G.M. ZUBIARRAIN
AZKARATE

Basusarrin, Biriatun eta Azkaraten ikastola berriak irekiko ditu Seaskak

Lehen aldia da ikasturte berean hiru proiektu berri gauzatuko direna, «historikoa», Pascal Indo Seaskako lehendakariaren hitzetan. Azken hamar urteotan 881 ikasle gehiago lortu dituzte ikastolek.

Atzo eman zuten albistea Seaskako ordezkariek, Garazi aldeko Azkarate herrian irekiko duten ikastola berriaren etorkizuneko eraikinean. Han zen herriko alkatea ere, Jean-Michel Galant, herriari «bizi berria» emango diola esanez. Lapurdin irekiko dituzte gainerako bi ikastolak: bata Basusarrin, bestea Biriatun.

Hamaika ikaslerekin hasiko du bidea Azkaratekoak. Herriko ikastetxe bakarra izango da ikastola. Badira 28 urte bertako eskola publikoa itxi zutela. «Garaziko ikastola txikiegi geratzen ari da», ohartarazi du Amaia Jauregi gurasoak.

Biriatun, eskola publikoaren alboko eraikin batean kokatuko da ikastola. Haur dezente joan da azken urteotan Bidasoa ertzeko herritik Hendaiara eta Urruñara, eta joera hori bukatzea nahi dute.

Azkenik, «garapen betean» dagoen Basusarrin, adar elebidunik gabeko eskola publikoa besterik ez dagoen Lapurdiko herrian, euskarako eskaintza eginez erantzun nahi dio sareak biztanle hazkundeari.

Orotara, 3.300 ikasleren langa gaindituko du Seaskak irailean.