Gotzon Elizburu
Kazetaria
JO PUNTUA

Berdinketaren «loop»-a

Bortizkeria irudiak ikusi ditugu aste honetan berriz ere. Ertzaintza erresistentzia pasiboaz hiru gazte defendatzen ari ziren herritarrak neurri gabe kolpatzen, patata zakuei ostikoka ari den astakirtena bezala. Bihoakie nire babesa eta elkartasuna guztiei, Bergoi eta Marinari besteak beste. Legearen eta justiziaren artean, bigarrena, bai horixe.

Aldiz, etsigarria iruditzen zait panorama garaipen sentsazioez bestalde. Enegarren herri harresia izan da, baina ezer gutxi aurreratu den sentsazio mikatza daukat. Aukera galduak izan direla nolabait.

Herri harresiak eta desobedientziak kausa ikusarazten du eta aurrerapauso galanta da hori. Duela bi urte gazte militanteen espetxeratzeak nabarmendu gabe pasatzen ziren. Agendan lehen lerroan daude orain auziok. Kontua da norena den agenda hori.

Bi urte pasatu dira Donostiako herri harresi ilusionagarri hartatik. Berriz ere loop batean sartuta gaude ordea. Ez aurrera eta ez atzera. Erresistentziaren zurrunbiloan sartuta berriz ere eta beste alor batzuetan gertatzen den gisan, Euskal Herrian bertan ados jarri eta estatuari herri gisa erantzun ezinda.

Eta hor dago aurrerapausoak emateko gakoa nire ustez. Argi dago, estatuari herri gisa eman beharreko erantzuna ez dagoela gure esku soilik, beste eragile batzuen inplikazioa behar dela eta ez hain justu Ertzaintza harresia egurtzera bidaltzeko. Baina ze zubi eraiki dira horretarako? Benetan ba al dago aukerarik? Konfrontazioa nortzuek eta noren aurka egin behar genuke?

Betiko galderak dira eta betiko loop-ean sartuta gaude gatazka desitxuratu honetan. Eragile bakoitzak bere posizioa hartu du bi urteotan. Nork behartuko du nor posizioa mugiaraztera?

Militanteen morala indartzeko eta txute bat hartzeko elementu dira herri harresiak baina hortik aurrera, epaiketa politikoak gainditzeko perspektiban, luze joan daitekeen berdinketa teknikoan gaudela esango nuke. Nahiago nuke oker banengo.