Amalur ARTOLA
ARDITURRIKO ONDAREA

Erromatar garaiko meatzarien larruan jarriko gaituzten 100 metroak

Ez da erraza erromatar garaiko meatzarien bizimodua irudikatzea, baina bide horretan beste urrats bat egin dute Oiartzungo Arditurrin. Bisitarientzat egokitu duten 100 metroko galerian, errealitate haren arnasak hartuko gaitu.

Orainak iraganarekin talka egiten du Arditurrin, Aiako Harria parke naturalaren bihotzean. Interpretazio Zentroaren atariak badu, nolabait, denboraren makinaren tankera. Badakizulako, aurrez aurre duzun altzairuzko ate horren atzean bi mila urteko historia, gure iraganaren zati bat gainera, duzula zain.

Arditurriko meategi handira daraman ate hori, dena den, 2008. urtetik dago publikoari zabalik. Atzotik, baina, beste bidaia bat proposatzen zaio bisitariari: erromatar garaiko meatzariek euren esku eta izerdiarekin zabaldu zuten 100 metroko galeria estuan barrena iraganera jauzi egitea.

Ordubeteko bisitaldi honetan, Santa Barbara izena duen meategia bi alderditatik ikusteko aukera dago: barrutik eta kanpotik. Barrualdeko bisitan, aipatu ehun metroko galeria estua zeharkatzen du bisitariak, kaskoa buruan eta linterna eskuan. Iluntasunak blaitzen du ingurua, oinek zoru labainkorrean oinarria bilatzen duten bitartean. Alboetan, meatzariek olio lanparak kokatzeko egin zituzten sakonuneak ikus daitezke, baita ura kanpora ateratzeko ubidetxoa ere. Eta, ehun metroko esperientziaren ostean, bisitariari baimendutako azken puntura iristen gara.

Bertan, hormaren kolore gorriztak behinola preziatua izan zen burdinaren arrastoak iradokitzen dizkigu. Baina ez da hori ibilbidearen amaierak duen puntu interesgarriena: goialdean beste galeria bat zabaltzen da, prospekzio galeria.

Galeriaren egokitze lanetan parte hartu duen Mertxe Urteaga Arkeolaneko kidearen hitzetan, meatzariek gune zehatz batean zilar edota burdinarik bazegoen jakiteko goitik beherako zuloak egiten zituzten lehendabizi eta, aztarnarik aurkituz gero, beheragoko puntu batetik galeria horizontalak zabaltzen zituzten, minerala atera eta hobeto garraiatu ahal izateko: «Biek bat egiten duten puntura iristea ikusgarria da, prospekzio galeria ikusten duzulako, malda handia zela-eta bertan egin zituzten eskaileratxoak... baita zainaren ezaugarriak, kolore gorri hori, eta gai teknikoak ere: nola ireki zuten, eta abar». Hain zuzen, kanpoaldeko bisitak, jada aire zabalean, galeria horren sorburura garamatza.

Aipatzekoa da erromatarrek utzi zutenetik bere horretan mantendu dela Santa Barbara meatzea eta horrek erromatarren meatze-ingeniaritzaren erakusle interesgarri bilakatzen du. Azken hiru urteetan egin diren egokitze lanen bidez, meatze hau bisitarientzat moldatzeaz gain, mearen dekantazio putzua bistaratu dute eta Erdi Aroko burdinola hidraulikoaren aztarnak aurkitu, induskatu eta berrintegratu dituzte. Bisitariek aurreko guztiaren informazioa jasotzeko seinaleak eta informazio-panelak ere ezarri dituzte.

Santa Barbara meatzea gehienez bost pertsonako taldeetan bisita daiteke, betiere arkeologoen konpainian eta aurrez erreserbatuta. Informazio gehiago: www.arditurri.com edo www.arkeolan.com.

Aiako Harriko mineralak

Arditurriko meategiek sona badute ere, Urteagak mineralak Aiako Harria parke natural osoan barrena daudela ekarri zuen gogora: «Aiako Harriko tontor hori batolito bat zen, magma gogortu ondoren sortua. Pirinioak sortu zirenean, hori dena altxatu eta lurrazaletik agerian geratu zen; erosioak material bigunak jan eta horregatik dugu paisaia ikusgarri hau. Eta, granito hori egiten joan zen heinean, inguruan ere presioak sortu eta barruko ur gatzatuak (gatz mineralak) igo ziren. Gatz mineral horiek solidotuta sortu ziren zainak. Eta zain horiek Beran daude, Irunen, bai eta Arditurrin ere».

Gune horiek osatzen duten uztai horretan burdina, kobrea, zinka eta berun zilarduna egon zitezkeen. «Zilarrak beti errepidetik eta gudarosteak babestuta bidaiatzen zuen. Hortik, Tarragona eta Irun lotzen zituen errepidea, Mediterraneo eta Atlantiko itsasoen lotura lanak egiten zituena».