GARA
ELIZONDO

Udalbiltzak Pirinioen aldeko lanaren emaitza onak nabarmendu ditu

Duela hiru urte martxan jarri zenetik, 46 proiektu lagundu ditu diruz Udalbiltzaren «Pirinioetan lan eta bizi» programak. Aurten, 27 egitasmo bultzatuko ditu, tartean Irati irratia eta Maulen haurtzaindegia sortzea. Diploma emateko ekitaldia egin zuten atzo Elizondon.

«Pirinioak bizirik daude eta bertako herritarrak ere bai. Eta erakundeon laguntza duzue horretan», adierazi zuen Mertxe Aizpurua Udalbiltzako eta Euskal Herriko Garapen eta Kohesio Fondoko lehendakariak, erakunde nazionalak babestuko dituen proiektuen ordezkariei eskua luzatuz. Baztango Herriko Etxean, Garbiñe Elizegi alkatearekin batera, diplomak banatu zizkien 27 egitasmoren bultzatzaileei, nafar Gobernuak atzentzen dituen eskualde horien alde apustua egiten jarraitzeko indarra emateko.

4.000, 5.000 edo 6.000 euroko diru-laguntza jasoko du aukeratutako enpresa eta gizarte ekimen bakoitzak, hiru deialdiren barrenean, Elgarrekin, Garapen Soziala eta Kohesio Fondoa.

Elgarrekin atalean, Belaguako aterpea berritzea, Oarso-Bidasoan Elikadura Burujabetza egitasmoa, MTB mendiko bizikleta eta ibilbideak Kintoan eta I-Ener herritarren energia egitasmoa lagunduko dituzte. Garapen Sozialean, bestalde, Eman-Har proiektua, Irati Irratia, Pirinioetako antzinako galtzada berreskuratzea eta Izuran Donejakue biderako azpiegiturak egitea.

Gainerakoak Eragin deialdian hautatu dituzte. Aunitz dira eta batzuk aipatzeagatik Maulen sortu nahi duten haurtzaindegia, Baztango babarruna era ekologikoan landatu, ekoitzi eta merkaturatzea, Iratiko eskola, Beintza-Labaien eta Arantzako aterpetxeen eskaintzari eusteko Euskaraz Blai udalekuak eta Erronkariko enaren ibilbidea berreskuratzeko lana ekarriko ditugu albiste honetara.

46 egitasmo hiru urtetan

Iaz, bertze 19 egitasmo lagundu zituen Udalbiltzak. Guztira, beraz, 46 dira hiru urtetan sostengatutako proiektuak. Diru ekarpenari dagokionez, inbertsioa 230.000 eurokoa izan da. Programaren balorazioa baikorra da, Aizpuruak azpimarratu zuenez. «Harrotasunez esango dut egitasmo ugari bultzatu ditugula urrats garrantzitsua eginez. Bide onetik goazela esan behar dut», baieztatu zuen.

Euskal Herrian behar handienean diren eskualdeei sostengua emateko Udalbiltzaren konpromisoa berretsi zuen, bertako erakunde, eragile sozial eta herritarrekin batera lan eginez.

«Aterabidea etorkizunari begira lan egitea da, geure baliabideak ekintzailetasunaren mesedetan jarrita Pirinioen garapena bultzatzea. Bertan lan eta bizi ahal izateko baliabideak sortzen eta indartzen laguntzea», agertu zuen. «Aurten, 27 dira lagundu ditugun proiektuak. Hemen zaudete asko. Ekimen enpresarial eta sozialak zarete denak. Eta ziur gaude Pirinioen garapenean zeregin garrantzitsua duzuela. Horregatik gure diru-laguntza eta, noski, babesa».

Ekitaldian ondoan izan zuen Mertxe Aizpuruak Garbiñe Elizegi Baztango alkatea. Honek bailara hauen egoera zaila oroitu zuen: zerbitzu eskasia, industria sare apala, langabezia... Ondorioz, gazteek hiri guneetara jotzen dutela eta populazioa zahartzen doala azaldu zuen. «Ibarren etorkizuna dago jokoan». Nafarroako Gobernuak ez duela lurralde osoaren garapen orekatuaren alde egiten salatu, eta herritarrak haranen alde lanean segitzera animatu zituen, Baztango Udala lagun.