzetan energia kontsumoa murriztea helburu duen «Grenelle legea» betetzeko, bere aldetik, hogeita hamar mila etxe bederen berritu beharko lirateke datozen hamar urteetan hiru herrialdeetan eta horrek 600dik gora lanpostu sortzea ekarriko luke.

Garraioaren arloan, mugikortasun jasangarria garatzeak 550 lanpostu sortzea ekarriko luke lanaren arabera. Hiru herrialdeetan erabilera marjinala duten bizikleta eta trena sustatzea dira horretarako bideak pertsonen garraioan. Ondasunenean, berriz, kamioi bidezko garraiotik trenezkora nahiz itsaso bidezkora pasatzea. Zeresan handia lukete Baionako portuak eta Hendaiako tren geltokiak horretan.

Hondakinen kudeaketan, gaikako bilketa egungo %21etik %50era igotze hutsarekin ia 400 lanpostu sortuko liratekeela dio ikerketak. Horretaz gain, egoera onean dauden etxetresna eta altzariak berreskuratzeko eta berrerabiltzeko jarduera sustatzea aipatzen da. Materia organikoaren konposta kalitatezkoa izateko neurriak hartu beharra ere jasotzen da. Bi ildo horiek garatuz 180 lanpostu berri sor litezkeela kalkulatu du.

Azkenik, nekazaritza nahiz abeltzaintza biologikoa jorratzearen alde egiten du ikerketak, eta era berean, sistema jasangarri batekin bateragarriak diren jatorrizko izendapen babestuekin aurrera egitea (Ossau-Irati gazta, Irulegiko ardoa, Euskal Txerria eta abar). Era horiei jarraiki ekoizten duten etxaldeak, egun Euskal Herriko Nekazaritza Ganberaren arabera erdiak direnak, %65 izanez gero 800 lanpostu sortzeko bidea legoke. Arrantza sektoreari eta basogintzari ere eragingo lioke ekoizpen moduaren aldaketak. Arrantzan, adibidez, 280 lanpostu sortzea lorgarri ikusten du.

Natur eremuen zaintzan, araztegi sarean eta produktu berri iraunkorragoen garapenean eta ikerketan indar egiteko premia ere jasotzen da lanean.

Birlokalizazioa

Elikagaien ekoizpena eta merkataritza sektorea birlokalizatzeak jardun ekonomikoan zein ondorio ekarriko lukeen aztertu du, baita ere, ikerketak. Bertan kontsumitzen diren janariak ahal dela bertan ekoitziz, Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan 2.500 nekazari beharko liratekeela aurreikusten da. Horrek gaur daudenak baino mila gehiago esan nahi du. Janarien %77 eta bestelako produktuen %73 azalera handiko guneetan erosten direla kontuan izanik, eta horiek sortzen duten lanpostu bakoitzeko saltoki ertain eta txikietan 1,64 lanpostu deuseztatzen dituztela, merkaturatze sistema azken hauen alde eraldatzeak ia 2.000 lanpostu berri sortzea ekar lezakeela dio ikerketak.

 

Eraldaketak eskatzen dituen 235 milioi euroak nondik erdietsi

Jasangarritasuna muin duen politika baterako trantsizioak dakarren kostua neurtu du J. R. Becerrak. 235 milioi eurokoa litzateke berau Ipar Euskal Herrian. Zifra hori erlatibizatu nahi izan du, lehenik, ikerlariak Mediabask-i egindako adierazpenetan. Gogoratu du EAEn Lakuak indarrean duen azken enplegu planak berak 6.000 milioi euro mugitzea aurreikusi duela. Hori guztia 32.000 enplegu sortzeko, «ez guztiak halabeharrez jasangarriak», zehaztu nahi izan du. Dirua lortzeko bidea diru laguntzen sistema egitasmo jasangarriak lehenesteko eraberritzea dela uste du ekologia gaietan aditua eta saiatua den gizonak.G.M.Z.