G. M. ZUBIARRAIN
irun

Kultura ekologikoa zabaltzeko, doakoa izango da Bioterraren aurtengo edizioa

Ekainaren 5etik 7ra hartuko du Ficobak produktu ekologikoei, bioeraikuntzari, energia berriztagarriei eta kontsumo arduratsuari buruzko azokaren XII. edizioa. Doakoa izango da aurten lehen aldiz.

Berrikuntza hori jakinarazi zuten atzo antolatzaileek Ficoban, aurtengo edizioaren xehetasunak eman zituzten agerraldian. Kontsumo arduratsu eta iraunkorrak ohikoan erakartzen ez duen publikoa bertaratzea lortu nahi dute horrekin. Bestalde, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan nekazaritza ekologikoak 2014. urtean izan duen bilakaera jakinarazi zuen Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluak. 2013aren aldean, %12 hazi dira eredu honetan ari diren operadoreak.

Satish Kumar

XII. edizioan parte hartuko duten hizlarien artean, Satish Kumar aktibistarena baieztatu zuten antolatzaileek. Indiarra jatorriz baina Britainia Handian bizi den Kumar “Resourgence & Ecologist” aldizkariaren editorea da. Hainbat liburu idatzi ditu, betiere eztabaida politiko eta sozial guztietan naturak lehentasuna izan behar duela irmo defendatzen.

Ghandiren hilobiaren eta J. F. Kennedy estatubatuar presidentearenaren arteko 12.000 kilometroak oinez egindakoa da bakearen alde. Norgehiagoka nuklear betean, Paris, Londres, Washington eta Moskuko liderrak «bakearen tea» hartzera ere gonbidatu zituen.