GARA
GERNIKA

Lan eta Bizi-k Ibarra guneari buruzko erantzun eza salatu du

Gernikako Busturialdean Lan eta Bizi ekimeneko partaideek salatu dute ez dutela Busturialdeko Industrialdea SA-ren aldetik inolako erantzun zuzenik jaso Gernikako Ibarra industriagunea egokitzeko eskaerari buruz.

Izan ere, ekimenak uste du enpresak ez duela birgaitze planik egingo, ezta ordainduko ere, eskualdeko alkateek duela urte eta erdi hori eskatu bazioten ere. «Denbora galtzeko sasi erantzun bat eman zuten bederatzigarren hilabetean. Eta alkateek eurek lankidetzarako proposamen zehatzak egin ondoren, hara nolako erantzuna jaso duten hauteskundeen aurretik», aipatu zuten pasa den hilaren 2an alkateek egindako agerraldian salatutakoari erreferentzia eginez.

«Bost orrialdeko zirriborrotxo bat» baino ez dutela jaso esan zuten orduan. Hauen ustez, hasierako konpromisoari ez dio «inondik inora» erantzuten.

Alkateek industriagunea eraberritzeko proposamena egin zutenean Busturialdeko Industrialdea sozietate anonimoak aho batez onartu zuen, baina oraindik ez du hitza beteko duela adierazten duen pausorik eman.

Hori dela-eta, Busturialdean Lan eta Bizi ekimenak herritarrei helarazi nahi die horren aurrean egin duen hausnarketa. «Harriduraz ikusi dugu orain ia urte biko eskariari emandako erantzun paregabea. Badakigu erantzuna eman dutenak elkarte anonimoaren partaideak diren Eusko Jaurlaritzako SPRI enpresa publikoaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren ordezkariak direla. Beraz, EAJ-PNVko ordezkariak». Horregatik uste dute Lakuako gobernua eta Bizkaiko Aldundia «subjektu erabakigarriak» direla proiektu hau aurrera ateratzeko.