Alizia Iribarren eta Helios Del Santo
AEK-ko kideak
KOLABORAZIOA

Gu ere joanen gara Anaitasunara

Euskaltegien aldeko manifestazioak, Korrika bi urtean behin, itxialdiak, murrizketak salatzeko ekintzak, Hezkuntza Sailean kateatu, gose-grebak, besta giroko hamaika ekitaldi... Oso oparoa izan da helduen euskalduntzearen aitortzaren aldeko ibilbidea azken hamarkadetan: etengabea, gogorra. XXI. mendean gaude, 2015eko apirilean, baina oraindik ere Nafarroako Gobernuak ez du inolako harremanik Nafarroa osoan aritzen garen herri-ekimeneko euskaltegiokin, sustapenik ez, diru-laguntzarik ez. Plangintzarik ere ez duela gehitu behar genuen, baina kale eginen genuke. Ziurrenik, oso plangintza zehatza eta argia dute gobernukoek: IKA eta AEKren euskaltegiak ekonomikoki ito, sozialki baztertu eta gure desagerpena eragin, euskararen normalizazioari, beste behin, kontrako norabidea hartzera behartuta.

Hala eta guztiz ere, inor baino aberatsagoak gara. Gure kontu korronteak hutsik daude, baina zoriontsu baino zoriontsuago bizi gara ongi egindako lanak sekulako poza ematen baitigu. Inor baino harroago sentitzen gara gaur egun Nafarroan euskal hiztun asko eta asko euskaltegietan bizi-esperientzia gurekin konpartitu duten pertsonak direlako. Gure zeregina hauxe da: herritar helduak euskalduntzea, euskalduna izan nahi duenari gure laguntza ematea. Gainera, uste osoa daukagu hizkuntzaren esparru guztiak euskaraz behar ditugula; zer esanik ez, helduona. Hori da gure erronka eta ahalegina. Nafarroa osoko 75 auzo eta herritan eskaintzen ari gara zerbitzua, eta urtero mila helduk baino gehiagok egiten dituzte euskaraz bizitzeko urratsak.

Beraz, une historiko hau aprobetxatu behar dugu. Euskararen normalizazioa gauzatzea ahalbidetuko duen aldaketa ezagutu nahi dugu:

1. Belaunaldi berriak euskaldunduko dituen hezkuntza sistema abian jarri.

2. Helduen euskalduntzeari izaera estrategikoa aitortu, euskaltegien aldeko sustapena eta planifikazioa eginda. Era berean, euskara doan ikasteko herritarren aukera bermatu behar da.

3. Espazioei prestigioa eman eta euskaldundu egin behar ditugu: euskara errotulaziotik eta errealitatetik desager dadin aurrera eramaten duten politika zitala gainditu, eta Nafarroako hizkuntzari merezi duen tokia eman. Ezinbestekoa da helduen eremuak euskalduntzeko politikak finkatzea: hedabideak, helduen aisialdia, lan mundua, arlo sozioekonomikoa, kultura, eta abar.

Guztiok hunkitu gaituen Korrikaren lekukoa amaierara iritsi zen, eta Lorea Agirreren ahotik ezagutu genuen barnean zeraman mezua. Euskara ikasi duten helduek, banan-banan, erakutsi diguten bezala, kontua ekitea da, euskara ikastea hautatu eta plazan sartzea, lekua hartzea. Inoren zain egon gabe, euskara ikastea herritarren ahalduntzerik esanguratsuenetakoa da. Eskua altxatu eta hitza hartu.

Beraz, aldaketak aintzat hartu behar du euskararen plaza, eta, horrekin batera, gure inguruko euskaltzale erdaldunak ahalduntzera animatu behar ditugu, azken hamarkadetan milaka herritarrek egindako bideari jarraiki. Zer egin dezakegu gure ingurukoak plazan sar daitezen? Pentsa dezagun horretan...

Aldaketa-garaia da. Ziklo ilun bat itxi, eta ordua da euskaraz bizitzeko eskubidea errealitate bihurtzeko bultzada handia emateko. Euskara plaza publikoan jokatzen da, menpeko izateari utzita. Nafarroako demokrazia demokratizatzeko balio behar du euskarak. Gu ere Anaitasuna Kiroldegian izanen gara apirilaren 25ean.