Ariane KAMIO
DONOSTIA
Elkarrizketa
HARKAITZ BASTARRIKA
TIKTARA TALDEKO AHOTSA

«Heriotzatik atzerako begirada bat egin dugu, esperientziatik»

Zarautzen bost urte atzerago sortu zen Tiktara taldea. Egarriz, kideen estilo eta jatorri desberdinetatik edaten du. Gosez, denborari egiten dio kosk, aurrera eta atzera doan denborari. «Sorrera» izan zen lehen lana, «Hariak» dute bigarrena. Hegoaldeko musikaz hornitu dute disko berria.

Izenetik hasita, denbora joko bat planteatzen duzue.

Bai, batetik bestera da «tik-tara». Atera ditugun bi diskoek hari hori izan dute, denboraren haria. Lehenengo diskoan, “Sorrera”-n, edozein gauzaren sorreratik heriotzara arteko bidea egin genuen. Orain, heriotza horretatik, zerbait bukatzen denetik, atzera begirada bat egin dugu “Hariak”-en, baina esperientziatik. Nahi genuen letrek zentzu bat edukitzea beraien artean. Idazle batzuek parte hartu dute gure proiektuan eta, segida bat izan zezan denak, denbora eta leku batean jarri ditugu beraien ideiak garatzeko.

Zeintzuk dira idazle horiek?

Mikel Antza, Julen Zulaika eta Imanol Epelde.

Mikel Antza espetxetik…

Bai, kuriosoa izan da hori. Telefonoz hitz egin izan dut berarekin etxera deitu duenean, senide baten anaia delako, baina kartzelan musika sartzea ezinezkoa izan zaigu. Espetxean soilik CD amaituak sar daitezke, plastiko eta guzti, bestela ez dute baimenik ematen. Lanak egiten joan zedin, gutunak idazten nizkion eta gaiak planteatu. Abestiak izango zituen silabak idazten nizkion gutxi gorabehera. Bereak dira “Sikarioen balada”, “Hariaren mataza” eta “Zoriontsu eta askea” kantuko letrak.

Idazle bakoitza momentu zehatz batean; zeintzuk dira gaiak?

Disko honetan “Jaiotza” kantua Julen Zulaikari planteatu genion. Gaua motza egin zaion pertsona batek itsasoari begira sentitzen duena irudikatu zuen. Guk gaia jarri dugu, baina bakoitzak bere erara moldatu du. “Sikarioen balada”-n, esate baterako, korporazioez, sikario gorbatadunez hitz egiten da. Cumbia kolonbiar bat da eta kritika hori egiten du Mikel Antzak. “Alaea” kantuan changui estilo kubatar zaharra baliatzen da, Kubara iritsi ziren afrikarren musika bertako musikekin nahasten hasi zenekoa. Esklabotza, basakeria… “Zoriontsu eta askea” da, bestetik, nork bere beldurrak gainditzeari buruzkoa.

Jatorri musikalaren aldetik nahas-mahasa da zuena.

Taldeko askok musikalki bide desberdinak egin ditugu. Denetatik jo izan dugu. Taldearentzat kantuak egiten hasi nintzenean 25 urteko ibilbidean jasotakoa bota dut abestietan. Iñigo Egia perkusioa jotzen Oskorrin eta Oreka TX-n, Mixel Ducau (saxoan); Errobitik imajinatu zenbat gauza egin dituen! Nire buruko zarata guztiak atera ditut eta denon artean egin ditugu konposizioak. Cumbia, salsa, funk-a, musika brasildarra, ipar Afrikako doinuak… dena hegoaldera begira.

Jazz puntu bat ere badu.

Bai, badu. Musikan hasi nintzenean jazz ikasketak abiatu nituen eta ja Bartzelonan flamenkoa, musika kubatarra, brasildarra egin nituen. Influentzia asko daude.

Garapenik ikusiko duzue, ezta?

Bai, noski. Musikalki eta soinu aldetik ere. Lehenengo diskoa gure lokalean grabatu genuen mikro zahar batzuekin eta soinua asko aldatzen da. Izan ditugun kolaboratzaileek ere ekarpen handia egin dute. Xabier Zeberio biolinean, Xabier Solano trikitiarekin, Aitor Diez kantuan… Asko eta asko izan dira. Konposizio aldetik ere moldatuago dago dena, nagusitu egin gara alde horretatik. Lehen talde oso gaztea zen eta orain aurrera goaz.

Hainbeste jende izanda, talde dinamika nolakoa da?

Sortzeko orduan nik egin ditut kantuak eta moldaketa asko estudioan bertan egin ditugu. Iñigo Egiak duen Oh Brother Studio-n grabatu ditugu kantuak eta nahasketak egin. Bertan sei hilabete egoteko aukera izan dugu. Normalki jendeak ezin du hori egin. Azkenean paperak dena aguantatzen du. Konposizioak egiten dituzu, baina martxan jartzen zarenean gauza batzuk ez doaz ondo, armonia batzuk edo erritmoak… Moldaketa asko momentuan egiteko aukera izan dugu. Hutsune bat ikusten bagenuen momentuan konposatzen genuen.

Estudioa entsegu gune bihurtu da.

Bai, hala da. Entseguak gero etorri dira. Guk ja elkarrekin jotzen genuen eta elkar ezagutzen dugu eta badakigu dinamika nolakoa den. Alde horretatik, ez da asko kostatu diskoari forma ematea. Bakoitzak bere etxean ikasi du ikasi beharrekoa eta gero estudiora eraman dugu. Entseguak gero egin ditugu, zuzenekoak prestatzeko.