Maider IANTZI
IRUÑEA
ETXERAT

Duintasunez eta maitasunez dispertsioaren amaiera marrazten

500 lagunetik goiti bildu ziren atzo Etxeraten XIV. Nazio Batzarrean, elkarri berotasuna eta maitasuna emanez, bidean aitzinera indarturik egiteko. «Dispertsioa eta eskubideen urraketen amaiera eskatu baino, amaiera emango diegu», adierazi zuten irmo. Iruñeko bilgunea «ezohikoa» izan zen, 2015. urtea ez delako erraza izan orain arte.

Iruña Park hoteleko areto zabala mahai borobilez betetzen hasi zirenean, ezkontza baten itxura hartu zuen bilkurak, 500 gonbidatu baino gehiagoko ezkontza handi batena. Arrazoi hagitz desberdin batek elkartu zuen hango eta hemengo hainbertze jende ezberdin, euskal preso politikoen senide eta lagun izaerak, horrek dakarkien sufrimenduak eta, bereziki, sufrimendu horri behingoz amaiera eman beharrak, duintasuna, elkartasuna eta maitasuna ezkonduz.

Duintasuna izan zen familiako eta lagunen ahotan gehien errepikatu zen hitzetako bat. Egoerak zailak izanda ere, mezu baikor batekin gelditu nahi dute, senideen ezaugarri nagusia duintasuna delako eta tresnarik eraginkorrena, elkartasuna. Hitzetatik ekintzetara igarotzeko unea dela deritzote, arduradun politikoek dispertsioa bukatu dezaten.

Unerik hunkigarriena dispertsioaren ondorioz egin beharreko kilometroetan bizia galdu duten hamasei pertsonak eta horien familiak omendu zituztenekoa izan zen. Txalo zaparrada artean igo ziren horiek oholtzara, errepidean galdutako maiteen irudien ondora. Aurreskua eta lore sorta bana jaso zuten, Maria Rivero abeslariaren eta Mikel Goikuria piano-jotzai-learen doinu goxoekin batera.

«Mila esker gure bihotzen taupada entzuteagatik, mila esker gure garrasia aditzeagatik», erran zuten esker onez. Salaketa bat ere egin zuten, alderdi jakin batzuk seinalatuz, «ez dutelako inongo interesik gatazka konpontzeko».

Ekitaldian ez zituzten ahantzi gaixotasun larriak izan arren kartzelan segitzen duten lagunak, Ibon Iparragirre, Aitzol Gogorza, Ibon Fernandez Iradi eta Txus Martin, kasu. «Lehenbailehen gurekin behar ditugu», aldarrikatu zuten.

Arriskuaren atea itxi

Maider Alustizak euskaraz, Urtzi Errazkinek gaztelaniaz eta Muriel Lucartisek frantsesez azaldu zutenez, arnasgune garrantzitsua da Etxerateko kideentzat batzar hau. «Bidaia luze bati ekiteko kotxeko atea zabaltzeko unean indarra ematen diguna. Baina, era berean, bizitza arriskuan jartzera garamatzan ate hori berriz ez zabaltzeko unetik gero eta gertuago kokatzen gaituena». Zentzu horretan, aurtengo bilgunea ezohikoa dela agertu zuten, bai senideen parte-hartzearen aldetik, baita eragile ugarik erakutsi dieten babesaren aldetik ere.

Ezohikotasun horrek badu bere zergatia: 2015a ez da urte erraza izan Etxeratentzat oraingoz. Dispertsioaren alorrean, hilabeteko istripu bana izan dute apirila bitartean. Iaz, hamar izan ziren. Halere, badakite istripu bakoitzak ez duela bere benetako errealitatea adierazten. Ezbehar bakoitzaren ondorioak senide edo lagun batengana baino gehiagorengana zabaltzen direlako. Kasu aunitzetan ez delako izan istripu bat, istripua izan duten hainbat pertsona baizik. «Historiak ezingo du ezbaian jarri gure sufrimenduaren aitortza».

Giza eskubide kontua

Sakabanaketaren bukaeraren hasiera marrazten ari direla baieztatu zuten. Esplikatu zutenez, bakoitzak arrazoi bat baino gehiago ditu dispertsio ankerrarekin bukatzeko, baina bi hitzetan laburbiltzen dira guztiak: giza eskubideak. Hor kokatzen da Etxeraten lana eta, ziurtatu zutenez, ez dira ahalegin horretan nekatuko. «Ezin dute elkartasunaren suaren inguruan biltzea eragotzi, Etxerat piztuta daramagulako gure barnean».

