Nagore Belastegi
Kazetaria
IKUSMIRA

Beti geldituko zaie umorean aritzeko aukera

Lankide batek zioen sare sozialetan hauteskunde kanpainarekin amets egin duela eta igandea igarotzeko gogoa zuela. Ez da bakarra. Nekagarria da ikustea koloreen arteko borroka hori, non norberaren akatsak onartu beharrean ondokoarenak erakusten dituzten. Nekagarria da konturatzea nola M24ari zuzenduriko Eguneko Gaiko orrialdeetatik kanpoko albiste asko ere kanpaina egiteko balio izan zaien zenbait alderdiri.

Baina honelako garaietan Stockholmgo Sindrome pixka bat sortu ohi da. Hau da, gai baten inguruan egun luzez milaka buelta eman ostean, dena amaitu eta mozorroak erortzen direnean, azkenean gure tripek esaten zigutena egia zela ikusten dugunean, faltan hartzen dira gorabehera horiek guztiak. Eta orain zer? Nork eragingo dit barrea? Zeren onar dezagun, politikarien adierazpenak sentimendu asko pizteko gai direla, eta horiekin artean, barregura.

Sare sozialetan ere adibide asko aurkitu ditzakegu egun hauetan, baina nire gustukoena PP da. Rajoyk espainiarrak «mucho españoles» direla esanez mitina amaitu ostean, Madrilgo Callao plazan beste kide batek eskainitakoa ikusi dut. Ahotsean ez zitzaion berotasun handirik nabaritzen eta agian horregatik erakarri zituen «fueeera, fueeera» zioten garrasiak eta txistu hotsak eta bere alderdikoak uxatu.

Eta zer diozue Marotok egindako bideoari buruz? Atzerritarren kontrako eraso zuzena egin ostean, agertzen diren dantzarietako bat beltza da, Gasteizen dagoen aniztasunaren adibide gisa.

Hala ere, barregarriena da Melillan posta bidezko botoekin sortu zen istilua erakusten duen grabaketa. A ze txispa duten politikari hauek!