Amaia U. LASAGABASTER

ZAILTASUNEI AURRE EGITEAN BERE NORTASUNA AURKITU DUEN TALDEA

Eibarren Lehen Mailako estreinako denboraldiaren amaierak «thriller» usaina hartu du. Datozen hiru partidetan dinamika txarra amaitu eta garaipenak ospatzera behartuta dago taldea, azken urteotako bide arrakastatsuari eutsi nahi badio. Horretan ez da hasiberria izango.

Nobela arrosa baten usain goxoarekin hasi zen denboraldiak, gidoi-bira bat egin eta «thriller» baten antza hartu du. Aurreko urteotako bide arrakastatsuari eutsi nahi badio, bere onena eman beharko du Eibarrek azken hiru jardunaldietan, dinamika txarrarekin amaitu eta garaipenak berriro ospatzeko.

Azken asteotan gertatu dena eta jokalarien adorea zenbat gradu jaitsi den ikusita, erronka egundokotzat har daiteke. Baina gorri-urdinak gai badira Eibar aurten 75. urtemuga ospatzera ekarri duen ibilbidearen aztarnak topatzeko, bide erdia eginda izango dute. Zailtasunei aurre egitean aurkitu baitu talde honek bere nortasuna.

Horrela ibili da bulegoetan historikoki, estutasunak saihestuz, gainerakoek dirua –edo, behintzat, promesak– ipintzen dutenean, zintzotasunaren txartela aurkeztuz. Gauza bera gertatu ohi da joko zelaian, izen handiei kemena kontrajarriz. «Horrek ere indarra ematen dizu, pobrearen estimuak –azpimarratzen du Igor Arenazak–. Hainbeste diru eta ospe daukaten taldeen aurka lau boronok, ahalegin eta lanarekin, egin dezaketena erakustea», dio barrez.

Aretxabaletarra bera Eibar egun bizitzen ari denaren antzeko egoera baten protagonista izan zen. Antzekoa, baina ez berdina. 98/99 sasoian, 36 jardunalditan jaitsiera postuetan egon ondoren, azken txanpan lortu zuten mantentzea, bost garaipen jarraian lortuz. Aurretik ere –89/90 denboraldian– antzeko miraria bideratu zuen Alfonso Barasoainek: abenduan heldu aulkira eta sei hilabeteren buruan taldea Bigarren A mailan utzi zuen. Azken partida haren (Eibar-Toledo) golegileek, Goio Soria, Lutxo Iturrino eta Igor Arenaza, datozen asteetan Ipuruak antzeko poza bizi ahal izatea espero dute.

«Egoera desberdina da –onartzen du Arenazak–. Gure kasuan, heldu zen une bat presioa galdu genuena, mailari eustea ezinezkoa zela ikusi genuelako. Gure asmo bakarra, hortik aurrera, gure onena eman eta, gutxienez, urtea duintasunez amaitzea zen. Baina lasaitasun horrekin gauzak hobeto irteten hasi eta bizirik iritsi ginen azken partidara». Buruaren garrantzia nabarmendu du Goiok ere. «Eibarrek egun abantaila argia dauka. Jaitsieratik kanpo dago eta, aurkari guztien egutegiak ikusita, sei puntu, eta beharbada, lau lortuta ere eginda dauka. Baina, era berean, behetik gora etortzeak, guri gertatu zitzaigun bezala, sekulako indarra ematen dizu. Eta orain, alderantzizko dinamikan dago». Horregatik, Iturrinok ere hauxe nabarmendu du: «Garrantzitsuena burua garbitzea da. Aste honek sekulako garrantzia du. Ahaztu behar dute orain arte gertatu dena, akatsak, porrotak... den-dena. Espanyolen kontra hutsetik hasi, burua garbi-garbia, final bat izango balitz bezala. Urte hartan gertatu zitzaigun bezala, azken-aurreko jardunaldian Albaceten irabazteak sekulako bultzakada eman baitzigun, partida hau ere erabatekoa izan daitekeela uste dut. Onerako, zorionez, galtzen badu ere aukerak izango baititu. Baina irabaziz gero, ziur nago helburuak ez diola ihes egingo».

Esperientzian oinarritutako mezu horiek, egungo aldagelan ere badaude. Izan ere, 98/99 denboraldi hartan lehen aldiz jantzi baitzuen Gaizka Garitanok kamiseta gorri-urdina. «Eibarrek beti izan du sufritzeko gaitasun hori –azaldu du Arenazak–. Talde moduan, klub moduan, herri moduan... Eta hortik irteten da bere indarra, egoera zailei aurre egiteko gaitasuna. Gaizkak hori zuzenean bizi izan du, oso presente izango du. Taldeari transmititzen badio, ez dago arazorik. Eta ziur nago transmitituko diola, badakidalako emozionalki oso lan ona egiten duela». Bat egiten du Iturrinok. «Horrelako esperientziak oso ondo etortzen dira. Hala ere, nik uste dut Gaizkak egin beharrekoa egin duela, sekulako lana egin du aulkira heldu zenetik. Azken partida hauetan jokalariek erantzukizuna hartu eta beren onena eman behar dute, azken hatseraino ahalegindu behar dira». Goiok ondo ezagutzen du Garitano eta berak ere ez dauka zalantzarik. «Asko daki, beti ikasteko grina izan duelako. Eta esperientzia horretatik ere ikasi zuen. Denboraldi hura bizi izan genuenok inork baino hobeto dakigu zailena lortzea ere posible dela. Oraindik ere kostatzen zait ulertzea nola lortu genuen!», esan du barrez.

Une magiko hura bizi zutelako, edo, Iturrinok azpimarratzen duen bezala, «talde honek oso ondo jokatzeko gai dela erakutsi duelako, baita galdu duen hainbat partidatan ere», hirurak agertzen dira baikor talde armaginaren etorkizunaz hitz egitean. Familia gorri-urdinaren memorian irudi berriak grabatuko direlakoan daude. «Eta horrelako uneetan bizitzen dituzunak ahaztezinak dira –adierazi du Arenazak–. Neuk, behintzat, oso gogoan daukat Toledoren aurkako golaren ospakizuna. Hirugarrena zen, mutikotxo batek harmailetatik salto egin eta besoetara etorri zitzaidan. Eta hala gelditu ginen, bera taldekideei begira, ospatzera baitzetozen, eta neu harmailara begira, zaleak ospatzera zetozela. Alde bien arteko ezinbesteko batasun hori irudikatuz. Ez dut inoiz ahaztuko eta aurten ere Ipuruak halako zerbait bizitzea espero dut».