Hala darama, adibidez, Helias Miner Villanueva hernaniarrak. Imanol anaia du preso 2002tik, Granadan. «Aste honetan izan dugu bis a bisa. Gertatzen zaiena da krisiarekin janaria txartu eta gutxitu zaiela. Gero, betiko salbuespenezko neurriak daude, bisitetan, eskutitzetan edo medikua sartu behar denean», kontatu dio GARAri Heliasek.

Joxemari Olarrak duela bost hilabete utzi zuen gibelean kartzela, bosgarren aldiz. Azkenekoan zazpi urte eta erdi eman ditu, baina denera zenbat eman dituen ez du zenbatu nahi. «Ez nintzen geldirik egoteko jaio eta atera eta segituan hasi nintzen lanean eta militatzen». Berarentzat, Etxeraten batzarra duintasun leku bat da eta gogorrena «senideak sufritzen ikustea» da. Olarrarekin batera ikus zitezkeen aspaldi biltzarrera etorri gabeko aurpegi gehiago, Xabier Alegria eta Pablo Gorostiaga adibidez, aurten libre gelditutakoak biak.

Ramon Barea Poitiersen preso dagoen Montxoren aitarentzat, etxea bezalakoa da elkartea. Bertan sufrimendua partekatzen dutela azaldu zuen, baina beti irribarre batekin [horren adibide, biltzarra eta geroko bazkaria eta dantzaldia], eta minak min, ezingo dietela inoiz duintasuna kendu baieztatu zuen.

 

Euskal eragileen konpromisoa, eta leiho bat zabalik Bruselan

Biltzarraren bertze zutabe bat euskal eragile ugarik emandako atxikimendua izan zen, herri mugimenduko, giza eskubideen arloko eta kulturako ordezkarietatik hasi eta sindikatu, alderdi politiko eta gazte antolamenduetaraino.

Babes hori momentu zehatz batean dator. Maider Alustiza Etxerateko bozeramaileak azaldu zuenez, presoen bi funtsezko oinarri deuseztatu nahi izan dituzte, defentsa juridikoa eta osasungintza. Eta, azkenean, «elkartasun uholdea geldiaraztea ezinezkoa denez, zutabe nagusia, elkartea, zuzenean kolpatzea beste erremediorik ez dute izan. Horrek bide egokian ari garela erakutsi baino ez digu egiten. Luzatu nahi duten sufrimenduaren soka moztera goazelako».

Eragile zerrenda luzearen izenean, bi lagunek hartu zuten hitza ekitaldian idatzi bat irakurtzeko. Hor azpimarratzen da errepresaliatu zein horien senideen eskubideen alde lan egitea ez dela delitua, erabat beharrezko lana baizik eta, beraz, onartezina dela horien kontrako edozein eraso». Gainera, sistematikoki eta modu orokorrean aplikatzen den dispertsioa eskubide urraketen markoa dela azaltzen da. «Honek zigor gehitu bat eragiten die preso zein senide hauei, erabat bidegabea den sufrimendua soilik eraginez».

Eragilen iritziz, sufrimendu hau amaitzeko, urgentziaz, dispertsio politika bukatu behar da eta horretarako ezinbestekoa da jendartea osatzen dugun norbanako, eragile, instituzio eta elkarte guztien inplikazioa.

Urraketa horiei guztiei amaiera emateko bidean, elkartasuna, konpromisoa eta babesa adierazi zion herriko hainbat ordezkarik Etxerati: «Gurekin kontatu dispertsioarekin behingoz bukatzeko eta guztien eskubideen errespetua lortzeko».

Testuaren sinatzaileen artean daude, batzuk aipatzeagatik, Euskal Herriko Bilgune Feminista, Giza Eskubideen Defentsaren Aldeko Komitea Euskal Herrian (Comité pour la Défense des Droits de l’Homme en Pays Basque), Ikasle Abertzaleak, Espetxeen Nazioarteko Behatokia (Observatoire International des Prisons) eta Behatokia; kultur arloko norbanako batzuk, Xabier Mendiguren Elizegi, Uxue Alberdi eta Mikel Taberna kasu; LAB, ELA, Hiru eta EHNE sindikatuak; EH Bildu, CUP eta NPA Pays Basque (Langileen Alderdi Berria); eta gazte mugimenduko Ernai, Aitzina eta Gazte Abertzaleak.

Euskal eragileekin egindako lanaz gain, Europako Parlamentuan bere egia erakusteko eta zabaltzeko parlamentariekin egindako harremanak nabarmendu zituen Etxeratek. «Gure leihoa mundura zabaltzeko ahaleginak dira, eta ez dira bakarrak izango», adierazi zuen Alustizak. Lehen oinarriak jarri dituzte eta lanean ari dira etorkizunean ekimen zehatzak aurkezteko.M. I.