GARA
ZESTOA

Euskararen Jatorriaren 10. Biltzarra egingo da larunbatean Zestoan

Indoeuropeismoaren teoriarekin batera, euskoeuropeismoaren teoria ere osatu nahi dute datorren larunbatean Zestoan egingo den Euskararen Jatorriaren 10. Biltzarrean. Arrazoi askorengatik (hedapena, etimologia, toponimia...) indoeuropartzat hartzen diren erro batzuk euskarazkoak izan daitezkeen ala ez eztabaidatuko da larunbateko hitzorduan.

Erro horiek ikuspegi anitzetatik ikertu dituzten eta zenbait lan argitaratu dituzten hizlariak arituko dira gonbidatu gisa Zestoan: Eñaut Etxamendi, Mikel Urkola, Felix Zubiaga, Jabier Goitia eta Jon Nikolasek beren ekarpena egingo dute goizeko saioan zehar.

Arratsaldean, berriz, Ekain kobako erreplika bisitatuko dute eta Oteizari buruzko ikuskizun bat izango da “Nociones para una filologia para nuestro Preindoeuropeo” lanaren argitalpenaren 20. urteurrenaren karietara. Horren ondoren, Antonio Arnaiz Villena, Luis Azkona, Nerea Rementeria eta Miguel Thomsonen hitzaldiak.

Egitaraua goizeko 09.30ean abiatu eta arratsaldeko 20.00etara arte iraungo du. Tartean bazkaltzeko geldialdia egingo dute. Izen emateak 45 euroko prezioa du, bazkaria, kobaren erreplikarako bisita eta gidaliburua barne.