Zigor Etxeburua
Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara zuzendaria
KOLABORAZIOA

Nola bete hizkuntza legea, lege hizkuntzan galdu gabe?

Hizkuntza legearen gaia zergatik den estrategikoa Gipuzkoako Foru Aldundiarentzat argitzen saiatuko naiz idazki honetan:

1. Herri erakundea garenez, legea lanerako tresna da guretzat. Legeek gidatzen dute egin behar duguna eta egin dezakeguna. Betekizuna da. Ezin dugu egin ez baleude bezala.

Euskararen normalizazioak legeak eta arauak behar ditu, gure hizkuntza bere onera etor dadin. Lege babesarekin ere ez du ziurra berreskurapena, lege babesik gabe, ezinezkoa.

Edonola, euskararen mesedetan erabaki ditugun legeak edo arauak paper huts bilakatzen dira, sarriegi. Ez dira ezagutzen, edo ezagutu arren ez dira betetzen, eta okerragoa dena, ezagututa ere muzin egiten zaie.

Gure legealdiaren hasieran argi adierazi genuen lehen urratsa izango zela aztertzea Aldundiak orduan zuen hizkuntza araudia. Edukiz euskararen erabilera bizkortzeko baliagarria zela ikusi genuen, ez zegoela euskararen erabilera oztopatzen zuen neurririk.

Baina, zuzendaritzako lankideek jakinarazi ziguten bezala, ezarpena dezente hobetu behar zen. Horrela, euskararen erabilera arautzen zuen dekretuaren zenbait neurri gako bete zitezen, diputatuekin eta zuzendariekin, departamentuetako eta zerbitzuetako buruekin batzartu ginen, neurri horiek ezagutarazi eta bete behar direla jakinarazteko berriei, eta gogorarazteko erakundeko langileei neurriak betetzea ez dela hautazkoa.

Arauak edo plangintzak betetzen diren ala ez, edo zenbatean betetzen diren, oso garrantzitsua da edozein erakundetan, eta herri erakundeen kasuan gehiago, herritarroi zerbitzua emateko baikaude. Horretarako, funtsezkoa da ebaluaziorako tresna egokiak izatea. Esparru horretan, ordea, baliabide gehiago eta hobeak behar ditugu, barne ebaluazioez gain, kanpo ebaluazioak hobetu behar ditugu, gardentasunari eta herritarren parte hartzeari bide eginez.

Azken finean, euskararen mesedetan adostu eta erabaki ditugun legeak eta arauak ezartzen ez baditugu, ez dugu euskara normalizatuko.

2. Legeek ere zehazten digute egin ezin duguna.

Mugak baditugu, bereziki eskumenei lotutakoak. Kontratazio publikoetarako hizkuntza irizpideak adostu eta ezarri ditugu Gipuzkoako herri erakundeok, funtsezko neurria baita euskaraz lan egiteko eta hirugarrenen bidez ematen ditugun zerbitzuak euskaraz eskaintzeko herritarrei. Baina Estatuko ordezkariak epaitegietan salatu gaitu, ez dela gure eskumena aitzakia hartuta.

Beste batzuetan, legeen interpretazioak izaten dira oztopo. Idatzita dagoena ez dela berdin ulertzen, edo ez dela euskararen mesedetan ulertu nahi. Kasurako, euskaraz idazten diren udal aktena dago. Euskara hizkuntza ofiziala izan arren, bera bakarrik aski ez eta gaztelania alboan behar duela diosku Espainiako Estatuak.

Egunotan ere ezagutu dugu Estatuaren ordezkariak Aldundiaren beste neurri baten aurka kaleratu duen iritzia, Gipuzkoako Foru Aldundiak eskatu baitie langileei barne sustapeneko azterketa baten zati bat euskaraz egitea, euskaraz gaituta daudelako. Ikusteko dago iritzi hutsean geratuko den.

Zenbaitetan, ustez euskararen erabileraren aldekoa den 1982ko adostasun politiko-instituzionala pitzatu egiten da, eta euskararekin bizkorregi goazela dioten mezuak gizarteratu izan dira (Bengoa, Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu 2009-2012 artean) edota langile publikoei euskara eskatzea gehiegikeria bat dela zabaltzen dute (Andoni Unzalu, PSE).

Azken batean, susmoa eragiten dute jarrera horiek, ustez euskararen erabileraren aldekoa den adostasun politiko-instituzionala ez ote den, benetan, iruzurra besterik, edo gaur egun esaten den bezala, «postureoa».

3. Legeak berritu behar dira, eguneratu. Baita gainditu ere.

Gizartearen aldaketarekin batera eguneratu behar dira legeak. Orain dela 32 urteko EAEko euskararen legea zaharkituta dago. Izan zitekeen garai hartarako, bego, baina ez gaur egunerako; mugatua da. Legea onartu zen egun berean jaiotako edozein gaztek argiki ziurta dezake hori Unibertsitatera, Osakidetzara edota zinemara doan aldiro.

Puska dezagun buru gainean dugun beirazko sabai hori, eguneratu ditzagun euskararen legeak eta arauak egungo beharretara.

Kontua da, nahita ere, euskaldunok ez dugula geure legeak erabakitzeko eta ezartzeko askatasun osorik; zikiratuta gauzkate Espainiak eta Frantziak. Geure burua gobernatzeko ahalmena geure eskuetan behar dugu, inoren fiskalizaziorik (eta nahita diot hori) edota mugarik gabe.

Egin dezagun geure bidea. Izan gaitezen nor.