GARA
BILBO

Precicast Bilbao-k 200 lanpostu sortu nahi ditu Sestaoko lantegi berrian

Gaur egun Barakaldon egoitza duen enpresa bizkaitarrak (%80 ITPrena da) 20 milioi euroko inbertsioa egingo du Sestaoko lantegi berrian, eta 2021. urtera artean 200 lanpostu zuzen sortzea du helburu.

Precicast Bilbaok (PCB), gaur egun Barakaldon dituen instalazioez gain, ekoizpen fabrika bat eraikiko du Sestaon eta 2021. urtera artean 200 lanpostu zuzen sortzeko helburua du. Hori gauzatu ahal izateko 20 milioi euroko inbertsioa egingo du enpresak datozen zazpi urteetan.

10.000 metro koadroko azalera izango duen lantegi hori Sestao Bai elkartearen lur eremuan eraikiko dutela aurreikusi dute; hau da, Sestaoko Udalaren eta Bizkaiko Aldundiaren lurretan. Goi mailako teknologiarekin eta berrikuntzarekin lotutako lantegia izango da Sestaokoa. Bertan 200 lanpostu sortzeko helburua dute 2015-2021 bitarteko planari esker, eta kontratazioak datozen hilabeteetan hasiko direla jakinarazi zuen enpresak.

PCB (%80 ITP Industria de Turbo Propulsores-ena da eta gainerako %20a Precicast Suizarena) 1999an sortu zen Barakaldon eta gaur egun 250 langile ditu. Hegazkingintza sektorean egiten du lan, batez ere. Zehazki, hegazkinen motorren turbinetarako aleazioak egiten dituzte. Hala, fabrika berrian aeronautika merkaturako piezak egingo dituzte, eta Boing eta Airbusekin arituko dira lanean. Gainera, Rolls Roycerekin, Siemensekin eta Alstonekin ere negozioak martxan jartzea espero dute.

Arduradunek atzo bertan jakitera eman zutenez, PCBren hazkunde planak hegazkingintza sektorean ikusten diren «perspektiba onekin du zerikusia».

Alstom, Ortuellan

Bestalde, Alstom enpresak Ortuellako egoitza berria eraikitzeko lanei ekin die jada. Meatzaritza jarduerak ABBri saldu zizkion Alstomek 2013an, eta gaur egun duen Trapagarango egoitza ere ABBri transferitzea adostu zuten orduan.

Lantegi berria 2015 amaieran inauguratzea aurreikusten dute. Guztira 12 milioi euro bideratuko dituzte lan horietara. Ortuellako egoitza 10.000 metro koadroko partzela batean eraikiko dute, eta 6.300 metro koadroko eraikina izango du: 5.000 metro koadro, industria-jardueretarako, eta beste 1.300, bulegoetarako. Alstom taldeak bederatzi zentro ditu. Potentzia txiki eta ertaineko sorgailuak egiten ditu, eta produkzioaren gehiengoa (%80) atzerrian saltzen dute (batez ere, Latinoamerikan, Asian eta Europan).